Kulunka konpainiaren 'Solitudes', Max sarietako antzerki lanik onena

  • Ertza talderentzat izan da kaleko ikuskizunik onenaren saria. Borja Ortiz de Gondrak irabazi du antzerkigilerik onenaren saria, Los Gondra-rekin


2018ko ekainaren 20an - 15:48
Kulunka konpainiako kideak, astelehenean, antzerki lanik onenaren saria jaso zutenean (argazkia: Lolo Vasco / SGAE).

Iaz bezala, aurten ere euskal dantza eta antzerki konpainiak protagonista izan dira Max sarien banaketan, eta astelehen gauean Sevillan (Andaluzia) egindako ekitaldian hainbat sari eskuratu zituzten. Hernaniko Kulunka taldeak bi sari eskuratu zituen Solitudes obrari esker, antzerki ikuskizunik onenaren saria eta ikuskizun eszenikorako musika konposiziorik onenarena; eta Ertza taldeak, bestalde, kaleko ikuskizunik onenaren saria eskuratu zuen.

Solitudes Kulunka konpainiaren bigarren obra da —aurretik André eta Dorine estreinatu zuen—, eta aurrenekoa bezala, hitzik gabe eta maskarak erabilita dago antzeztua. Umorea erabiliz, bakardadearen eta familiakideen arteko komunikazioaz egiten du gogoeta, gauza xumeak besterik nahi ez dituen aitona baten ikuspegitik. Iñaki Rikartek zuzendu du Rikartek berak, Jose Daultek, Garbiñe Insaustik, Edu Carcamok eta Rolando San Martinek idatzitako istorioa, eta Daultek, Insaustik eta Carcamok egin dituzte aktore lanak.

Antzerki ikuskizunik onenarenaz gain, ikuskizun eszenikorako musika konposiziorik onenarena ere jaso du konpainiak, Luis Miguel Cobo konpositoreak hain zuzen ere.

Kaleko ikuskizunik onenaren saria, berriz, Asier Zabaletak gidatzen duen Ertza konpainiarentzat izan da, Meeting Point obragatik. Lan horrek bi gazte brasildarren historia kontatzen du, zeinak haur zirela heldu ziren Euskal Herrira, eta han ezagutu zuten Ertza konpainia. Ez da obra hau saritzen duten aurreneko aldia, Leioako Umore Azokan ere kaleko ikuskizunik onena izendatu baitzuten joan den urtean.

Borja Ortiz de Gondrak (Bilbo, 1965), bestalde, antzerkigilerik onenaren saria eskuratu du Los Gondra antzezlanarekin. Madrilgo Valle Inclan antzokian ikusi ahal izan da lana azken hilabete honetan.

Daniel Abreu garaile

Gainerako sariei dagokienez, garaile garbi bat izan da Max sarietan. Daniel Abreu dantzari eta koreografo kanariarrak hiru sari jaso zituen astelehen gaueko ekitaldian, hirurak La desnudez lanagatik: gizonezko dantza interpreterik onena, dantza ikuskizunik onena eta koreografiarik onena.

Albiste hau Mikel Lizarraldek argitaratu du Berria-n eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arte eszenikoak
2024-05-30 | dantzan.eus
Emakumeak euskal dantzan: nondik gatoz eta nora goaz?

"Guri bizitza joan zaigu espaloitik begira". 80 urteko emakumearen arrangura iltzatuta geratu zitzaion Josune Zubeldiari. Hainbat belaunalditako bost emakumek hartu dute hitza emakumeek dantzetan, herriko taldeetan eta errituetan izan dituzten borroka, aldaketa eta... [+]


2024-05-29 | Reyes Ilintxeta
Estefanía de Paz Asín
Hildakoak erreskatatzera eta berpiztera etorri naizela sentitzen dut

"Garai batean, nire herrian, kateme guztiek Remigia izena zuten, kateme belaunaldi oso bat, Iruñeko ikuspegi panoramiko ederrenak konkistatu zituztenak”. Horrela hasten da Remigia Etxarren funanbulistaren bizitza kontatzen duen Argako erregina antzezlana... [+]


'Lurrez estali', laborarien errealitatea oholtzara eramango duen Axut! kolektiboaren obra berria

Izurako Latsaga zalditokian egingo dituzte emanaldi guztiak, hamar saio, maiatzaren 31tik ekainaren 16a bitartean. Ximun Fuchsek idatzitako obrak "ikuspegi integratzaile eta kolaboratiboa" du oinarrian, landa eremuko lurraldearen lekukotasunak bildu eta "tokiko... [+]


Eguneraketa berriak daude