AEB

James Petras: "Fergusoneko altxamendua AEBetako 150 hiri handienetara zabal daiteke"

  • Fergusoneko liskarrak hizpide, James Petras soziologo estatubatuarrak adierazi du Barack Obamaren mandatupean segregazioa "are sakonagoa" bilakatu dela AEBetan, eta gazte beltz oro susmagarri dela poliziarentzat.


2014ko abuztuaren 20an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
AEBetako, Ukrainako, Palestinako eta Irakeko egoeraz mintzo da, besteak beste, James Petras ekintzaile eta soziologo estatubatuarra.

"Missouriko beltzek diote Ferguson Gaza bezalakoa dela, eta gaur egungo polizia israeldarrak bezalakoa", gehitu du Petrasek, Uruguaiko CX Radio Centenario irratiak astelehenean egindako elkarrizketan. Ordutik hona beste gazte beltz bat hil du poliziak, makina bat lagun –kazetari batzuk tartean– atxilotu dituzte, eta beste hainbat zauritu.

Egoera, geroz eta txarragoa

"Obamaren gobernupean egoerak txarrera egin du, bai poliziak emandako tratuarengatik, baita egoera sozio-ekonomikoagatik ere", azaldu du Petrasek. "Segregazioa eta beltzek pairatzen duten bazterketa sakonagoak dira, boterea ofizial zurien esku dago geroz eta gehiago...".

Dioenez, Fergusoneko herritarrak ez dira protestan ari soilik polizia batek hilaren 9an gazte beltz bat hil zuelako, baita ondoren asmatu zuten bideoagatik ere: gazte bat ustez "dolar bat baino gutxiago balio duen zerbait" lapurtzen agertzen da, baina ez du argi erakusten hildako gaztea denik.

"Polizia militaritzatu dute", salatu du soziologoak. "Gerra armak dituzte: tankeak, metrailadoreak, plastikozko balak... herrialde kolonial bat okupatzen dutenean bezala ari dira, eta horrek protestak areagotu ditu".

Bere hitzetan, Fergusoneko altxamenduak AEBetako 150 hiri handienetara zabal daitezke, herritar beltzak baldintza berdinetan bizi direlako.

Justizia, bidegabea

Petrasek dio epaileen begietara herritar beltz eta zuriak ez direla berdinak: "Delitu beragatik, beltzak bost urte eman ditzake espetxean, eta zuriak denbora bat pasako du komunitatearentzat beharrean".

Obamaren mandatuari helduta, soziologoak nabarmendu du presidenteak "burgesiako hainbat beltz" egin dituela kargudun, eta Wall Streeteko politika ekonomikoa babestu duela, gerrak bultzatu eta pobreentzat gastu sozialak murriztu. "Kaltetuenak beltz pobreak izan dira", esan du.

"Ofizial beltz horiek zurien pare ari dira, kapital handiaren eta kanpo-gerren aldeko jarrera dute. Obamaren administrazioko ofizial beltzek babestu egin dituzte Libiako afrikarren aurkako erasoak, herritarren kontrako Egiptoko kolpe militarra, Somaliako herritarren aurkako erasoak... Ez dago inolako loturarik goi-kargu beltzen eta behealdekoei zuzendutako politiken artean".

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AEB
Arrakalak ari al dira sortzen AEBek Israeli emandako babesean?

Israelek Rafah-ra sartu eta eraso egiteko erabakia “kritikatu” egin dute AEBek, eta bidaltzekoak ziren azken arma kargamentua gelditu egin dute. Israelgo agintari batzuk mesfidati daude AEBen jarrerarekin. Hala ere, oraindik babes handia jasotzen du estatu sionistak... [+]


2024-05-07 | Jonathan Cook
Hauxe da Gaza suntsitzeko Israelen eta AEBen plana

Su-eten bat lortzeko Mendebaldearen ahaleginak serioak direla itxura egiten dute Mendebaldeko komunikabideek. Baina argi dago aldez aurretik idatzitako beste gidoi bat dagoela. Artikulu honetan Jonathan Cook kazetari britainiarrak aurreratu digu zein den Israel eta AEB... [+]


2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Eguneraketa berriak daude