Pedro Mari Manzanares

"Hemen inork ez du aukeratzen nor izango den bere auzokidea"

  • Elkarrizketarako deia egin die Pedro Mari Manzanaresek Aztegietako bizilagunei. Abetxukun gertatu bezala, aurreiritzi eta uste faltsuen inguruan eraikitako irudia erabiltzen ari direla uste du.

Arabako Alea @ArabakoALEA  |  Anakoz Amenabar @anamenabar
2018ko otsailaren 09a
Pedro Mari Manzanares, Zapateneon. / E. Anda

Manzanares-Cortes familiako kideak Gasteizera etorri zirenetik, 2016. urtean, hainbat herritarren mespretxu eta erasoak jasan behar izan dituzte. Abetxuku auzoan egin zieten jazarpenak bultzatuta alde egin zuten handik, eta Aztegietan egokitu zaien etxebizitzara gerturatu ezinik dabiltza egun, bertako auzokideen protestengatik. Bakea eta elkarbizitzarako deia berretsi du Pedro Mari Manzanaresek.

Udalak duen aterpean bizi zarete gaur egun, ezta? 

Bai, hamabost egunerako aterpea zena hamaika hilabetekoa izan da, eta denbora batez han jarraituko dugula uste dut. Ez da denboraldi luze baterako leku aproposa, egia esan, ez dago horretarako prestatuta. Uste dut eskubidea dugula behingoz bakean bizitzeko. Aski da! 

Nola gogoratzen duzu Abetxuku auzoan bizitakoa?

Mingarria da. Min handia egin digute. Ez guztiek, noski; herritar batzuek bakarrik, eta hori nabarmendu nahi dut. Herritar asko atseginak dira, eta argi eta garbi esan behar dut. Uste dut lasai asko bizi daitekeela han, baina ez gaituzte bakean utzi. 

Etengabeko protestak izan dira. 

Zortzi bat hilabetez izan ziren. Etxe atarian, bozgorailuetatik musika jarrita, irainekin, mehatxuekin. Eta gu, alabekin, 3 eta 6 urteko umeekin; hasieran izututa zeuden, hanketatik ebatu eta negar batean egoten ziren, baina denborarekin ohitu egin ziren, eta kanpoan esandakoak errepikatzen zituzten. Nire etsairik handienak ere ez nuke nahi nik egun bakar batean bizi izandakoa bizitzea. Anbulantzia ere etorri behar izan zen egun batean.  

Hilabete horietan baten bat faltan bota zenuten? Elkarteak, politikariak... 

Bai, noski. Oso erraza zen gure etxeko atea jo eta barruan bizi genuena ikustea. Gerturatzea baino ez zeukaten. Politikariei, Udaleko ordezkariei abisatu nien, eskatu nien etortzeko baina... protesta egiten ari zirenengana bai, haiengana joan ziren. Eta ijito elkarteak ere antzera, gertatzen zena ikustera ere ez ziren gerturatu. Laguntza pixka bat baino ez genuen behar, gure kontrako plataformarekin hitz egingo zuena... Orain, badirudi, pausoak ematen hasi direla eta adierazpen bat ere atera dute gure aldekoa; poztekoa da, baina gutxi iruditzen zait, ordea. Etorri, mugitu eta euren begiekin zer gertatzen den ikustea eskatzen diet.

Nola heldu dira herritarrak zuen familiaren inguruko aurreiritziak izatera?

Bilboko Pitxi guztiak etorriko zirela errepikatzen zuten, euren etxeetan sartuko ginela, ni teilatuetan nenbilela etxerik etxe... Gezur eta aurreiritziekin jendea mugiaraztea oso erraza da, eta, behin hasita, oso zaila da hori geldiaraztea. Bilbotik ere jendea etorri zen mobilizazio horietara, Ollerieta auzotik, egunkarietako argazkietan ikus daitekeen moduan. "Arrisku publikoa" ginen, antza. Eta ez gara perfektuak, gure akatsak egin ditugu, baina ez gara gaizkileak.

Abetxukutik SOS Arrazakeria elkarteak duen bulegora joan zineten.

Hilabete eta erdi egon ginen han, inolako arazorik gabe. Erdigunean dago lokal hori, auzokide gehiagorekin inguruan, eta inolako kexarik ez da egon. Kasualitatea da? Lekuak beharrezko baldintzak betetzen ez zituelako bidali gintuzten Udaleko aterpera. Eta hamaika hilabete daramagu han, beste aukerarik gabe. Bakean bizitzeko eskubidea daukagu, ezta? Garaia da, ezta? 

Aztegietan Alokabidek esleitutako etxebizitza duzue.

Oso pozik hartu genuen albistea, eta pozik joan ginen. Pixka bat urrun dago, egia esan, eta ez daukagu baliabide ekonomikorik, ez dago eskolarik, ez dendarik... baina konforme gaude  tokatu zitzaigunarekin.

Eta han ere mehatxu eta protestak...

Etxea bera txikitu egin dute, eta ikertzen ari dira; antza, inork ez daki ezer... Eskratxe gehien bizi duen pertsona naizela uste dut. Abetxukun 180 baino gehiago zenbatu genituen, eta ondoren Aztegietakoak etorri dira. Baina badira babesa adierazi diguten lagunak ere; SOS Arrazakeria taldeak, Luis Carmona bizilagunak, Ongi Etorri plataformak... Duela urtebete manifestu bat atera zuten bazterketaren kontrako borrokarekin lotutako jendearekin. Ni neu bitartekari moduan lanean izan naiz SOS Arrazakeriak elkartearekin; duela gutxi Argantzunen etxe bat okupatu zuten eta herritarrek sortu zuten iskanbila ikusita elkartearen laguntza eskatu zuten. Bitartekari moduan joan nintzen, elkarteko beste kide batzuekin batera, eurekin hitz egitera, eta laster zabaldu zuten Pitxi-ek Argantzunen etxea okupatu behar zutela, tira...

Gastezko bi alkate ohi ere agertu dira protestetan.

Alfonso Alonso eta Javier Marotori esango nieke botoez beharrean pertsonez arduratzeko. Zorionez, azkenekoan, gaizki atera zitzaien boto-kontaketa, ezta? 

Hedabideek nolako jarraipena egin dutela uste duzu? 

Manipulatu besterik ez dute egin. Gauza bat esan, eta kontrakoa jarri. Bakea esan eta gerra asmatu. Eta bitartean, traktore gehiago, makil gehiago eta mehatxu gehiago... Niri oso larria iruditzen zait halako taldeak egotea hirian, diskriminaziorako "patruilak".

Arrazakeria bizi izan zenuten lehenago, Bilbon?

Bilbon ez dut inolako arazorik izan. Galdetu, bestela, han. Mundu guztiak agurtzen nau, ez dago arazorik... Baina, dudarik gabe, Pitxi izenak ospe txarra du. Otxarkoagako hilketak gertatu zirenean ere, datu bakar bat izan gabe, gure seme-alabak izan ziren susmagarri nagusiak.

Gogo gutxi izango duzue Aztegietara joateko orain?

Zergatik? Inola ere ez. Ez naute gehiegi arduratzen izan diren protestek. Nik normal agurtuko ditut, eta gaur ez bada bihar  emango didate ongi-etorria. Hemen inork ez du aukeratzen nor izango den bere auzokidea. Lehenago edo beranduago etorriko dira. Historiak bakoitza bere lekuan jarriko du. 

Elkarrizketa hau Arabako Aleak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.

Kanal hauetan artxibatua: Xenofobia  |  Ijito herria  |  Gasteiz

Xenofobia kanaletik interesatuko zaizu...
Ez naiz arrazista, baina...

"Segurtasunaren aitzakian Aztegietako bizilagunek eragotzi nahi diote familia horri Alokabidek esleitu dion etxebizitzan sartzea".


2018-02-09 | Arabako Alea
"Manzanares Cortes aferan, komunikabide batzuek gorroto diskurtsoa erabili dute"

Bizikidetzaren alorrean komunikabideek duten garrantzia aztertzeko jardunaldiak izan dira Gasteizen. Bertan ateratako ondorioen berri eman digu Felix Iriarte kazetariak.


2018-02-02 | Axier Lopez
Hainbat kaputxadunek Bermeon hiru marinel turkiar bortizki jipoitu dituztela salatu dute

Turkiako Kontsulatuak fiskaltzaren aurrean eraso xenofoboa izan dela salatu du, gaur El Correok zabaldu duenez. Salaketak jaso duenez, azaroan hiru marinelak Bermeoko parke batean zirela, gauez, sei kaputxadun inguratu zitzaizkien, teaser pistolak eskuan, eta hitzik esan gabe eraso egiteari ekin zioten.


2017-10-01 | Kepa Matxain
Mursego
"Konfort eremutik ateratzen zaituen artea da benetan eraginkorra"

Bizikidetzaren alde eta aurreiritzi arrazisten zein klasisten aurka egindako diskoa da 100% Oion. Mursegoren arrastoa galdu gabe, letra politiko argiak dituena. Diskoa osatu bitarteko prozesuaz hasi, eta hizketagai gehiago ere sortu dira: musikaren ahalmen mobilizatzailea edota tradizioa ulertzeko modua, esaterako.


2017-09-13 | Xalba Ramirez
Bizkaiko Foru Aldundiak 600.000 euro gastatuko ditu laguntza sozialen kontrola areagotzeko

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak aurkeztu du “laguntzak bai kontrola ere bai” kanpaina, laguntza sozialetan jarraipen estuagoa egiteko eta baldintzak berrikusteko. 600.000 euroko aurrekontua erabiliko da “16.000 prestazio eta 350 zentro baino gehiagotan zerbitzu horiek eta euren helburuak betetzen direla egiaztatzeko”.


Experts in mixing

Telefonoak jo zion. Madrildik zen, etortzeko, probintziako liga utzi eta Bernabeura saltatzeko unea zela. “Azkenik”, atera zitzaion deia moztu bezain laster eta tenkatu zuen aurpegia imintzio batean, nahastu zitekeena irribarre batekin.


"Zerbait kondenatzeko eskatzen dizun jendeak ez du nahi ezer kondena dezazun"

“Jende askok mozorroa kendu du egunotan, benetan den bezalakoa agertu da”. Islamofobiaz, horri aurre egiteko komunitate musulmanak harturiko estrategia okerraz, batasunaren hipokresiaz… Aho-bilorik gabe mintzatu zaio EsRacismori Fátima Aatar, argazkian Bartzelonako kontzentrazio faxista batetan nazi bati aurre egiten ageri den musulmana. Hona pasarte interesgarrienak euskaratuta:


Fiteron hiru adingabe marokoar jipoitu dituztelakoan atxilotuak, karguekin aske

Usteko erasotzaileak 18 eta 55 urteko bi gizonezko dira. Erasoa pairatu zutenak, 13 eta 17 urte arteko hiru gaztetxo. Bartzelonako eta Cambrilsgo biktimen omenezko minutu bateko isilunearen ondotik gertatu zen erasoa.


Neofaxismoak baditu milaka aurpegi

Kataluniako atentatuen osteko erreakzioek agerian utzi dute, beste behin, ez direla lau ergel kaskamotz; Daesh, musulmanak, errefuxiatuak zaku berean sartzen dituztenak eta gero eta inpuneago eta boteretsuago sentitzen direlako islamofobia zabaltzen dutenak asko direla. Egoera baliatzen dute, ohiko aurreiritziei tiraka gorrotoaren diskurtsoa legitimatzeko.


Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude