Euskal Aktoreen Batasuna “haserre eta kezkatuta” agertu da boikot kanpainekin

  • Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) agiri baten bidez salatu ditu euskal aktoreen aurka zabaldu diren "difamazio-adierazpenak".


2017ko maiatzaren 9an - 14:02
Itziar Ituño izan da boikot kanpainek jo-puntuan jarri duten azken euskal aktorea.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Aktoreen sindikatuaren oharrak azken hilabeteetan hedatu den fenomeno bati erantzuten dio: Espainiako Estatuan zenbait euskal aktoreren aurkako boikota eskatzea, beraien iritzi politikoak direla-eta.

Itziar Ituñok jasan du mota horretako azken kanpaina. Parte hartu duen La casa de papel telesaila boikotatzeko eskatu zuten sare sozialen bidez, Ituñok euskal preso politikoen alde egindako adierazpenengatik. Aurten bertan, Miren Gaztañaga ere jo-puntuan jarri zuten ETBko Euskalduna naiz, eta zu? saioan espainiarrez trufatu zelakoan. Boikota eskatu zuten Gaztañagak lan egin zuen El guardián invisible filmaren kontra.

Horrelako kasuen aurrean, EABk adierazi du aktoreak babestuko dituela. "Eta salatu egingo dugu, beren pentsatzeko askatasuna erabiliz, legearen barruan dauden edozein ekimen sozial, politiko edo kulturaletan parte hartu, edota berauek babesteagatik jasan ditzaketen edozein eraso".

Kezkatuta agertu da aktoreen sindikatua mota horretako kanpainek eragin ditzaketen ondorio profesionalekin, ez baitute ontzat jotzen "ideologia edo jatorriaren arabera antzezle bat edo beste" kontratatzea behartuko lukeen iritzi-giroa.

EABren agiriak beste lurralde batzuetako aktore-elkarteen atxikimendua jaso du, hala nola, Valentziakoa, Aragoikoa, Gaztela-Leongoa, Murtziakoa, Galiziakoa eta Kataluniakoa, baita Arte Eszenikoetako Teknikarien Elkarte Profesionalarena, Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartearena eta Conarte Espainiako Estatuko artisten konfederazioarena ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adierazpen askatasuna
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.