Eguzki-dantza San Juan egunean bertan egingo dute Lekeitioko emakumeek


2018ko ekainaren 21an - 11:50
Eguzki-dantza, Lekeitio, 1936.

Azken urteetan San Pedro egunean Lekeitioko emakumeek dantzatu izan dute eguzki-dantza, aurten jatorriz dagokion egunean dantzatuko dute: San Juan egunean. Lehen San Juan egunean ere dantzatzen zuten emakumeek eguzki-dantza deituriko aurreskua eta aurten ere hala egingo dute, garai batean bezala, hiru aldiz dantzatuko dute, egunsentian, eguerdian eta ilunabarrean.

San Pedro egunean, ordea, kaxarrankak hartu ohi du protagonismoa. Lekeitioko emakumeek ikusten zuten beraien dantza bigarren planoa gelditzen zela, urte batzuk bazebiltzan egunez aldatzeko ideiarekin, berez dantzak bazuelako egun eta zentzu propioa, udako solstizioarekin lotzen baitute eguzki-dantza. Hori horrela eta aurten asteburua izanda, San Juan egunean dantzatuko dute eta asmoa da asteburua tokatzen den urteetan hala egiten jarraitzea. Ekainaren 24an dantzatu arren, 29an ere dantzatuko dute; aurten inoiz baino lan handiagoa izango dute dantzariek.

Eguzkiari jarraika

Dantza hiru aldiz dantzatu ohi zen San Juan eguneko jai handian, eguzkia irtetean, eguzkia puntu gorenean zegoen garaian eta eguzkia ezkutatzean. Erlijio ikuspuntutik; goizeko lehenengo mezaren bukaeran, mezu nagusiaren bukaeran, eta azkenik arratsaldeko arrosarioaren amaieran. Aurten ere hiru aldiz dantzatuko dute; goizeko 6:30ean Talan, eguerdiko 13:00etan plazan eta bukatzeko, 20:00etan berriro plazan. Emakumeek beren eguna eta protagonismoa berreskuratu nahi izan dituzte eta horretarako aurreskua dantzatu izan duten hainbat belaunalditako emakumeei egin zaie dantzatzeko deia. Hirurogei bat emakumek dantzatuko dute egun osoan zehar. Tartean izango dira, 1975ean, Lekeition aurreskua berreskuratu zenean dantzatu zutenetako batzuk.

Dantzaren idatzizko lehen aipamenak 1682koak dira; XIX. mendean zehar egindako udal ordainketen agiriak ere badaude. 1936ko irudia ere badugu, baina gerra ondorenean etenaldia izan zuen. Gero, 1953an, erdi ezkutuan dantzatu zenaren arrastoa bada; baina 1974an berreskuratu zen. Markinako Zerutxu dantza taldekoak aritu ziren gerra aurretik dantzatzen zuten emakumeekin dantza eta musika jasotzen. Hurrengo urtean Lekeitioko emakumeek berriro heldu zioten ohiturari. Ordurako, ordea, festa eguna San Pedro egunean izaten zen.

Garaiaren araberako mantoia

Hiru alditan dantzatu ohi zen eguzki-dantza egunean zehar eta aldi bakoitzerako arropa jakin bat eramaten zuten emakumeek. Goizean, perkalezko gona arruntarekin eta sorbaldetan zetazko xal txikiak jantzirik dantzatzen zuten. Eguerdian, gona beltz luzea eta krespoizko mantoi dotorea soinean irteten ziren plazara. Iluntzean, eguerdiko arropa berarekin, baina kaxemirrezko mantoi handiekin. Aurtengoan, hiru aldietan gona luze beltzekin irtengo dira, baina lehen egiten zen bezala, mantoiak aldatuko dituzte. Aterako dituzten zenbait mantoi, Lekeitioko etxeetan urteetan gordetan egon direnak dira.

[Kattalin Agerrek Dantzan.eus webgunean plazaratu du artikulu hau; CC-BY-SA lizentzia baliatuta ekarri dugu gurera]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dantza
2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-15 | Euskal Irratiak
300 dantzari bildu ditu Iparraldeko dantzari egunak Hendaian

Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.


2024-04-12 | dantzan.eus
Ipurdian sua piztu eta hasi da dantza

Nola deitzen da dantzariek batak besteari ipurdian sua piztearen zirraraz jolasean aritzen diren dantza? Ba plego-dantza izan liteke, edo bizker-dantza, edo tatin-dantza sua ipurdian edo Izetz ixetukoa-Baietz ixetukoa...  Ablitasen, Baztanen, Garesen, Bardozen zein... [+]


2024-03-22 | dantzan.eus
Duguna dantza taldearen erakusketa Iruñean, 75. urteurreneko ospakizunetan

Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du  martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.


Eguneraketa berriak daude