Cuelgamuroseko indusketetan eskuin muturraren presio eta sabotaiak salatu dituzte auzitegi-medikuek

  • Madrilgo Cuelgamurosen, Erorien Harana deituriko monumentuan arkeologoak egiten ari diren indusketetan etengabe ari dira jasaten eskuin muturreko jendeen presioa, hala adierazi du Pako Etxeberria auzitegi-medikuak. Egunotan, biktima errepublikarren senideek bisitatu ahal izan dute Espainiako Estatuko hobi komun handiena dena. Milaka gorpuzkin gorde zituzten bertan frankistek, senideen baimenik gabe.


2024ko maiatzaren 03an - 17:28
Azken eguneraketa: 18:45
Pako Etxeberria auzitegi-medikua Pedro Sánchez Espainiako presidenteari azalpenak ematen Cuelgamurosen, astelehen honetan. Argazkia: Moncloa / Borja Puig de la Bellacasa

"Hau guztia usain frankista erabatekoaz inguraturik dago, Konstituzio aurrekoa da dena, eta denbora honetan ez da inoiz ukitu ere egin". Hala azaldu dio Pako Etxeberria Aranzadiko auzitegi-medikuak Radio Euskadiko Boulevard saioko esatariari, Cuelgamurosen egiten ari diren indusketez galdetzean.

Etxeberriak salatu du etengabe jasaten ari direla eskuin muturraren presioa: "Elkarretaratze sinestezinak ikusi ditugu, banderekin, bideetan eta sarbideetan zeuden, beldurra ematen zuten. Gu saiatu gara oharkabean pasatzen, baina guztiz lokalizaturik gintuzten eta argazkiak atera dizkigute".

Azaldu duenez, denetariko oztopoak izan dituzte: elkarte ultraeskuindarrek helegiteak jarri dituzte indusketak gerarazteko, eta uneren batean lortu ere egin dute epaitegiek halakorik agintzea. "Baina azkenean epaitegiak berak esan du lehenik eta behin biktimen senideen eskubidea dagoela, 'hildakoen bakea' baino".

"Elkarretaratze sinestezinak ikusi ditugu, banderekin, bideetan eta sarbideetan zeuden, beldurra ematen zuten. Gu saiatu gara oharkabean pasatzen, baina guztiz lokalizaturik gintuzten eta argazkiak atera dizkigute"

Etxeberriak esperientzia handia du egoera ezberdinetan lan egiten, baina aitortu du lekuak berak sortzen diola halako zirrara bat: "Milaka lagun besoa jasota, ez soilik sarrerako zabalgunean, toki guztietan daude". Gobernuaren ideia da tokiari beste esanahi bat ematea, baina bere esanetan, oraingoz basilikara sartzerakoan ez dago ezer azaltzen duenik zergatik dagoen eraikina hor eta nola eraiki zen lan esklaboarekin.

Sabotaiak jasan dituztela ere azaldu du forentseak, eta horien atzean eskuin muturreko jendea dagoela ziur dago. "Gutunak bidali dizkigute 'aholkua' ematen, ustez erantzukizunen bat izan dezakegulako". Ez du "mehatxu" hitza erabili, baina bai "aholkua" eman dietela.

Senideen bisitak

Lehen aldiz biktima errepublikarren hainbat senide sartu ahal izan da Erorien Haranean, han egiten ari diren indusketak bertatik bertara ikusteko, horien artean Euskal Herriko zenbait ere bai.

Oraingoz 12 lagunen gorpuzkinak identifikatu ahal izan dira, baina milaka daude –33.000 inguru, hainbat iturriren arabera– nahiz eta hezurren egoera ez den batere ona, hobiak hondoraturik daudelako. Hala, arkeologoek onartu dute kasu askotan oso zaila izango dela senideek hainbeste urtetan bilatu izan dituzten gorpuzkiak berreskuratzea.

Cuelgamuroseko haranean dagoen monumentu frankistan 1950eko hamarkada amaieran milaka errepublikarren gorpuzkiak sartu zituzten, Frankismoaren gorazarre egiteko. Argazkia: Wikimedia Commons

Jasone Aretxabaletaren testigantza

Egunotan Cuelgamurosen izan direnen artean Jasone Aretxabaleta dago, eta bere testigantza jaso dute hainbat hedabidek. Bere osaba bat Markina-Xemeingo hilerrian lurperatuta zegoela uste zuten orain arte.

1936ko Gerran falangistek aita atxilotu eta hura askatzeko baldintzapean, Jasoneren osaba, Alesander Aretxabaleta, frankisten bandoan borrokatzera derrigortu zuten; baina sekula ez zuten aita askatu eta aldiz Alesander frontean hil zen.

"Ezin sinetsirik geratu ginen. Beste askorekin gertatu bezala, hilotza eraman zuten inongo baimenik gabe, soilik faxistena"

2019an Gogorak egindako zerrenda batean agertu zen bere izena, Markina-Xemeinen ez baizik Erorien Haranean zegoela jartzen zuen bertan. "Ezin sinetsirik geratu ginen –azaldu dio Público egunkariari–. Beste askorekin gertatu bezala, hilotza eraman zuten inongo baimenik gabe, soilik faxistena".

Aretxabaletak salatu du geroztik osabaren hezurrak berreskuratzeko jasan behar izan duten prozesu luzea, eta garbi du hobien egoerak ez ezik, judizialki eta bestela jartzen ari diren trabek eragin dutela luzapen hori: "Denetik egin diete, pegamentua ere jarri diete sarrailan ateak ez irekitzeko".

Cuelgamurosen faxistek ateak itxita nahi dituzte, haizeak ez ote duen hango Frankismoaren usaina betirako eramango.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Frankistek fusilatutako Modesto Manuel Azkona Garaicoechea Arabako Diputatu eta Saratxoko bizilagunaren gorpua identifikatu dute

Alesbesekoa jaiotzez, Saratxon bizi zen Unión Republicana alderdiko kidea, bere emaztea hango maistra baitzen. 1936ko irailean erail zuten frankistek eta ostiralean lortu zuten bere gorpuzkinak identifikatzea.


Jesús Carrera, frankistek torturatu eta fusilaturiko buruzagi komunistaren bizitza pantailara

Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]


“Ezin da kontsulta baten emaitzetatik erabaki Iruñeko Erorien Monumentuaren etorkizuna”

Erorien Monumentua eraisteko eskatzen duten memoria elkarteen ustez ezin da eraikin frankista horren etorkizuna utzi herritarren esku: “Faxismoa omentzen duen eraikinarekin zer egin frankismoaren oinordekoek ere parte hartzen ahal duten galdeketa batek ezin du... [+]


Eguneraketa berriak daude