Beste zera hori

  • Azaroaren 4an Maule-Lextarren jokatu zen finalaurrekoaren kronika. Saioko sailkapena: Beñat Gaztelumendi (694,5 puntu), Julio Soto (668,5), Nerea Ibartzabal (663), Etxahun Lekue (656,5), Nerea Elustondo (637,5) eta Beñat Iguaran (604).


2017ko azaroaren 06an - 08:19

Golik gabeko partida Maulen. Euri jasak eragindako putzuek soropila trakestu zuten. Jogo bonito gutxi, Ingalaterrako joko zuzenik ere apenas, eta harmailak itzalita, zoramen faltan. Deus nabarmentzekotan, esan dezagun Beñat Gaztelumendi atzealdean sendo aritu zela, ohi duen segurtasunez, eta Nerea Ibarzabalek egin zituela bat-biko batzuk hegalean. Baina estatistikek garbi diote: jokalariek ez zuten errematean asmatu. Bakarkako jokaldiek eman zizkioten hiru puntuak Gaztelumendiri, eta pentsa liteke honezkero hurrengo partidan duela burua. Besteek aurkariek egiten dutenaren zain egon behar.

Galdetuko duzue zertara datorren kirol kazetaritzako hizkera hau, eta arrazoi, ez dira moduak, baina Mauleko saioko distirazko une bakanetako bat futbolarekin egindako alderaketa bat izan zen, zortziko txikian, Gaztelumendik, Beñat Iguaran tabernariari kantu bera behin eta berriro eskatzen ari zitzaion mozkorrak, bota zuenean: Hamargarrenez jarri / zazu ‘Zenbat gara’ / hamaika izateko / bakarra falta da. Osterantzean, giroa hotz samarra izan zen. Etxahun Lekue apal samar, seiko motzean eta kartzelan gora eginez; Beñat Iguaranek ez zuen eguna eduki; Gaztelumendi seguru, baina erabat askatu gabe; Ibarzabal bizi eta ale onak utziz, seiko motzean gorabeheratsuago; Julio Soto zuzen, baina distirarik egin gabe; Nerea Elustondok, azkenik, utzi zituen ale on batzuk, nahiz eta ofiziorik ez borobildu. Egiaz, ofizio borobilik ez zen izan, batek asmatzen zuenean besteak egiten zuen pott, eta ziurtasun faltak kutsaturik, bertso gehienak bidean gelditzen ziren, eta beste batzuk ez huts egitera kantatutakoak izan ziren, “egokitasuna” deitzen zaion kategoria zuzen bezain nekagarri horretan sartzeko modukoak. Nabarmena egin zitzaidan, oro har, zortziko handiko lanetan, eta seiko motzean Julio Sotok eta Beñat Iguaranek egindako saioan.

“Egokitasuna” diot, edo politikoki zuzena bertsotara eramana. Epaitu behar dira bertsoak diskurtsiboki ere, aztertu behar da mikrotik botatzen denak ze diskurtso erreproduzitzen duen eta zer jartzen duen zalantzan –eta zer esanik ez, Kattalin Minerrek kronika batean aipatu bezala, entzuleok txalo zeri jotzen diogun–. Baina susmoa daukat azterketa hori egiterakoan azkar detektatzen ditugula mezu desegokiak, eta, aldiz, onberagoak garela hanka sartzerik gabeko gidaliburuko mezuekin. Bertsoak, ordea, ona izango bada, beti bilatu behar du ertza (ze, gainera, ez baitago mezu bera botatzeko bi modu. Ezin da gauza bera esan bizi eta astun. Esateko moduak determinatzen du mezua. Zerbait desberdin dioena zerbait desberdina esaten ari da).

Bertsolari bati galdegin dakiokeen gutxienekoa da ebidentetik haragokoa esaten saiatzea, beste inork botako ez duena botatzen saiatzea. Horregatik, saritu behar litzateke, esaterako, ofizio batzuetan eta puntu erantzunetan Ibarzabalek izandako jarrera jolastia. Saritu behar litzateke zerbait desberdina esateko asmo hutsa bera, gerora bertsoa biribiltzea lortu ez arren. Finean, saritu behar litzateke bertsolariak bakar egiten dituen ezaugarri zehazkabea: intentzioa, nahia, jarrera, edo epai irizpideetan garbi izendatuta behar lukeen beste zera hori.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari txapelketa 2017
Beltza nagusi

Begirazun zorrotzez ebaki zuen hitz bakoitza Maialen Lujanbiok, eta larrurik beltzenei jarri zien ahotsa euskal plaza entzutetsuenean: amabakarra, prostituta, yonkia izatea hautatu zuen eta subjektu hauen bizitzetara eraman gintuen, erru, erruki zein epai moraletatik urrun... [+]


2017-12-24 | Kattalin Miner
Bazterren aroa, behingoz

Oraindik BECekoa liseritu baino, irentsi beharrean nago. Zer nolako finala eman digun zortzikoteak! Hasi eta buka. Bejondeizuela eta eskerrik asko, egun paregabea biziarazi diguzue!

Beraz bai, pozik nago, oso pozik txapelketak utzitako gazi-gozoak kendu ditudalako... [+]


2017-12-18 | Dani Blanco
Finaleko argazki galeria

Abenduaren 17an Barakaldoko BECen jokatu zen finala, Dani Blancoren iruditan.


Eguneraketa berriak daude