Bardoak: Auzolana umorez

  • Bardoen finalaren kronika. martxoaren 24an, Lekunberriko Toki Alai sagardotegian.


2018ko martxoaren 26an - 11:06

Herriz herri kantuan ibiltzen omen ziren bardoak duela zenbait mende, herritarren istorioak historia bilakatzen, ahaztuak izan ez zitezen. Aurten ere, herriz herri ibili dira bardoak Nafarroan, lurraldea ekialdetik mendebaldera bertsoz josten. Final eder batekin amaitu zen taldekako ekimena Lekunberriko Toki Alai sagardotegian.

Sarrerak amaituak ziren aurretik eta, hortaz, aurreikusitako 200 entzuleren aurrean aritu ziren Baztan eta Malerrekako 'Addams familia', Leitzako 'Aldatzea komeni' eta Lesakako 'Unibertsolariak' taldeak. Otsailean hasi eta martxoa amaierararte 113 partehartzailek astebururo gaztetxe, taberna eta elkarteak kantuz bete ostean, aurpegi gazteak nabarmendu ziren finaleko hamabi bertsolarien artean. Gazteek zein helduagoek, esperientzia badutela erakutsi zuten denek. Izan ere, umoreak eta freskotasunak ezaugarritzen ditu Bardoetako bertso saioak, eta horrelakoxea izan zen Lekunberrin entzun genuen jarduna. Giro goxo eta bizia sortu zen sagardotegian, eta saio polita osatu zuten hiru taldeek. Gitarrak, mozorroak eta bestelako osagarriak bizkarrean hartuta, bertsolariek maila altu jarri zuten agur bereziekin, eta hortik aurrera saioak ez zuen behera jo. Taldekako ekimena izan arren, bertsolarien mailak berriz ere erakutsi zuen Bardoek ez dutela bestelako txapelketen inolako inbidirik. Bertsotarako ariketak askotarikoak zirenez, bakoitzak bere kantakeraren alderdi ezberdinak erakusteko aukera izan zuen, eta publikoak eskertu zuen aniztasun hori. Finalean parte hartu ez zuten taldeetako ordezkariek eta zenbait entzulek izan zuten saioa epaitzeko ardura. Azkenean, parekaturik ibili bazen ere, Leitzako taldearentzat izan zen sari nagusia.

Hala ere, elkarlana, auzolana eta kolektibotasuna dira Bardoen oinarria, eta hori ere saritu egin zen igandean. Bertsoez gain, lan handia dago horrelako ekimen baten atzean, eta jarritako ilusioa eta hartutako konpromisoa azpimarratu nahi izan zen. Finalean aritu ziren taldeez gain, ekimenean parte hartu duten beste zenbait taldek ere jaso zituzten merezitako sariak: "Talde errebelazioa", "Merendurik onena", "Agurrik onena", "Antolakuntzarik onena" eta "Bardoen izpiritua" ordezkatu dutenek ere izan zuten oholtzara igotzeko aukera. Horrela bada, ahots desberdinek hartu zuten Lekunberriko sagardotegiko plaza, eta umorez eta ironiaz eman zioten errematea saioari.

Azken finean, Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa dira Bardoak, bertso-eskolen sarea indartu eta elkarrekin gozatzeko aitzakia aparta. Eta horretarako, zer hobe sagardotegian biltzea baino. Final puntuagarria amaituta, errima eta neurri libreko finala hasi zen Lekunberriko kaleetan zehar. Trikipoteoa lehenik eta afaria gero, eguna ez zen goiz amaitu. Bardokeritan ibili ziren denak batek daki noiz arte, hurrengo mendeetan bardoek abestu beharko dituzten istorio historikoak sortzen, ahaztuak izan ez daitezen.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
Aroa Arrizubieta txapeldun

Manex Agirre txapelaren ertzean


Larunbatean izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.


2024-03-04 | Bertsozale.eus
Asier Otamendik irabazi du Dulantziko finalerdia eta finala erabakita geratu da
Larunbat honetan jokatu da bigarren eta erabakiorra izan den finalerdia Dulanziko Kultur Etxean. Asier Otamendik bereganatu du martxoaren 16an jokatuko den finalerako bigarren txartela.

Onintza Enbeita
“Honetan guztian egon nahi dut, hau guztia ukatu zaigun garaian ere egon naizelako”

Hamahirugarren Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta bederatzigarren finala izan ziren iazkoak Onintza Enbeita Maguregirentzat (Muxika, 1979). Irautearen esfortzua eta poza ederki ezagutzen ditu, bertsotan zein handik kanpo, eta horri esker dago dagoen lekuan. Irauteko aldatzeari... [+]


Eguneraketa berriak daude