Independentziaren alde atzo Bartzelonan egin zen manifestazio jendetsuaren ondoren, Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidenteak adierazi du iritsi dela Kataluniarentzat “trantsizio nazionala” hasteko momentua, estatu egiturak lortze aldera. “Orain dena da posible”, gehitu du CiUko kideak, "independentzia" hitza aipatu gabe egin duen agerpen publikoan.
“Mezu indartsua eman diogu munduari” adierazi du Masek eta atzoko manifestazioan herritarrek izan zuten zibismoa azpimarratu du. “Atzoko aldarria oso argia da eta oso normala” dela esan du Masek. “Nazio batek aurrera egiteko estatu bat behar du”.
Estatua “tresna” gisa deskribatu du Masek, Kataluniak dituen beharrei erantzungo dien erreminta. Hori lortzeko berriz, bide luzea aurreikusi du: “Ez da erraza izango, baina dena da posible borondatea baldin badago, gehiengo handiak eta erresistentzia gaitasuna”.
“Oso harro nago herrialde honetako presidente izateaz batez ere honelako momentuetan" esanez bukatu ditu adierazpenak Artur Masek.