Ane Igeregi: 'Osasungintza euskalduntzea denon esku dago'

  • Aurten amaitu ditu Anek Medikuntzako ikasketak EHUn. Hasieratik euskarako taldean matrikulatu zen. Azken hiru urteetan, ordea, gaztelera izan da nagusi bere eskoletan. Graduazio-galan Xabier Iturraspe bere kideak aldarrikapena egin zuen ikasle guztien partez. Ane ere bertan izan zen.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2015eko uztailaren 02an - 12:04
Ane Igeregi laster hasiko da MIRerako ikasten, gaztelania hutsean hori ere. Argazkia: Uriola.eus.

Aurten, sei urteren ostean, Medikuntzako lizentziatura amaitu duzu Euskal Herriko Unibertsitatean.

Horrela da bai… Sei urte asko dira eta tarte honetan gorabehera asko izan ditut. Azken irakurketa, ordea, oso positiboa da. Denon artean harremanak sortu dira eta egia esan, lagun asko atera ditut karreratik.

 

Eta hemendik aurrera, zer?

Oporrak hartu berri ditut baina laster ikasten jarri beharko naiz berriro ere. Urtarrilean MIR azterketa daukat eta akademian hasiko naiz. Behin hasita, bederatzi ordu emango ditut ikasten, egunero.

Graduazio-galan Xabier Iturraspek Medikuntzako gradua erabat euskalduntzeko beharra plazaratu zuen, irakurketa baten bidez. Nola oroitzen duzu irakurketaren momentua?

Irakurketa horren atzetik lanordu asko daude. Aurten ia astero bildu gara. Ikasle asko gara, ospitale ezberdinetan sakabanatuta. Baina irakurketa denon artean egin nahi genuen eta horrela izan da. Zerbait kolektiboa izatea nahi genuen. Egun horretan, Xabierri egokitu zitzaion denon aldarrikapena plazaratzea, eta hasieran oso urduri egon nintzen, ez nekielako nola irtengo zen. Oso-oso prestatuta egon zen dena, neurtutako berbak izan ziren bertan botatakoak. Eginiko lan guztiaren ostean oso hunkigarria izan zen Xabier entzutea.

Gerora, gainera, irakurketaren bideoa biral bilakatu da sare sozialei eta hedabieei esker. Jaso al duzue jendearen babesik?

Bai, handia. Jendeak asko babestu gaitu Twitter eta Facebook sare sozialen bidez eta bideoak 50.000 ikustaldi baino gehiago ditu Youtuben. Kaletik ere jendea hurbildu zaigu. Graduazioaren egunean bertan, gizon batek Xabier zoriondu zuen, eszenatokitik jaitsi bezain pronto. Sostengu zabala izan dugu atzetik eta eskertzekoa da.

Egun horretan, EHUko errektore eta dekano taldeek hitzaldia txalotu zuten. Batzuk zutik ere ikusi genituen. Ordutik, zerbait aldatu da zuzendarion jarreran? Gerturatzerik egon da ikasle eta talde hauen artean?

Egunean bertan Goirizelaia bere hitzalditik irten eta erantzun egin zigun. Ordutik, dekano taldearekin ere bildu gara eta euskarako errektoreordeak bere babesa plazaratu digu. Gerturatze txiki bat egon da. Sei urte hauetan hainbatetan egin ditugu salaketak, baina orain arte ez dugu erantzun positiborik izan. Egun garrantzitsua izan zen baina lanean jarraitu behar dugu.

Gaur egun, euskarari dagokionean, zer gabezia dauka Medikuntzako graduak EHUn?

Lehenengo hiru urteak Leioako Campusean ematen ditugu eta dena euskaraz ikasten dugu. Baina bigarren zikloan ospitaletan egoten gara ikasten. Bertako egoera erabat ezberdina da. Praktika orduak gazteleraz dira eta ordu teorikoei dagokionez, euskaraz jasotako saio kopurua ospitaletik ospitalera aldatzen da: %50 Basurtun, %35 Gurutzetan, %65 Donostin eta %0 Gasteizen. Askotan, gaztelerako taldeekin nahastuta egoten gara, nahiz eta euskarako ikasle gisa matrikulatu.

Zein da zehazki euskarako taldeetan dauden ikasleen aldarrikapena?

Gure azken helburua ikasketa guztiak euskaraz egiteko aukera izatea da. Baina epe laburrean garrantzitsuena aurrerapausoak ematea da, atzera ez egitea. Guk zazpi proposamen bildu ditugu ikasketak euskalduntze aldera: euskara batzordea gehiagotan biltzea, euskarako taldeetako irakasleek laguntza izatea materiala euskaratzerako orduan, EHU eta Osakidetzaren arteko akordioa berriztea eta abar.

Egoera aldatzeko nahiarekin, hainbat izan dira urteotan sortu dituzuen plataformak eta asanbladak.

Ikasleak behin baino gehiagotan antolatu gara. Sei urte hauetan kontzentrak, itxialdiak eta jardunaldiak antolatu ditugu. Egun indarrean dagoen azken plana EUTSI (Euskaraz Tinko Sendatu eta Ikasi) da. Durangon egin genituen topaketetatik irten zen lantalde hori. Baina horren aurretik beste plataforma batzuk ere egon dira. Adibidez, Medikuntza Euskaldundu orain dela hiruzpalau urte sortu zen.

Ba al dago batasunik ikasleen artean, egoera irauli ahal izateko?

Lehenengo hiru urteetan Leioan egoten gara denak eta erraza izaten da denon artean lan egitea, baina bigarren zikloan, sakabanatu egiten gara eta zaila da biltzea. Aurten, ordea, ikusi dugu elkarlana posible dela eta EUTSI plan honen bidez harreman hori mantentzea espero dut.

Zer nolako jarrera erakutsi dute gaztelerako taldeetako ikasleek zuen borrokarekiko?

Graduazioko ekitaldian bertan, gaztelerako taldeko ikasle batek ere testu bat irakurri zuen. Esan zuen badela garaia euskara hutsez ikasteko aukera izateko. Gainera, hainbatek sinatu dute gure proposamena. Babesa badugu. Eurek ere ikusten dute arazo bat dagoela.

Gaur egun, zein egoeran dago borroka hau?

Irakaskuntzatik at ere mediku eta erabiltzeen aldetik protesta hau gero eta maizago ematen da. Guretzat oso garrantzitsua da ikasle moduan euskaraz prestatzeko aukera izatea, gero mediku euskaldun gehiago egongo direlako.

Non ikusten duzu zure burua hamar urte barru?

Betidanik mediku lanetan ikusi dut nire burua. Baina orain irakaskuntza ere nire aukeren artean dago. Mediku euskaldunok konpromisoa hartu behar dugu euskarazko formakuntza bermatzeko. Gainera, gaur egun lanbide biak osagarriak izan daitezke.

Uste duzu ordurako Medikuntzako ikasleek gradua euskara hutsez ikasteko aukera izango dutela?

Nik uste dudana? Bada, orain arte bezala jarraitzen badugu, ezetz esango nuke. Baina egia da azken urteotan mediku euskaldun asko irten garela unibertsitatetik eta gauzak aldatzea espero dut. Horretarako guk ere irakaskuntzan parte hartu beharko dugu.

Helduko ote zaizu euskaraz sendatzeko ordua?

Bai. Euskaraz sendatzeko hautua norberarena da, azken batean, inguruak eragina badauka ere. Baina txipa aldatu behar dugu. Medikuarenera ere euskaraz joan behar dugu. Osasungintza euskalduntzea denon esku dago.

Unibertsitateko ikasle berriak batu al zaizkizue?

Azken urteotan, gero eta jende gehiago ari da lanean. Lehenengo mailatik asanbladetan eta jardunaldietan parte hartzen dute ikasleek. Eurek ere gertu ikusten dute arazoa eta oso aktiboak dira.

Zer nolako erantzuna jaso duzue Euskal Herriko mediku taldeengandik? Babesik erakutsi al dizuete?

Norbanako askok babestu dute gure aldarrikapena. Aramaioko medikuak, adibidez, Xabier deitu zuen zoriontzeko, graduazioaren egunean bertan.

MIRa egiteko garaia heldu zaizu. Zein da euskararen egoera bertan?

Hutsa. Ez dago euskaraz egiteko aukerarik. Espainiako gobernuaren esku dagoen oposaketa bat da; estatu mailan egiten den azterketa bat, eta berdina da guztiontzako. Nire ustez, Eusko Jaurlaritzak eskuratu beharreko konpetentzia da.

Orain unibertsitatea utziko duzula, gradua euskalduntzeko lanean jarraitzeko asmorik duzu?

Urteetan zehar ibili gara lanean. Guk dagoeneko fase bat itxi dugu. Baina oraindik asko dago egiteko. Pazienteekin, ospitaletan eta irakaskuntzan lanean jarraituko dugu.

Elkarrizketa honen bertsio originala uriola.eus webgunean dago eta lizentzia libreari esker ekarri dugu hona.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza eskubideak
Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


Behatokiaren hizkuntza urraketei buruzko 2023ko txostena
Hizkuntza muga eta urraketa berak hamar urtez

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 909 kexa jaso zituen Behatokiak 2023. urtean. Horien %75 baino gehiago administrazioari loturiko zerbitzuei buruzkoak dira: “Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela”.


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


Iruñeko EHEren talde berria aurkezteko jaia egingo dute larunbatean

Taldea ezagutarazteko eta proiektua finantzatzeko antolatu dute egun osorako egitaraua.


Eguneraketa berriak daude