Abuztua izanagatik Fukushimak ez dizu opor egingo

  • Telebistaren eta egunkarien isiltasunari sinestekotan, Japoniako krisi nuklearra gaindituta dago. “Ez zen hain larria izango, berriro opor egin die errealitateak alarmazaleei”, pentsa lezake euskaldun sentiberak... baldin eta Internetik ez balego. Baina lobby nuklearrak lortu du orain arte hondamendia blogen muga estuetan hesitzea.


2011ko uztailaren 24an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Irudiak abuztuko oporrak bururatzen dizkio herritar arruntari, halako ekililiak topatuko baititu Europako edozein landa eremutan, egun bero argitsuen iragarle. Japonian, aldiz –argazkia Education in Japan Communityk dauka webean– , eskoletan haurrei

Zentral nuklearra uholdeak harrapatuta AEBetako Nebraskan, bonba atomikoak ekoiztu dituen Los Alamoseko laborategi erraldoia suteak inguraturik... ikusi al duzu horien irudirik inon, Euskal Herrian? Hemengo telebistetan katastrofe eske ari diren editoreek Fort Calhouneko zentral Missourik itoa “ahaztu” dutela? Ikusleen malkoak bilatzen dituzten kazetariei oharkabean pasatu Fukushimatik etorritako bideo zirraragarriak? Nola liteke?

Trikimailua Londrestik azaleratu du The Guardian egunkariak: “Gobernu britainiarraren planak Fukushimakoari garrantzia kentzeko”, titulatu zuen ekainaren 30ean. Lurrikararen eta tsunamiaren poderioz Fukushima Daiichiko zentrala lehertu eta bi egunera, Londresko gobernuak lobby nuklearrarekin adostu zuen marketin kanpaina bat, istripuaren itxura lausotzeko. Horra Europako hedabideek zorrotz darabilten omertá esplikaturik.

Frogak erakutsi ditu The Guardianek: 80 elektroposta gobernuko funtzionarien, EDF Energy konpainiaren, Arevaren eta Westinghouseren artean. EDF da Frantzian jatorria duen elektrizitateko multinazional erraldoia. Areva munduko nuklearrek daukaten hornitzaile nagusietakoa, frantsesa hau ere; planetako erreaktoreen herenak Arevaren uranioa usatzen du, uranioz eta plutonioz osatutako MOX erregai berriaren sustatzaile nagusia ere bera da, Afrikatik Ingalaterrara. Westinghouse amerikarra da, etxeko tresnen ekoizlez gain, erreaktoreak fabrikatzen dituen konpainia nagusia.

“Egoera honek atzerakada handia ekar diezaioke industria nuklearrari”, zioen Londresko Gobernuaren arduradunetako batek eragile pribatuoi bidalitako emailetako batean. “Nola edo hala lortu behar dugu guri aurrea ez hartzea antinuklear jendeak. Eremua okupatu behar dugu eta atxiki. Nuklearrak seguruak direla erakutsi behar dugu”.  Beste mezu batean: “Antinuklearrek Europan lortu dute guzti hau Txernobylekin lotzea. (...)Txernobylekoarekin egindako konparazio horiek zanpatu behar ditugu”. Horrelaxe, hitzez hitz.

Orain, Londresko egunkariak –Murdochen hedabideek antolatu konspirazioak erakutsiz eskandalu berria piztu duen berak– publikatuari esker dakigu martxotik aurrera Britainia Handiko Gobernuak eta nuklearretako enpresa nagusiek kaleratzen zituzten iritziak oro aurrez elkarren artean adostuta etorri zirela. Beste elektroposta batean funtzionari batek zioenez, “guztiok material bera erabili behar dugu komunikabideen eta jendearen aurrean azaltzeko”.

Egunkarian Ingurumen saileko arduraduna den John Vidalen iritzian “pozik egon behar dute antzerki honetako jokalariek orain arte lortu dutenarekin, ikusirik nuklearren inguruko eztabaida nola joan den Britainia Handian”. Londresko Gobernuak ekain bukaeran eman baitu baimena zortzi zentral berri eraikitzeko, eta inork gutxik egin du garrasi.

Fukushimaren aldeko auzolana

Zentral nuklearren jabeek daukaten indarraren beste adibide bat Frantzian ikusi da berrikitan. Noizbait ezker erradikalaren eta gauchismoaren ikono izandako Libération egunkarian zuzendaritza batzordeko buru izendatu dute... 15 egun lehenago arte Arevako zuzendari izandako Anne Lauvergeon. Nuklearzaleen artean gabiroi gogorra Lauvergeon. Jakina zen Libé Rothschild familiak bereganatua zuela, baina disimulu pittin bat ere ez erabiltzea...

Beraz, gure komunikabide gehienek –handiek agenda markatu, txikiek hari segi– Fukushima isilpera kondenatu dute. Alabaina, Japonian erradioaktibitatea ez da desagertu, aitzitik, haren oihartzunak gero eta ozenago ikusi eta entzuten dira Interneteko blog eta agerkarietan. Bakan batzuk laburbilduko ditugu, ingelesez eta frantsesez Fukushimakoaren jarraipena egiten duten serioenetatik hartuak.

Gehiegizko erradiaktibitatea gero eta janari gehiagotan azaltzen da. Lerrook idatzi aurretik azkena, estalpean hazitako shiitake perretxikoetan, Tokyon aurkiturik. Aurretik, 26 probintziatara zabaldu da Fukushimatik erradiazioz banatutako behi haragia. Behikia, txerrikia, esnea, barazkiak, tea, aziendentzako belar ondua... zerrenda luzatuz doa.

Erradioaktibitatea gero eta leku gehiagotan aurkitzen da. Hondakinen errauskailuetan, esaterako, kopuru handietan azaldu da. Baina autoen haize egokitu sistemetan ere nabarmendu dira erradioaktibitate arrastoak. Orobat Fukushimatik aparte, Tokyo barne, euri gehien biltzen duten guneetan, parkeetan, estolderian, eta beste.

Fukushiman bertan eskoletan-eta hasi dira kutsatutako lurrazala kendu eta lurperatzeko obrak. Harrigarria dirudien arren, eskola-umeak bertan direla. Hain zuzen, Fukushimako herritarren mugimendu gero eta handiagoa da beste albistea. Diziplina handiz jokatzen dute japoniarrek, beren artean bezala agintariekiko, baina gero eta gehiagok salatzen dute buruzagiek engainatu egin dituztela, laborategiko akuritzat erabiliz.

Herritar batzuek kexuz eta mobilizazioz erantzuten duten moduan, ez dira gutxi etsipenezko erabakiak hartzen dituztenak. Tantaka iristen dira beren burua hiltzen dutenen berriak, lurra eta bizimodua pozoitu dizkioten baserritar bat hemen, familia urruti joanik etxetik alde egin nahi ez duen 93 urteko amandrea han...

Agintari japoniarrek mezu kontraesankorrak zabaltzen dituzte. Berrikitan Naoto Kan lehen ministroak zalaparta eragin du deklaratu duelarik, ikusita zer nolako arriskuak dakartzaten, zentral nuklearrik gabeko gizarte baterantz joateko urratsak eman behar direla. Baina beste eskuarekin erradioaktibitatearen inguruko informazioak larri manipulatzen darraite.

Uztailera arte ezkutuan eduki dituzte martxoan bertan Fukushimako 1.050 haurri egindako neurketen emaitzak: ia erdiaren tiroideek erradiazio arrasto nabarmenak zituzten. Baina gainera, agintariek jarraitzen dute herritarrek nozitu beharreko gehienezko erradiazio kopuruen topeak manipulatzen, bai jendeak hartu ditzakeen milisiervet eta bai lurrean bezala janarietan pilatutako becquerel kopuruak handituz.

Japonian bertan herritar ugari talde zahar eta berrietan bilduz doaz. Batzuek elkarren laguntza antolatzeko, etxetik alde egitera bortxatuei esaterako. Beste batzuek erradiazioen kontrola auzolanean abiatzeko, agintariek ematen dituzten datu eta informazioak fidagarri ez zaizkielako.

Eta mundu osoan ekintzaileak ugarituz doaz. CRIIRAD eta Greenpeace bezalako klasikoak japoniarrekin elkarlanean. Berri pila bat ere bai, ezezagunagoak, informazioak bildu, laburtu, sailkatu, itzuli, landu eta zabaltzen. Opor egin gabe.

Informazio gehiago:

- The Guardian egunkarian "Revealed: British government's plan to play down Fukushima".

- Londresko gobernuaren eta industria atomikoaren arteko elektropostak The Guardianek azalduta.

- John Vidal kazetaria eskandalo honen izaera orwelldarraz.

- Areva multinazional atomikoaren burua Liberation egunkariko zuzendaritzan buru.

- The Fukushima Project, ingelesez hango krisiaren jarraipen zorrotza egunero.

- Fukushima-over-blog, krisiaren jarraipen oso ona frantsesez.

- Mezua Fukushimatik, Haurrak Erradiazioetatik Babesteko Elkarteko kideek egina, euskarazko azpitituluekin.


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude