|
![]() |
![]() |
![]() |
|
![]() Txotx garaian sagardotegiren batera joan eta alferraren alferrez mahaitik jaikita edandako sagardoa ezagutzen dugu gehienok. Batzuk herrietan antolatzen diren sagardo egunetara joateko animatzen dira. Urte asko ez direla ordea, sagardoa eguneroko edaria zen eta sagardotegia, bilgunea, apusturako tokia... Sagardo eta sagardotegi hitzak entzuten ditugunean txotx garaia datorkigu burura gehienoi. Garai honetan Euskal Herriko sagardotegiak jendez betetzen dira sagardo berria dastatu ahal izateko. Toki eta testuinguru zehatz horrekin lotu ohi da gehienetan edari hau. Sagardoak sagardotegiaren lau hormen artean gelditzen den edaria dirudi sarritan. Euskal Herrian sagardoak izan duen presentzia eta garrantzia ez da gaur ezagutzen dugun modukoa izan, ordea. Gure aurreko euskaldunentzat sagardoa eguneroko edari izan da, otordu guztietan janariari laguntzeko erabiltzen zuten edaria. Zenbait kasutan ordainketa egiteko edota festa egiteko ere erabiltzen zuten. Gainera, sagardoa Gipuzkoara bakarrik ez zen mugatzen. Euskal Herri osoan egin eta edan izan da sagarrez eginiko edari hau. Hori horrela izan dela frogatzen duten agiri anitz dago artxibategietan eta liburuetan, baita ahozko tradizioaren bidez jasotako kulturan ere. Gogora ekarri besterik ez ditugu, esate baterako, Jose Uria Irastorza tolosarrak sagardoari buruzko liburuetan egindako aipamenak, 1235. urtean Lapurdi eta Nafarroaren arteko borrokan gertatutakoak. Nafarroako Artxiboan, 1239ko agirietan jasota ageri dira borroka latz haiek uzitako ondorioak. Nafarrek lapurtarrei ikaragarrizko hondamendiak eragin zizkieten, antza. Uztaritzeko 25 sagardogile, Senpereko 9, Hazparneko 25, Bardoxeko 3, Larresoroko 13 eta Ezpeletako 5 sagardoa egiteko tresnarik gabe gelditu ziren. Borroka haietan upelak, dolareak eta sagarrondoak moztuta agertu zitzaizkien. Lapurtarren kexuak jasotzen ditu agiri honek. Noiztik
sagardoa Euskal Herrian?. Sagardoa
Euskal Herrira nola iritsi zen ez dago batere garbi. Honen inguruan
teoria bat baino gehiago daude. Sagar landarea Afrikatik sartu zela
irakurri izan dugu. Arabiarrek ekarritakoa dela esaten duenik ere bada.
Erromatarrek ere ba omen zekiten sagardoa egiten. Euskaldunok haiengandik
ikasi omen dugu. Auzolana,
baserrien oinarri. Ehun edo
berrehun urte atzera eginez gero, baserriz jositako bizimodu, testuinguru
batean kokatuko genuke sagardoa. Garai hartan sagardoa baserrietan egiten
zen. Baserriak eta lurrak ematen zituen lanez gain, sagardoa egitea
zen beste zereginetako bat. Etxerako egiten zuten sagardoa. Auzoan beti
izaten zen dolarea eta matxaka zituen baserriren bat. Bertan jotzen
zuten sagarra inguruko baserri guztietakoek. Hondarribiako Artzu baserrikoa
da Gregorio Berrotaran. Berak gogoan du orain dela gutxi arte baserritarren
artean egon den auzolanerako ohitura. "Auzokoek idiekin bultzatutako
gurdian, garlean ekartzen zituzten sagarrak eta gure etxean jotzen zuten
sagarra. Dolarea erabiltzeagatik ez zen ezer kobratzen. Ordainetan,
baserriko lanetan, garotan edo belarretan, laguntzen ziguten. Garai
hartan auzolanean egiten ziren lanak. Gaur egun, hau aldatu egin da:
hitz guztiek prezio bat dute orain". Sagardo
berria dastatzeko festa. Sagardoa
jotzeko eta estutzeko lan hau bukatutakoan sagardo berria egin zutela
adierazteko festa egiten zuten. Herriko plazan edota baserriko atarian
biltzen ziren auzokideak. Janaria ekartzen zuten eta muztio berria edaten
zuten. Nafarroako Arizkun herrian, esate baterako, sagarra estutzeko
erabilitako oholetako bat hartu eta bertan pisoiekin jotzen zuten, txandaka,
sagar jotzea errepresentatu nahiz bezala. Honekin batera Kirikoketa
izeneko kantua kantatzen zuten: "Kirikoketa, kirikoketa/ kirikoketa,
koketa, koketa./ Sagarra jo dela,/ sagarra jo dela,/ sagarra jo dela,/
jo dela, jo dela". Barrikotea.
Auzokoak bildu ohi ziren elkarrekin otordua egiteko. 100 litroko barrika koxkor bat hartzen zen barrikoterako eta hura hustu arte edaten zuten. "Ardi zaharren bat akatu eta lagunartean afaltzen zen. Bakailaoa tomatearekin, pipermin dexente botata eta sardina zaharrak. Horixe izaten zen menua. Ez zegoen besterik" dio Gregorio Berrotaran hondarribiarrak garai bateko kontuetan murgilduta. Irungo Usategieta baserrian ere egiten zuten sagardoa. Bertakoa da Joxe Tolosa eta berak ere ondo gogoan ditu barrikoteak. "Horixe izaten zen festa. Bakailaoa ona izaten zen, baina gatz asko izaten zuen. Sarritan jan ere ezin zen egin, zapore oso gogorra zeukalako. Janari mota honekin oso ondo sartzen zen sagardo bizia". Sagardotegiak,
ikuskizun handien gune. Hirigunetik
urrun zeuden baserriak, dolarea zutenak, erakargarri bihurtu ziren XIX.
mendean. Aisialdirako eta festarako leku bihurtu ziren. Bizikletan,
tranbian edota oinez etortzen zen jendea sagardotegira, egunpasa egitera.
Sagardotegi zaharrak ezagutu dituzten pertsona nagusiek diotenez, batzuek
egun bat baino gehiago ematen zuten sagardotegian. Gehiegi edan zutela
eta, sagardotegian bertan lotan gelditutakoak baziren makina bat. Hurrengo
egunean euren emazteak joaten omen ziren arropa garbiekin, haien senarrak
arropaz alda zitezen. (Testua: ARGIA.com)
|
|||||
Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: Sareko Argia ARGIA. Zirkuitu Ibilbidea, 15. pabilioia. 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa) Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403 |