ARGIA.com

SAGARDOA

Sagardogileen gida
Historian
Euskal Herrian
Munduan
Sagardoa urratsez urrats
Sagardo kontu batzuk
Sagarra
Lotura interesgarrienak


 

Ikuspegi orokor bat
Sagardoaren jatorriari buruzko iritzi eta teoria asko egon arren, historialari gehienak bat datoz sagardoa Kristo aurreko urteetan sortu zela esatean.

Egipto, Bizantzio eta greziar zibilizazioen garaian sagardoa edatea gustoko zuten. Garai haietaz ezagutzen diren testuetan sagarrondoek zuten protagonismo eta garrantzia antzeman daiteke: opari edo eskaintza baliotsuak egin behar zirenean sagarrondoak oparitzen ziren. Erromatarrek nahiago zuten ardoa sagardoa baino. Konkistatutako lurraldeetan ikusi zuten sagardoa egiteko zegoen ohitura. Haiek sendagai bezala erabili zuten sagardoa. Pliniok, enperadore erromatarra Asturiasen sartu zenean (23-79 K.o.), sagar ardoa "bertako edari tipikoa" zela esan omen zuen.

Beste hainbat ikerlek, aldiz, zeltek sagarrekin egiten zuten edarian aurkitu zuten sagardoaren jatorria. Hauen arabera, zibilizazio honek Europan ezagutarazi zuen edari hau; nahiz eta arabiarrak izan ziren, nekazaritza sistema aurreratuak erabiliz, sagar klaseen zabaltzea bultzatu eta hauek ekoizteko teknikak Europa osora zabaldu zituztenak.

Jose Uria Irastorza, "Sagardoa" liburuaren egilearen arabera, Euskal Herrian, VII. mendea baino lehenagoko estela eta bestelako inskripzioetan agertzen dira "sagar" erroa duten izen eta abizenak. Nafarroako Antso Handiak 1014. urtean Leireko monastegiari oparitu zizkion sagastiek argi erakusten dute garai urrun haietan sagarrekiko zegoen zaletasuna. Dena den XIII. mendera arte ez dira izkribuak sagardo edariaz mintzo. Garai hartako poema batean aipatzen da lehen aldiz euskaldunek itxura itsusiko sagarrekin egiten zuten muztio motela edo sagardoa.

Baina sagardoa Euskal Herrian ere egiten zen arren, Asturias izan da lehen garai haietatik sagardogintzan nagusi izan den lurraldea eta ez produkzioan bakarrik, baita edateko ohituran ere. Historikoki, sagardoa eta sagarrondoak elementu preziatuak izan dira lurralde horretan eta bertako erregeen edari maiteena izan da urtetan zehar. Herria zorren presiopean edo eskaintza bat egin beharrean zegoenean sagardoa izaten zen edukinik baliotsuenetakoa. Historiak erakutsi duenaren arabera, sagardogintzaren hazkundea erabat loturik dago herriaren egoera ekonomikoarekin eta kontsumoak igoera handiak ezagutu ditu onura ekonomikoko garaietan. Hala gertatu zen Asturiasen XII, XIII eta XVIII. mendeetan.

XX. mendean Gerra Zibilaren ondorengo urteak gogorrenak izan ziren edari honentzako, Frankoren erregimenak bere produkzio eta kontsumoa debekatu egin baitzituen. Erregimenak burutu zuen politikaren ondorioz izugarri jaitsi zen sagardo kontsumoa eta edariak biziraungo ote zuen beldur ziren asko. Baina 80ko hamarkadan sagarrondo zein kontsumoaren hazkunde itxaropentsua izan zen.

Europan

Sagardoa betidaniko eta ohitura handiko produktua izan da atlantiar kostaldeko herrialdeetan, Frantzia, Ingalaterra, Belgika, Irlanda eta Alemanian, batez ere. Adituen arabera, Karlomagnoren garaikoa da (IX. mendearen hasieran) Europako sagardoaz dugun lehen erreferentzia.

Frantzia da Europan sagardo ekoizlerik indartsuena. Ikerleek diotenez sagardoa V. edo VI. mendetik ezagutzen dute estatu hartan baina XV. mendean gertatu zen klima aldaketa onuragarria izan zen sektore honi benetako bultzada eman ziona. XVI. mendean erabat modernizatu zituzten edari hau ekoizteko sistemak hainbat erregek Espainiatik eramandako prentsa sistemei esker. Luis XVI. erregeak askotan hitz egiten omen du bere idatzietan sagardoaz.

Britainia Handian ezagutu ziren lehen sagarrondoak Erromatarrek landatuak izan ziren, baina adituen arabera, sagardoaren lehen arrastoak normandiarren konkistaren ondorengoak dira. Hauek sagar klase berriak eraman zituzten irlara eta egun duten sagardogintza tradizioa ezarri zuten.

Amerikan

Europarrek Amerika konkistatu zutenean beraiekin eraman zuten sagardoa egin eta sagarrak ekoizteko ohitura. 1629. urterako erabat finkaturik zeuden sagarrondoak Virginia eta Massachusetts-eko kolonietan. Sagar hauek ez ziren jateko behar bezain gozo eta urtsuak eta horregatik sagardotarako erabiltzen hasi ziren. 1767. urtean batez beste 1,14 upel edaten zen pertsonako Massachusetts-eko estatuan eta Harvard-eko ikasleek eguneroko dietaren barruan zuten sagardoa.

Sagardoak, whiskyak eta bestelako edari alkoholikoek ez bezala gainera, irudi ona zuen eta mota guztietako egoerak ospatzeko usu erabiltzen zen (familia bilkurak, lagun arteko ospakizunak...). Elizak berak onartua zen eta apaiz zein diakonoek egunero edaten omen zuten neguko hotzari aurre egiteko. Sagardoak zuen onespenak eraginda, kanpaina handiak egin ziren "Alkohol Debekuaren" garaian sagardoa edari debekatuen zerrendatik at utz zezaten.

Estatu Batuetako lehen hiru presidenteak, George Washington, John Adams eta Thomas Jefferson, sagardo edale amorratuak izan ziren eta historian zehar hainbat presidentek sagardoa eskaini dute beren emanaldi edo mitinetan. William Henry Harrison-ek (1773-1841), adibidez, sagardo upela baten logotipoa erabili zuen bere kanpainan.

Baina gaur egun sagardoak Estatu Batuetan bizi duen egoerak ez du zerikusirik duela 150 urtekoarekin. 40ko hamarkadan sagardoa langile klasearen edaririk gustukoena bazen ere, "Alkoholaren Debeku Garaia"k konponezinezko kaltea eragin zion betirako. Debekuaren ondoren sagardoak ezin izan zuen aurreko egoera berreskuratu eta edaleen buruetatik ezabatua geratu zen. Zer dela eta gertatu zen hau sagardoarekin garagardoa, whiskya eta rona inoiz baino indartsuago berpiztu baziren? Non geratu zen berau edateko ohitura? Oraindik ez zaio azalpen argirik aurkitu gertakari honi.

(Testua: ARGIA.com)

  Lehen aipamenak Euskal Herrian
Sagardoa eta Foruak
Sagardoaren gainbehera
XX. mendean hondoa jo eta berpiztu
Mende bukaerako hedatzea
Igartubeiti museoa
Eguneroko edaria


Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: Sareko Argia
ARGIA. Zirkuitu Ibilbidea, 15. pabilioia. 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403