ARGIA.com

SAGARDOA

Sagardogileen gida
Historian
Euskal Herrian
Munduan
Sagardoa urratsez urrats
Sagardo kontu batzuk
Sagarra
Lotura interesgarrienak


Sagardoa eta foruak
Sagardoaren alderdi ezberdinak eta bitxikeriak azaltzeko garaian ezin ahaztu bere presentzia euskaldun foru, ordenantza eta legeetan. Sagarrondoa, sagarra eta sagardoari buruzko legeria aberatsa da, liburu zaharretan antzeman daitekeenez. Dokumentu guzti horietatik sagardoak garai baten izan zuen garrantzia ondorioztatu dezakegu.

Antzina,foruek sagarrondoa babesten zuten. Babes hau ez zen zuhaitzetara soilik mugatzen, baizik sagarrondoa zegoen lurrari edo zelaiari ere zabaltzen zitzaion babesa. Foruak isunak eta zigorrak ezartzen zizkien sagastietan kalteak eragiten zituztenei.

Sagardoaren babesa arduratsua eta zehatza izatera iritsi zen: sagarrondoak landatzeko lurraren jabeak lurralde bakoitzeko ordenantzak errespetatu behar zituen; esate baterako zuhaitzen arteko tarte minimoa bat mantenduz eta abar.

Sagarrondoaren babeserako ezagutzen diren lehendabiziko arau idatziak Lapurdikoak dira. Ricardo Lehoibihotzak 1189. urtean idatzi zituen. Arauon arabera edozein animaliak debekatuta zuen sagastian sartzea eta sagarrak lapurtzen harrapatzen zuten gaizkilea zigortzea agintzen zuen. Hamaika adibide aurki dezakegu honen inguruan.
1245. urteko Nafarroako dokumentu batean agertzen denez Kanbo eta Uztaritzeko nekazariek Teobaldo I. Nafarroako erregeari protesta egiten zioten sagarren eta kupelen lapurreta zela eta.
1457. urteko Gipuzkoako ordenantzaren arabera, sagardun bost sagarrondo moztu edo suntsitzen zituenari herioz zigorra ezartzen zitzaion; berdin Bizkaian.
1587. urtean Hernani herriari emandako ordenantzaren arabera, ahuntzen bat sagastian sartuz gero, bere jabeak 24 marabedi ordaindu behar zituen, antxumea izanez gero 12 marabedi. Zigorra bikoiztu egiten zen hori gauez gertatzen bazen.

Arauak bazeuden sagarrondoak landatzeko orduan ere: Gipuzkoako foruetan, XXXVIII. tituluan jasotzen denez sagarrondoak landatzerakoan, arbola batetik bestera 5,58 metroko tartea utzi behar zen (neurri berezi horri "sagar-lur" esaten zitzaion). Saran eta Ainhoan XIX. mendean artean "Hogei oineko" izeneko neurria erabiltzen zen (oina=0,278 m.)

SAGARDOAREN INGURUKO ARAUTEGIA

Sagarrarekin eta sagastiekin gertatzen zen bezala bezala, foruak eta ordenantzak nahikoa babeskorrak ziren sagardoarekin. Hasiera batean sagardoa etxeko kontsumorako soilik erabiltzen zen. Denborarekin sagarra eta sagardoa ordainketarako erabiltzen hasi ziren. Baina benetako merkaturatzea portuak eta bide berriak eraiki zituztenean jazo zen.

Legeen arabera kanpoko sagardoa ezin zen herrira sartu bertakoa bukatu arte. Halere, herriko kanpokaldean saltzeko baimena bazuten. Hau da, Tolosakoek ezin zuten Hernaniko sagarra edo sagardoa eskuratu baina produktu horiek Hernanin saldu bai. Halaber, Hernanik Tolosan saltzerik bazuen baina debekaturik zeukan handik ekartzea. Egoera honek anitz auzi sorrarazi zituen, gehienetan Batzar Nagusien parte hartzea beharrezkoa izaten zelarik. Hernanin (A atalean, 9. bulegoan, I seriean) 1542. urteko ordenantzen arabera hainbat espediente burutu ziren. Lehendabiziko espedientea (1.liburua, 1. espedientea), Esteban de Ollok, Artigako San Sebastian el Antiguo parrokiako biztanleak Hernanin bere sagardoa saldu nahi izateagatik ireki zen.
Atal bereko 3. espedientean, Olaberriagako burdinolari dukado bateko isuna ordainarazi zioten, Hernaniko agintariek Urnietatik ekarritako sagardoa burdinolan aurkitu zutenean. 6. Espedientean (1651 eta 1681 urteetan) sagarraren eskasia zela eta, Hernaniko udalak kanpotik sagarra ekartzeko baimena eman zuen, halaber, bertako sagarra edo sagardoa kanpora saltzea debekatu.

Sagardoaren salmenta guztiz araututa egon zen XIX. mendera arte. Denboraldi bakoitzaren hasierarekin batera, udaletako agintariek sagardotegi eta kupelen irekiera arautzen zuten, baita ere hauen txandaketa. Gaur egun sagardogileek nahi dutenean irekitzen dituzte kupelak; antzina sagardotegi gehiago eta lehiakidetasun handiagoa zegoenez arau eta legeak ezartzea beharrezkoa zen. Udaletxeetan sagardo arduradun bat izendatzen zen eta horrek sagardotegi guztietako sagardoak dastatu ondoren, kupelak zigilatu eta zozketa bat egiten zuen kupelen irekialdia errenkadatzako. Denboraldi hasieran behin kupelak zenbakitu eta gero, sagardogile guztiak biltzen ziren eta zozketari ekiten zioten. Zilarrezko bi pitxarretan kupelak adina papertxo sartzen ziren; ateratzen zituzten papertxoek kupelak irekitzeko ordena jartzen zuten. Lehendabiziko bi kupelak 8 egunez irekitzen ziren, ondoren beste biak, hauek ere beste 8 egunez, eta abar. Honela gertatu zen Tolosan 1758. Urtera arte. Bitxikeria bezala, aipa dezagun Gipuzkoako Foruan XXXIX tituluan, 2. kapituluan, suteei buruzkoan irakur daitekeena : "Sutea izan eta ur falta gertatuz gero, ardoa eta sagardoa sua itzaltzeko erabiltzea onartzen da, baita etxeak botatzea ere, kalte-ordaina beharrezkoa balitz ere"

(Testua eta argazkia: Jon Garmendia)

Ikuspegi orokorra
Lehen aipamenak Euskal Herrian
Sagardoaren gainbehera
XX. mendean hondoa jo eta berpiztu
Mende bukaerako hedatzea
Igartubeiti museoa
Eguneroko edaria


Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: Sareko Argia
ARGIA. Zirkuitu Ibilbidea, 15. pabilioia. 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403