|
Mende
bukaerako hedatzea
Sagardoa
Gipuzkoakoa dela esan ohi da. Litro kopuru gehien Gipuzkoan ekoizten
da eta bertan dago sagardotegi gehien. Horrek ez du esan nahi ordea,
Gipuzkoan sagardoak indar handia zuenean beste probintzietan eguneroko
edaria ez zenik. Orain ere, beste pronbintzietan ekoizten da sagardoa.
Sagardogintzak
1970eko hamarkadan izan zuen susperraldia Euskal Herrian. Txotx garaian
sagardotegietara hurbildu eta bertan sagardoa txotxetik edatea modan
jarri zen, eta modan egoten jarraitzen du gaur egun ere. Hortik kanpora,
eguneroko bizimoduan ez du sagardoak euren egileek nahiko luketen adinako
presentziarik. Horixe da gaurko sagardogileen apustua: botilako sagardoa
bultzatu, hau da, gure bizitzako edozein unetan, egoeratan eta tokitan
sagardoa kontsumitzea.
Sagardogintzak orain hogeita hamar urte izandako susperraldi honek Gipuzkoan
izan du oihartzuna batez ere. Sarritan edari hau edari gipuzkoartzat
hartu izan da. Sagardoa, ordea, Euskal Herri ia osoko baserrietan egin
eta edan izan da. Hori frogatzen duten agiri eta dolare zahar asko aurki
dezakegu Euskal Herriko hainbat txokotan.
Gipuzkoako sagardogileen erreleboa hartu dute duela urte batzuk Euskal
Herriko beste probintzietan. Azken hamar urteetan sagardoa presentzia
hartuz joan da Araban, Bizkaian, Nafarroan eta Iparraldean, kopuru oso
txikietan bada ere. Sagardotegi horiek nolakoak diren eta sagardo denboraldia
nola burutzen duten, horren berri emango dugu segidan.
ARABAN
12.000 LITRO PREST.
Beti ardoarekin lotu izan dugun probintzia honetan oinarri sendoak ditu
sagardoak. Arabaren iparraldean batez ere egin izan da edari hau. Sagardogintzaren
arrastoak nonnahi aurki daitezke. Azken urteotan sagardoa etxerako egiten
dutenen kopurua handitu egin da. Euskal ohitura eta lanbide zaharrak
berreskuratzeko ahaleginaren ondorioa nabarmena da. Ahalegin eta ilusio
honen ondotik sortu zen Aramaioko Iturrieta sagardotegia. Bera da Araban
sagardoa komertzializatzen duen dolaredun sagardotegi bakarra. Juanjo
eta Benito Peciña anaiak dira, jaiotzez gasteiztarrak. Orain
dela hiru urte zabaldu zituzten Iturrietako ateak. Aramaioko gain batean
kokatuta dago baserri hau.
Urtarrilaren bukaeratik apirilaren amaiera arte irauten du txotx denboraldiak.
12.000 litro prest dituzte txotx garairako. Momentuz sagardotik bakarrik
bizi ezin dutenez, ostalaritza lanak egiten dituzte. Oraingoz ez dute
sagardoa botilatan saltzen.
Gehienetan etxeko sagarrarekin egiten dute sagardoa. Mila sagar landaketatik
gora egin dituzte eta hemendik lauzpabost urtera sagarra ematen hasiko
dira.
Iturrietako sagardogileek sagardogintzaren inguruko ohiturak erakutsi
nahi dizkiete bertara hurbiltzen diren arabarrei. Sagardoaren inguruko
kultura horretan hezi nahi dituzte bezeroak. "Sagardo giroa sortu
nahi dugu. Jendea sagardoa dastatzera etortzea nahi dugu. Hemengoek
ez dute Gipuzkoako txotxaren kultura hau ezagutzen. Hala ere, gero eta
gehiago dira sagardotegira hurbiltzen direnak. Egia da ohitura hori
ere aldatzen ari dela pixka bat. Edalontziak hartu eta upelera sagardo
bila inguratzea oraindik zail egiten zaio jendeari. Askok nahiago izaten
dute eseri eta pitxarretik botatakoa edan. Gainera, sagardotegiko menua
oso mugatua da batzuentzat eta askotan ez dute onartzen" dio Juanjo
Peciñak.
Aramaion etxerako sagardoa egiten jarraitzen dutenak badira oraindik.
Baserritar sagardogile horiekin badute harremana. Iaz guztiak elkartu
eta I. Sagardo Eguna egin zuten herrian bertan.
BAZTANEKO
SAGARDOA.
Sagardoa
etxerako egiten jarraitzen duten baserritarrek indar handia dute Nafarroan
ere oraindik, Baztan bailaran, batez ere. Baina Iruñetik gora
bizi diren nafarrek Gipuzkoako sagardotegietara joateko ohitura hartu
dute, eta beraz, Nafarroan bertan giro hori sortzea atzeratu egin da
pixka bat. Kontuak kontu, une honetan sagardoa saltzen duten sagardogileak
bost dira. Nafarroako Sagardogileen Elkartea sortzeko azken urratsak
emanda daude gainera. Jesus Angel Garcia, Lekarotzeko Larraldea sagardotegiko
sagardogileetako bat izango da hemendik aurrera elkarteko presidentea.
Sagardoa egiteaz gain, pattarra edo sagardoza ere egiten dute Larraldea
sagardotegian.
Lekarotzeko sagardotegiaz gain beste lau daude: bi Berueten, eta Lekunberrin
eta Aldatzen bana. Nafarroako sagardogile batzuk bertako sagar motak
aztertu, sagardotarako egokienak direnak hautatu eta sagar landareen
txertaketak egiten hasi dira dagoeneko, etorkizunean sagar hori sagardotarako
erabiltzeko asmoz. Esate baterako, Lekunberriko sagardogilearen berezitasuna
modu ekologikoan egiten den sagardoa da.
IPARRALDEAN
ELKARTEA OSATZEKOTAN
Bertako sagar motak ezagutzeko eta mantentzeko kezka aspaldidanik eduki
dute Iparraldean, eta horren inguruan lan asko egiten ari dira. Sagartzea
elkarteak eta Eztigar kooperatibak seiehun sagarrarondo landatu zituzten
1989an. Horrez gainera, Iparraldeko sagar motak ezagutzen eta horiekin
esperimentuak egiten ari dira. Beltxu izeneko sagarnotegia daukate Donaixtin
(Nafarroa Beherea). Sagarnotegi txikia da. Sagarnoa botilatan saltzen
dute, baina ez dute txotx denboraldirik egiten.
Hemen ere sagardoa etxerako egiten dutenak asko dira, baina une honetan
lau sagarnotegitan bakarrik saltzen dute sagarnoa: Urruñako Txopinondon,
Lasako Aldakurrian, Donaixtiko Beltxun eta Biriatuko Beloki sagarnotegian.
Iparraldeko sagarnogileek komertzializatzerakoan izan duten trabatako
bat cidre ezin erabili izana da. Sagarnoari buruz Frantziako legediak
cidre hitzari buruz ematen duen definizioa ez dator bat Euskal Herrian
egiten den hartzitutako muztioarekin. Izen horren ordez beste izen bat
erabiltzen dute, sagarra oinarri duen edari hartzitua" moduan
itzul daitekeena. Bertako sagarra zein kanpokoa erabiltzen dute. Txotx
garaiari hasiera emateko ekitaldia egiten dute Urruñako Txopinondo
sagarnotegian. Aurten hilaren 26an izango da, esate baterako.
Iparraldeko sagardogileak batuko dituen elkarte bat egitekotan dira.
Iparraldean jendea sagarnotegietara hurbiltzeko, sagarnoari bultzada
emateko ahaleginetan arituko litzateke elkarte hau.
BIZKAIAN 12 SAGARDOGILE.
Gipuzkoaren
ondoren sagardogile kopuru handiena duen probintzia da Bizkaia. Hamabi
sagardogile daude. Guztiak Bizkaiko Sagardoa elkarteko kide dira. 250.000
litro sagardo egin dituzte aurten. Zornotzako Uxarte sagardotegia da
horietako bat. "Bertoko sagarraren erabilpena oso handia da. Egiten
den sagardo gehiena Bizkaiko sagarrarekin eginda dago. Hori oso garrantzitsua
da guretzat" dio Jose Antonio Zamalloa sagardogileak.
Bizkaiko Foru Aldundia ere bertako sagarraren alde lanean ari da. Zallan
daukan Zentru Esperimentalean Bizkaiko hainbat sagar mota landatuta
dauzkate, euren fitxa eta guzti. Mota horietatik batzuk hautatu dituzte,
sagardotarako egokienak diren sagarrak, eta horiek bultzatzen ari dira.
Sagardo egunak ere ugari ospatzen dituzte Bizkaialdean. "Bertako
sagardoari bultzada emateko, gure produktua promozionatzeko egiten dira
egun hauek" esan du Jose Antonio Zamalloa sagardogileak.
Bizkaitarrek sagardo litro dezente egiten dutela esan berri dugu, baina
ezin dugu ahaztu Bizkaian txakolinak duen tradizioa. Sagardogile batzuk
sagardoaz gain txakolina bera ere ekoizten dute.
(Testua:
ARGIA.com. 2000)
|