Mediterraneoak, bere ura berriztatzeko 80 edo 90 urte behar dituen itsaso itxiak, kutsadura arazo larria du. Eta kutsadura horren zatirik handiena, %80 Europar Batasunaren iturrien arabera, plastikoa da. Ingurumenaz arduratzen diren zenbait erakundek zabaldutako datuek diotenez, 500 tona plastiko-hondakin daude itsasoan flotatzen, eta material beraren 250.000 milioi partikula txiki. Zabor horren %83ak lehorrean dauka jatorria.
Horri aurre egiteko, Europar Batzordeak proiektu pilotu bat abiarazi zuen Frantzian, aurtengo maiatzean: arrantzaleei ordaintzea arrainen ordez plastikoa jaso dezaten. Hala batutako hondakinak birziklatzera bideratuko dituzte. Bide batez, diru-sarrera bat ziurtatuko zaie beren ohiko lana egiteko gero eta oztopo gehiago daukaten arrantzaleei.
EBko Arrantza Komisarioak, Maria Damanaki-k, adierazi du itxaropena duela ekimen hau laster beste herrialde batzuetara hedatzeko. Beste herrialde batzuetako zenbait arrantzalek, berriz, gogorarazi nahi lukete beraiek aspalditik egiten dutela zabor-biltzaile lana ordainetan ezer jaso gabe, arrainarekin batera horixe bera baita portura ekartzen dutena, erruz: hondakinak.