Aaron Thomas talde madrildarrak irabazi du Bilbao Hiria Pop-Rock lehiaketaren 20. edizioa. Euskal Herriko talderik onenaren saria Munlet talde gipuzkoarrarentzat izan da, eta metal banda onenarena Tenerifeko Meridian Zerorentzat.
Iñigo Ibañez eta Justy Garcia argazkilariek Askatasunaren hiribidea izeneko erakusketa paratu dute Donostiako Kutxa Boulevard aretoetan. Halaber, Rose Marie Stinusen akuarelak ere ikusgai daude leku berean. Hilaren 29a arte izango dira bi erakusketak zabalik.
Galeusca Federazioa sortu dute idazle euskaldunak, galiziarrak eta katalanak biltzen dituzten elkarteek. Elkarren arteko lankidetza sustatzea izango da Federazioaren helburua. Pasa den igandean aurkeztu zuten Pobleteko monasterioan (Herrialde Katalanak) egindako ekitaldian.
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Faborez 1 diskoan bildu zituen kanten partiturak plazaratu ditu, Faborez, 01 liburuan. Xabi Aburruzaga izan da transkripzioen arduraduna.