Orduan Urrezko Sudurra zara... Beti antzeko txisteak entzuteaz gogaituta al zaude?
Egia esan bada apur bat gogaikarria, beti txiste erraz berbera entzun behar. Saria horrela deitzen da erabiltzen dugun zentzumen bakarra usaimena delako.
Azken urtean lanean ikasi duzun zerbait?
Zinez harrigarria da zenbat bodega eta zenbat ardo mota ateratzen diren urtero. Berrikuntza guztiez jabetzea ia ezinezkoa da.
Jolastoky jatetxean egiten duzu lan... Nork zioen jateko gauzekin ezin dela...?
Jolastu... Halere Adria jauna lanean ikusi ostean kontrakoa pentsatu behar da. Egun janariaz jolastu egiten da, eta asko. Bai elaborazioan, baita aurkezpenean ere. Bordeleko ardoak lata barruan sartzen dituzte, adibidez. Badira ia alkoholik gabeko ardoak ere.
Negurin usaimen hobea daukazue?
Nire lana ez da usaimen kontua, usaimen memoria kontua baizik.
Ba al da sumillerren sindikaturik?
Ez dakit existitzen ote den. Halere badaukagu sumillerren elkartea.
Zenbat ardo on edan daiteke plazera apurtu gabe?
Ez dago neurri jakinik. Gutariko bakoitza parametro berezietan aritzen da.
Batzuetan ardoari buruz asko dakidala iruditzen zait... tabernetan ematen dituzten “kriantzak” edangaitzak egiten zaizkidalako!
Tabernak ez dira dastaketa egiteko toki egokia, zarata eta kea etsai dauzkagulako. Bertan ematen dizuten kriantza ez bazaizu gustatzen, beste ardo desberdin bat eskatu eta probatu beharko zenuke. Egun ardoaren kalitatea ona da ia edozein etxetan.
Mesedez, ihes egin aurretik gomenda egizkidazu marka eta urte egokiak. Nire ahalmen ekomomikoaren arabera, noski!
Oso zaila zait marka jakina gomendatzea. Hasteko ardoaren jatorria hautatu beharko zenuke. Gero zuri, gorri ala beltz nahi ote duzun. Ondoren mahats tipoa letorke. Bukatzeko, ea urtekoa, kriantza ala erreserba...
Poteoan ibiltzen zara?
Bai horixe! Guk ere badaukagu alde gizatiarra eta ondo pasatzea gustatzen zaigu.