TXOMIN OTAMENDIREKIN


1974ko abenduaren 15ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
TXOMIN OTAMENDIREKIN
Txomin Otamendi Arrasateko LANA Baserri-Kooperatibaren Zuzendaria da. Gaztea, azkarra, ekintzailea. Baserri eta nekazaritzaren iraupen-borroka beregan bizi duena. Badaki zerbait, hainbat aldiz goraldutako euskal baserri zaharrez.
Hiru urte dira ezagutu nuela eta beti izaten naiz kontentu gizon honekin hitzegiteko. Beti ikasten dut zerbait Txominengandik. Baserritarra naiz, nere gurasoak baserrian bizi dira, eta ez dut uste, izaeraz behintzat, sekula kaletar bihurtuko naizenik.
Galdera zehatzak egin nahi dizkiot oraingoan.
Hara, Txomin:
-Zein baserri jarraituko da aurrera?
–Hiru baserri mota sortzen ari direla gure artean, garbi ikusten da.
Batzuek, baserri bezala, badute etorkizunik. Gaur baserri hortan lan egiten dutenak beragandik ateratzen dute ogi bide osoa, eta aurrera ere era hortan jarraituko dira.
Fabrikan lan egiten duten baserritarrak ditugu besteak. Baserritar hauen ekonomiaren oinarria, fabrikan ateratzen duten saria da; baserria erabiltzen dute bizileku bezala; bertan sortzen dituzten produktoak fabrikako sarien konplementu dira.
Hirugarren baserri motari berriz "Marginalak edo baztertuak" dei geniezaieke. Hauek, gaur ezer gutxi egiten dute, eta bihar gutxiago. Baina, egoera batek eraginda, bertan jarraitu beharrean dira, adinez aurreratuak direlako eta beste ogi bide hoberik ezin topatu dutelako batipat.
–Zer nolakoa izango da baserria, eta baserri bezala etorkizunik duen explotazioa?
-Barazkietara batzuek eta ganaderitzara gehienek joaz, etorkizunik izango dute. Azken hauek, lehendabizi bete beharko duten kondizioa, sail handiak, berenak edo besterenak, erabiltzea izango da, ganaduak erraz eta merke mantentzeko.
Bestalde, baserri bakoitzean, bi langile izan daitezela. Ipar Euskal Herrian ikusterik izan dugun bezala, baserritar aurrerakoienak, horrela daude antolatuta, baserritar bakoitzak askatasuna izan dezan. Zer esanik ez, hauetako bat behintzat enpresa-jakintzaz osatua behar duela izan.
Zenbat sail behar den esatea ez da lan erraza izan ere, lar batzuetatik besteatara alderdi handia dago, eta, bastalde, beharrak gehituz joango dira urtetik urtera.
Gaur gaurkoz bi langile dituen baserriak 40 esne behi erabiltzeko modurik izan behar luke.
–Pinuaz ala zelaiaz ateratzen zaio etekin gehiago baserriari?
-Azken urteotan, pinuak konpetentzi gogorra egin dio ganaderitzari; lur asko ikusten da, zelaitarako onak, pinuz aldatuta.
Baserria utzi eta pinua aldatzea soluzio erraza da, nahiz ekonomikoena ez beti izan. Bestalde, ganaderitza ez da behar bezala organizatuta, eta, ez du ahalmenik izan, libre gelditzen ziren terreno hoiez jabetzeko.
Gure ustez, "proteina" sortzea "celulosa" sortzea baino, errentableagoa dateke. Lehenxeago edo geroxeago balantzak alderdi hortara egingo du, eta proteina sor daitekeen terrenoetan ez da pinurik aldatuko.
–Organizazioa aipatzen duzu. Baserritarren elkarteak beharrezkoak ikusten ahal dituzu? Nolakoak behar lukete izan?
–Ekonomi alorra nahiko zaila da, baserritar batek soilki erantzuteko; gure baserriak baino enpresa handiagoak ere arazoak dituzte bakarka jokatzeko eta "fusioa" modan dagoen hitza da, enpresa industrialen artean.
Gure baserri txikiak, nola ez dute ba beharrezko tzango organizazio baten barruan egotea?
Gure ustetan organizazio hoiek kooperatibaren forma izan behar dute; hori diogunean ez diogu ezer berririk, Europako herri aurreratuenak ditugu horretan ere eredu edo exenplu.
Gai honetan ere ez dugu bizkorregi jokatu; baserritar gehienek nahiz kooperatibaren batetan bazkide izan, ez dute harreman esturik beren kooperatibarekin; diburziatuta bizi direla esan daiteke; alkar hizketaren falta nabaritzen da. Nork du errua? Esan dezagun denon artean zatitua egongo dela.
-Zer da gaur "Lana"ren eginkizuna eta zer nahi du etorkizunerako?
-Gaur, baserriaren aldakuntzan ardatz izan, eta bihar, bere gidari.
Badu "LAN"k zer egin, izango du zer egin eta badugu eta izango dugu "LANA"ren beharra.
ABEL MUNIATEGI
12

GaiezEkonomiaLehen sektoNekazaritza
PertsonaiazOTAMENDI6
EgileezMUNIATEGI1Ekonomia

Azkenak
Eguneraketa berriak daude