Bertsolaritzaren balioaz aurreneko itzaldia


1974ko irailaren 01an
D. Manuel Lekuonari elkarrizketa.

D. MANUEL LEKUONA: 1930
Bertsolaritzaren balioaz aurreneko itzaldia
Euskal erri-kulturak izan duen aztertzaillerik fiñenetakoa dugu D. Manuel. Buruko txapela kendurik eta oinutsik inguratu bear da D. Manuelengana altxor billa.
Euskal-kulturak biltzaille aundiak izan ditu aldi garrantzizko batean. Denon gogoan daude Joxe Migel Barandiaranen eta R. Mª Azkueren lanak. Biltzaille on eta aundi oien artean sartu bear da D. Manuel Lekuonaren izena.
Bertsolaritzari eskaintzen diogun Z. Argiaren 600garren ale ontan ezin inolaz ere D. Manuel aazturik eduki. D. Manuelek aurkitutako iturri ortatik edan dute bertsolaritzaz ikasiak diren gaurko idazleek: A. Zabalak, X. Onaindiak, J. Mª Aranaldek, J. Mª Lekuonak eta abarrek.
Inork ez dezake neurtu bertsolaritzak zenbat zor dion D. Manueli. Bertsolarien omenaldi berezi bat dagokiola esaten zuen noizbait "Mutiozabal" idazleak. Inork merezi badu D. Manuelek merezi duela uste dugu geuk ere.
Jendeak, agian, ez du geiegi ezagutzen Lekuona zaarraren alderdi au. Ezagutu dezan urbildu gatzaizkio D. Manueli. Galdera zeatzak eta laburrak egin dizkiogu. Erantzunak ere zeatzak eta sakonak ditugu.
Ez diogu denborarik alferrik gal arazi nai.
-Noiz asi zinen bertsolaritzaren gertakizunaren balioaz jabetzen?
-Liburu bat det nik, aspaldi xamar batean egina, Gasteiz'ko Apaizgaitegiko mutillentzat: "Literatura Oral Euskerica". Liburu "iraultzallea" ordu artan.
Liburu artan Euskal-kulturari dagozkion gai batzuek era berri batean ikutu nituan. Gure Aozko Literatura sakon-antxean aztertu. Sakon-antxean, eta ikuspegi, orduan ez-oituetatik begiraturik. Artean gai au beste ikuspegi batzuetatik ikusen bai zan eta arin xamar. Aozko Literatura, gure Aozko Literatura; itxuraz gauza utxa: gure Kopla Zaarrak eta gure Bertsolaritza...
-Noiz argitaratu zenuen aurreneko lana?
-1935gnean argitaldu nuan, liburu-eran. Liburuaren idaiak, ordea, leendik erakusten nituan nik Apaizgaitegiko ikastaldietan. Itzaldi bezela, berriz, Bergarako "Eusko-Ikaskuntzaren Batzarretan" eman nituan, 1930gn urtean.
-Irakasle zinen garai artan Gasteizko Apaizgaitegian. Zer zioten zure lagunek gai auetaz?
-1915gnean Apaiztegiko Euskal-Irakasle egin ninduten. Gramatika, batez ere, azaltzen genduan ikastaldi aietan, analisisak eginaz. Bañan bereala igerri nion, Literatura aztertu bearra ere ba zegoela.
Garai artan, nere lagunen artean -D. Jose Migel Barandiaran eta D. Antonio Pildain (Canariasko Gotzai il berria) bait ziran batez ere- euskal-literatura-gaiak askotan ukitzen genituan; eta bein Pildain adiskideak, gauza bat esan zigun: euskal-olerkietan "rima-rik" ez litzakeala erabilli bear; rima gauza merkeegia zala, izkuntza atzizkidunean edozeñek egin zezakean gauza, beste metrika bat sortu bear litzakeala...
Gauza oiek pentsakizun zerbait ematen asi zitzaizkidan; eta urte aietako batean Ikastaroen Asierako Itzaldia, neronek egin bearra gertatu zan; eta nere Itzaldiaren gaia, "La Métrica Vasca" izan zan.
-Bai al duzu azterketa auek egitera berotu zinuen gertaeraren bat?
-Urte ura, 1918gna zan: Oñatiko lenengo "Eusko-Ikaskuntzaren Batzar" aundi ta ederra izan zanekoa. Oñatiko Batzar aietan sortu zitzaidan neri, gure Literatura jatorra apur bat geiago sakontzeko gogoa, an entzundako itz batzuek bidie emanda. Ez, ordea, itz aiek artara bultza nindutelako, kontrara, baizik, itz aietan gure Literatura jatorra mendratua, laidotua ikusi nualako.
Donostiako periodista bat zan. Bere lantxo bat irakurri zigun lantua joaz. Alemanian, noski, "baserritarrak" Igande arratsaldeetan, zerbeza-garagardoa edanaz, Schiller-en olerkiak irakurtzen jarduten zutela... Gure baserritarrak, berriz, sagardotegietan bertsolarien narraxkeriak entzuten egoten zirala, ordutan ta ordutan... Min eman zidan, benetan, gizon aren ariera txoroak...
Eta, andikan aurrera, nere pentsakizun maizenetan bat, ori izaten zan: bertsolaritzaren apologia bat prestatu bearra, gure baserritarren bertso-zaletasunaren iturria aztertu eta sakondu bearra, alegia.
-Nondik asi zinen?
-Nik bitarte ortan, gure aita zanaren askotako esaera bat ausnartzen nuan nere baitan: Erriko Jairik onenak arentzat beti ere lau oiek zirala: Meza Nagusi eder bat, pilota-partidu eder bat, bazkari eder bat, eta arratsaldean bertsolariak.
Neretzat ere ala bait zan. Nai zuanak nai zuana esango zuan. Gure bertsolariak etzuten Schiller-en bitxikeriarik esango; esaten zituzten gauzak narrax-antzekoak izan zitezkean -ori ere ikusi egin bear, itz egin baño leenago- bañan ideiak, ziranak zirala, bapatean, kantuz, itzneurtuetan ixurtzea, etzala nolanaiko Artea, begien bixtako gauza zan neretzat. Ni beti ortan nengon. Eta zenbat-eta bertsolari artean geiago ibilli, orduan-ta ni artanago nengon.
Oiek izan ziran neretzat bide ortan lenengo urrats-pausoak.
-Ori al zen garai artako jendearen iritzia?
-Ikusten bait nuan, ordea. etzala ori gure arteko askoren iritzia; askok lotsaz bezela entzuten zituztela bertsolarien jardunak... Ez, ordea bertsolariak ixurtzen zituzten ideiengatik, esaten zituzten erderakadagatik, baizik...
Neretzat ordea ori ez bait zan literatur-irizpide jator, bertsolarien Artea ta balioa neurtzeko; erderakadak gora-beera, ideiak berak ederrak izan zitezkean, eta bapatasunaren Artea ta teknika ere, izan zitezkean Arte ta teknika jakingarriak.
Teknika ori bear bezela aztertu eta ezagutu bearra zegon. Teknika, ez axalekoa bakarrik, baita barru-barruko ezkutukoa ere. Bertsoaren beraren eta batez ere bertsolariaren pentsamenaren ritmo berezi-berezia... Eta zer esanik ez, bertsolarien etengabeko ironia, eta alkar zirikatzeko duten ezten zorrotza; eta beren entzuleak algara gozo batean ordutan eukitzeko duten arte berezia; askotan gertatzen bait da gañera, entzuleak kantatzailearekin batean kantuz bukatzea. sintonia arrigarria batean, bertsoaren azken-bukaera... Guzti ori berriz, ez bait liteke esan, narraxkeri arlote bat besterik ez danik...
-Alere, ordea...
-Ala ere, urte aietan, euskaltzaleen iritzia, Olerkiaren eta Olerkarien alde, bete-betean iraulirik zegon. Lizardi, Orixe,Lauaxeta, Jautarkol, Loramendi...
Bertsolarien artea eta balioa, berriz, gure euskaltzaieen artean naiko baztartua eta aaztua zegon.
-Nola izan zenuen zure pentsakizun oiek zabaltzeko aukera?
-Une artan, "Bergarako Eusko-Ikaskuntzaren Batzar Nagusiak" eratu ziran, 1930gn urterako, Batzarretarako ikasgaia, "Arte Errikoia", "Euskal-Arte Errikoia" izango zan. Eta Batzarraren Eratzalle D. Angel de Apraizek itz-erdi esan zidan: ea Olerki Errikoiaz itzaldi bat prestatuko nukean. Eta nik, baietz, pozik. Ura izango bait zan neretzat, aspaldidanik gai ortaz pentsaturik, ausnarturik eta egosirik neuzkan ideiak inoren aurrean azaltzeko bide ta eretia.
-Zer oiartzun izan zuen zure itzaldi ark?
-Bergarako Erri-etxeko Areto ederra, bete-beterik zegon itzaldian. Oitura zuan bezela, Eusko-ikaskuntzako Lendakari D. Julian Elortza izan zan Maiburuko. Eta itzaldia bukatzean, bera izan zan, zorionik beroena lenengo eman zidana. Etzuala uste, gure Aozko Literaturak orrenbesteko garrantzia izan zezakeanik, olako sakontasunak izan zitzazkeanik...
-Itzaldiak itz utsetan eta txalo ozenetan galtzeko arriskua du.
-Elortza Jaunaren zorionaz eta entzule guztien txaloez ganera, Aitzol aundia -D. Jose de Ariztimuño- izan zan nere tesisaren jabe lenengo egin zana, batez ere Bertsolarien eta Bertsolaritzaren errikoitasuna ondoraño ulertu zuana. Olerkaritza eta Bertsolaritza biok alkarrekin aurrera eraman bearreko gauzak zirala ikusi zuan argi-argi. Begi erneko gizona zan Aitzol, begi ernekorik inor bada-ta. Eta Euskal-Kultura-gauzetan sortzalle ta eratzalle bizkor eta bortitza. Bereala asi zan, leen Olerki-egunak bezela, Orain Bertsolari-egunak ere eratzen. Donostian Kurtsaleko Beeretan, Santo Tomas Jaietan. Jai aietatik atereak bait ditugu, gaur Bertsolaritzan Maisu aundi ditugun Basarri bat eta Uzapide bat, eta... eta... eta...
-Bertsolaritzaren goraipenak bakarrik egiten al dituzu zure liburuan ala azterketa sakonik ere egiten duzu?
-Bertsolaritzaren apologiaz gañera, ezer geiago egiten dedan nere liburuan? Bai; Kopla Zaarren azterketa eta analisis zeatza ere egiten det: Kopla Zaarren bi zatiak alegia, itxuraz alkarrekin zer-ikusirik bat ere ez dutenak nola alkartzen diran Koplaren barru-giroan zeruko izarra, errekaldeko lizarra eta Nagusi Jaunaren bizarra, adibidez azterketa eta analisis zeatz, gero gure Oteizari ain atsegin izan zaiona; gure eskultore pentsatzalleak, ezik, ez bait du nere pentsamentu osoa bear bezela ulertu... Ortaz gañera "apain-olerkiari" ere ikututxo bat ematen diot: "Txin-txirikitin txorie..." eta "Kriskitin-kraskitin, arrosa krabelin", etab.
-Arrakasta aundia izan al du zure liburu onek? Zenbat aldiz ber-argitaratu da?
-Zenbat argitaltze izan dituan? Bi, orain arte; eta orain prestaturik daukadana, irugarrena. Au euskeraz izango da. Bigarrenean zerbait berri erantsi nuan, bapatasunaren teknika, alegia. Irugarren ontan, berriz, Bertsolaritzaren eta Kopla Zaarren artean dagon bestelakotasuna agertu nai nuke apur bat. Kopla Zaarrak beren muñean, beren izaera jatorrean "lirikoak" dirala, lirikara jotzen dutela alegia bertsolariak, berriz, dialektikara jotzen dute, "olerki dialektikora". Olerki lirikoaz gañera, bai bait da munduan beste olerki-mueta bat ere "didaktika-olerkia" esan oi dana -eta ez nolanaikoa, Bibliako "Libri Sapientiales" esaten zaien oienetakoa-. Berdin, baita, izan diteke -eta izan ere da- "olerki-dialektikoa" esan ditekeana, ordutan ta ordutan "arrazoitan" ari oi diran gure bertsolariena, adibidez.
Antzinako bertsolariak, bear dada, beren bertsoak antzina Kopla Zaar modura kantatzen zituzten -Zubero-aldean gaur oraindik batzuek kantatzen bait dituzte ola edo olatsu-. Nik "artzai-bersolaritza" esango bait nioke bertso-era orri. Bañan artzaien eskuetatik -artzai ameslarien eskuetatik- nekazari burutsu ta zerebralaren eskuetara igaro danean, bertsolaritzak dialektika-kutsua artu digu: olerki-jantzian, jantzi eder bikanean banan dialektika, polemika-giro garbia...
Puntu ori ukitzen det apur bat nere liburuaren irugarren argitaldian.
ERRIALDE
11, 12

GaiezKulturaBertsolaritBesteak
PertsonaiazLEKUONA2
EgileezHERRIALDE1Kultura

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude