Post-punkaren aterkipeko distirak

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

El país de las maravillas
Kinky boys
Autoekoizpena, 2024

---------------------------------------------

Izenaren adieratik gutxi dauka, gaur egun, Bilbon sortutako hirukoteak. Are gehiago, partaideen ibilbideak joan dira garatzen eta aldatzen. Marga Alday ezaguna da, batez ere Moonshakers-en sortzaileetakoa izateagatik; eta Jordi Vilak ibilbide oso luzea dauka: Trogloditas-eko kide izan ostean, aritu da La Broma de Satan, Corazones Negros eta Angryman taldeetan, besteak beste, makilak eskuetan. Eta power hirukote honen azken partaidea Mikel G. Mancho da, diseinatzaile fina izateaz gain, Los Vibradores eta antzeko punk taldeetan gitarra jotzen ibilitakoa.

Kinki Boys 2018an sortu zen Marga eta Jordiren ekimenez, eta poliki-poliki, gitarra jotzailea aurkituta, kantak idazten eta grabatzen hasi ziren. Hasierako lanek taldekideen DNAn dagoen rock-and-roll zikina zuten oinarri, baina harago joan nahi zuten, siniestrotik eta after punk-aren giro eta tematikatan. Ana Curra, Usher-tarrak eta beste oso presente egon dira kantutegian.

Mikel batu denetik, baina, kantei bestelako distira ematea lortu dute. Esango nuke asmatu dutela bestelako koordenadatara salto egin eta kantak bere egiten, bereziago eta pertsonalagoak direnak; eta post punkaren aterkipe zabalean aritzen badira ere, siniestroagoa zena anitzagoa da orain. Azkeneko lana, haien bosgarrena, El país de las maravillas, horren erakusle da: haien egunerokoaren lekuko den La ría metaforikoa Magazine-ren pareko gitarra garden baina sarkorrak zabaltzen du, eta Margaren ahots tonu irmo eta ia errobotikoak sorgintzen gaitu; ordurako Vilaren erritmo jostariek eta Mikelek Ilegales-en traza duen kantu elegante eta itsaskorra bilakatzen dute. Denso y aereo-k kutsu dantzagarriagoa dauka; gogora ekartzen dit The Cult, baita leloetan Godfathers-en kadentzia ere, britaniarra erabat; baina badu era berean after punk-etik, tribuetako errimoetatik eta ukitu sasi-elektronikotik. Atrapado-n sustraietara datoz bueltan, tenpo erdiak eta rockaren garraztasuna uztartuta, blues-rockean sakonduta. Eta, azkenik, El país de las maravillas kabareteroa da, hausnarketaren jolas xuxurlari eta lizuna.


Irakurri gehiago: Disko kritikak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.