Eraginak kontrolatzen

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gizakiok harremanetan gaude gure artean eta bizi dugun ingurunearekin; egiten dugun guztiak eragina du, onerako zein txarrerako. Sortu dezakegun eragin negatiboa murrizteko norberaren balioak, kultura, harremanak eta aukera materialak erabakigarriak izaten dira.

Askotan pentsatu izan dut teknologiaren neutraltasun faltan, hau da, teknologia sortzen dutenek eragin zehatz bat bilatzen dutela, euren mundutarkeriari lotua, zenbaitetan oso begi-bistakoa ez bada ere. Baina sortzailearen helburuetatik harago, erabiltzaileok ere beste zentzu bat eman diezaiokegu tresnari. Nire aitak, adibidez, plastikozko botiletan zulotxoak eginez baratzerako ureztagailuak sortzen ditu.

Telegram sortu zuenean, Pavel Durov-ek esan zuen pertsonen arteko komunikazioan askatasuna bilatzen zuela. Beharbada, erabiltzaileak minbera izan zitekeen informazioa partekatzearen eraginetatik aske mantentzeko aukera. Helburu hori lortzeko pribatutasuna beharrezkotzat zuen (pribatutasuna hirugarrenekin datuak partekatzerako orduan behintzat, Telegramek ez baitu berezkoa muturretik muturrerako babesa, horretarako txat sekretuak sortu behar dira). Baina Telegramen ere bada eragin kaltegarria sortzen duen edukirik: bortizkeria, modu askotariko esplotazioa, bazterkeria, gorrotoa... bultzatzen duena. Eta hor dago gatazka: erabilera modu batzuek izan dezaketen eragin negatiboak beste erabilera positibo guztien gainetik egon beharko luke? Europako Batasunak 2022. urtearen amaieran onartutako Zerbitzu Digitalen Legearen arabera, Interneteko plataforma handiak agintariekin eta Justiziarekin “krimenari eta delinkuentziari” aurre egiteko elkarlanean aritu beharko liratekete. Eta bide horretan, Frantziako agintariek diote Durov-ek ez duela ezer egin, horregatik atxilotu dute.

Telegram erabiltzeko arrazoi asko dago. Argi dagoena da eremu digitala oso kontrolagarria dela, jarduera guztiak arrastoa sortzen duelako. Eta Telegram moduko sistema zentralizatuetan, arrasto horrek eman dezakeen informazioa kontrolatzea eragin handikoa da.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude