Bizkaia: EAJren gotorlekua kolokan?


2024ko apirilaren 18an - 07:30

Imanol Pradales santurtziarra izango da hurrengo lehendakaria, hori da hauteskunde hauen galderen artean erantzun argia duen bakarra. Horretaz gain, PSEk eta PPk aurreko emaitzak errepikatu edo pixka bat hobetuko dituzte, eta argitzeke dago Sumar eta Podemosek ordezkaririk lortuko duten. Azken urteetan bi arimen arteko labankadak agerikoak izan diren arren, inor gutxik ulertu du boto odolustea eragingo duten bi zerrenda aurkeztea.

Gauzak horrela, badirudi hauteskundeen gatza eta mamia EAJ eta EH Bilduren arteko lehian kokatuko dela. Atzera begiratuta, arraunlari ohiak traineru dezenteko abantaila du Ima Garrastatxu buru duen zerrendarekiko. 1986. urteko salbuespena kenduta, EAJ izan da beti lehen indarra. Ez hori bakarrik, hamabi deialdietatik zazpitan botoaren %40 gainditu du, eta 11tan bigarren indarrari atera dion aldea %10ekoa baino handiagoa izan da. 2020an adibidez, EH Bilduri ia hogei puntu atera zizkion.

Baina etor gaitezen aurtengo hauteskunde lehiara. Alderdi politikoek botoaren oinarrizko segmentazioa egiten dutenean, hurrengo banaketa egin ohi dute: boto-emaile fidelak, jasotakoak, ahulak, potentzialak eta urrutikoak. Arrakastaren gakoa lehenengo hirurak mantendu eta potentzialak erakartzea da. Eitb Focus inkestaren arabera,, EH Bildu izango da lau boto-emaile horiek hobekien aktibatuko dituen alderdia. Aurreko hautesleak mantentzearekin batera, 2020an abstenitu zirenen %10, Podemosen %16.3, EAJren %7.7 eta PSEren %4.7 eskuratuko lituzke EAE mailan Pello Otxandiano buru duen koalizioak.

Horrek garrantzia handia du Bizkaian, EH Bilduren ahulgune izan den hirigune handietan batez ere. Iazko hauteskundeetan Bilbo Handian hazi zen bereziki, era nabarmenean Ezkerraldeko zenbait eremutan. Imanol Pradalesen herria da aipatutako aldaketaren adierazle esanguratsuena. 2011. urteko udal hauteskundeetan EAJk botoen %49.4 lortu zuen eta Bilduk %14 (%15 Aralar gehituta). 2023an aldiz, %32 eskuratu zuten jeltzaleek eta %27a koalizio subiranistak. Joerak ikusita, epe ertainean egon daitekeen indar korrelazio berriaren adierazle izan daiteke ezbairik gabe.

Gaur gaurkoz EAJren gotorlekuak oinarri sendoak dituen arren, bere hormek ez dute aurreko irmotasuna erakusten. Bigarren indarrarekin %10eko tartea ez mantentzea iraulketa historikoa litzateke, eta era argian ziklo politiko berri baten atarian utziko lukete lurraldea. Arreta berezia jarriko nuke Bilbo Handian, EH Bilduk boto potentziala bereganatu duen eta EAJk bere boto emailea aktibatu duen adieraziko digulako. Oro har sorpresarik ez da egongo: Imanol Pradales santurtziarra izango da hurrengo lehendakaria, baina, irabaziko al du Santurtzin?


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude