Etxe bat?

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Udazkenaren ertz batek, maitia, eman dizkit egun onak gure leihotik”. Horrela dio Gorka Urbizuk Hasiera bat izeneko bere lan berriko Etxe bat kantuan. “Bina plater jartzeko esan dit amak, egongelan bazkalduko dugula”. Hain justu, kantu horretan orain arte idatzi ez duen tokiren batetik idatzi duela aitortzen dio Urbizuk Uxue Rey kazetariari Berrian egindako elkarrizketan, oraingo honetan letrak nondik idatzi dituen galdetzerakoan. Kantu hori azpimarratzen du: “Uste dut nire lehengo estiloa asko nabaritzen dela. Aldiz, ikusten dut Etxe bat, eta hor bai ikusten dudala badagoela beste zerbait”. Epel, goxo, arrunt, baina berezi deskribatzen du Urbizuk etxe hartan gertatzen dena. Beste edozein etxetan ere gerta liteke, etxerik izanez gero, noski.

Geroz eta gauza gehiago dira “eskisitoak” orain hemen: etxebizitza, elikagaiak, argindarra...

Gorka Urbizuren azken lanak erakutsi bezala, Etxe bat Hasiera bat-en parte da. Diskoan, zein bizitzan. Bizi proiektua garatzeko ezinbesteko bitartekoa da. Baina ezin hasiera bat idatzi soldataren erdia baino gehiago alokairua edo hipoteka ordaintzera bideratzen baldin bada. Edo putre funtsek luxuzko etxeak egiteagatik, zein etxe turistikoen masifikazioa dela eta, zure herritik alde egitera kondenatuta baldin bazaude. Azken batean, Donostiako alkateak esan zuen bezala “eskisitoa” izatea omen da egun norbere auzoan bizi nahi izatea (Donostia Espainiako Estatuko hiririk garestiena da, 5.326 euro balio ditu metro koadroak, iaz baino %3,6 garestiagoa da). Hego Euskal Herriko gainontzeko herrialdeen batez besteko kopurua ere beldurgarria da, eta Ipar Euskal Herriko egoera ere ez da xamurragoa. Argazkia antzerakoa da alokairuan ere. Putre habiak eraikitzen ari zaizkigu etxebizitzak eraikitzen ari direlakoan, eta akaso, postaletarako Euskal Herri polita gelditzen ari zaigu, baina euskal herritarrontzat ez da bizigarria den postalik. Geroz eta gauza gehiago dira “eskisitoak” orain hemen: etxebizitza, elikagaiak, argindarra... Ekuazioa honelako zerbait da: herritarrak pobreagoak eta “eskisitoagoak” gara, eta aberatsak, aberatsago.

Gaztelagun edo Emanzipa bezalako dirulaguntza programek ekarpena egin, egiten dute, baina ekarpena egiteagatik arazoa konpontzeko neurririk hartzen ez bada, ekarpenak ezer gutxirako balio du. Merkatu librearen logika irauli eta etxebizitza publikoetan inbertitu beharra dago, politika publiko ausartak ezarri, Euskal Herrian lan eta bizi nahi baldin badugu (duin lan eta duin bizi, behintzat). Eta horrela, akaso, “etxe bat” hasiera bati ekiteko baieztapena izango da, erantzunik gabeko galdera baino lehenago.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!