Bilatu eta zapaldu

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Todo es para destruir
La excavadora
Mauka, 2023

-----------------------------------------------------

La Excavadora Gasteizen jaio zen pandemia betean, erabat gogaituta eta nazkatuta geundenean. Aitortzen dut nolabaiteko ilusioa piztu zuela behingoz norbaitek berriro rocka, izerdia, garitoak, kalea eta lotsagabekeria aldarrikatzea. Are gehiago, bada sistemaren kontra talka egitera inspiratu zuenik ere –kar kar kar–.

Gerora, a-normalitatera bueltatu ahala, La Excavadorako pieza bakoitza bere ohiko zereginetara bueltatu zen, jatorrizko proiektuetara. Orain, hainbat aldaketa medio, taldea bueltan dator, eta bi ardatz nagusiek jarraitzen dute noski: Sumision City Blues, Obligaciones, Victimas Club eta beste hainbat proiektutako aurrelari eta letrista ‘Pela’; eta La Polla zein Gatillazo taldeetan luzaroan trebatutako ‘Txiki’.

Gitarrei punta gehiago atera nahi izan diote eta haien estreinako lanak zeukan 77ko ukitu hura arindu dute, kaleko rockari eta melodiei garrantzi handiagoa emanda. Eta, jakina, hitzek kalea puri-purian arnasten jarraitzen dute, halako sudurra dauka-eta ‘Pela’-k.

Hard-rock buzoa jantzita duen Grasa en el taller-ekin hasten dute bide berria; eta The Cult-en kadentzia daukan Aún queda un sitio a donde ir hartu dute ezkutaleku. Habrá pelea-n burua altxatu eta 77ko punkaren erritmoan egingo dute borroka. Eta Canción sin nombre da izengabea baina borobila: badauka punketik, Barricada-ren ahaidetasunetik eta baita ere gitarra zein erritmo pisutsuagoa. Mi novia y yo odiamos a la humanidad da zirikitzaile eta jostariagoa, eta baditu ia Oi! leloak. Quiero ver cómo sufres berezia da, Juantxo Arakamak (Glaukoma) eta Monsieur Le Crepe-k lagundutako tenpo erdikoa. Carrera delictiva-k hortzak erakusten ditu, indartsu, behar den bezala; eta Detrás de ti da punk-rock azkarra. Nuestro amor suicida da El Drogasek zipriztindutako rock balada. Jaleo por las noches da itsaskorra eta tarteka heavya, askoren gaur egungo errealitate gordinaren eresia. Azkenik, Hoy vuelvo a ser persona aste erdiko gogoeten parekoa da, misteriotsua.


Irakurri gehiago: Disko kritikak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.