"Kirolari mespretxuz begiratzen dio kulturako sektore batek, eta ez zait jarrera praktikoa iruditzen"

  • Kirol kazetaritzaren zoko-mokoak ondo ezagunak ditu Aitor Manterolak (Zumaia, 1975). Urteak egin ditu Berria egunkarian, batik bat arraunaz eta futbolaz idazten. Iaz “estropada bukatzea” erabaki zuen, atzean “ubera polita” utzita, eta politikaren zelaian jokatzen hasi da orain; zinegotzi kargua hartu du Zumaiako Udalean. Kirolarekiko pasioa estilo jostariarekin papereratu du kazetari moduan, baina baita seriotasunez ere, jolas hutsa baino gehiago baita kirola: “Indar ikaragarria du gizartean, eta ezin da gutxietsi”. Zentzu horretan, uste du euskarazko hedabideek ausardia handiagoz jorratu beharko luketela. “Kirol kazetari bikainak ditugu, baina ez diegu zukua ateratzen”.

Argazkia: Eñaut Agirrebengoa Apaolaza
Argazkia: Eñaut Agirrebengoa Apaolaza

Politika eta kirola ez omen dira nahastu behar. Bada, zu zinegotzi izango zara datozen lau urteetan Zumaiako Udalean, eta kirola izango da zure arduretako bat.

Politika baino gehiago, herrigintza da nire ustez. Bizi guztia daramat nik herrigintzan. Kirol munduan, arraun elkarteko zuzendaritzako kide izan nintzen zortzi urtez, eta futbol entrenatzaile gisa ere jardun dut. Bestalde, euskara eta dantza taldean ere ibilia naiz. Udaleko lana ere zaku horretan sartuko nuke.

Orain “kanpoko balizetan” zabiltzala diozu. Urte askoan aritu zara, baina, tostartean, kirol kazetaritzaren ur nahasietan arraun egiten.

Bai, eta zeinen urte ederrak izan diren! 2009 inguruan hasi nintzen, Igor Susaetarekin. Hark arraunaz idazten zuen Berrian, eta hari lagunduz hasi nuen bidea. Egundoko esperientzia izan da arraunaren mundua kazetari gisa bizitzea, eta oso harreman pertsonal onak sortu ditut urte hauetan guztietan. Hori atzean uzteak pena handia eragiten dit, nahiz eta harremanek hor segituko duten.

Futbolzale amorratua zara, eta pasio hori paperan islatzeko aukera izan duzu. Ordea, arrasto handiagoa utzi dizu arraunak?

Kazetari bezala bai, gertuko harremanak egiteko aukera handiagoa eman didalako. Gainera, gehiago idatzi dut arraunaz, eta horren ondorioz, jende gehiagorengana iristeko modua izan dut. Arrauneko jendea beti prest agertu zait edozertan laguntzeko. Eta kazetari bezala, garrantzi handia eman diet harremanei.

Gertutasun hori, normalean, bestelako interesengatik bilatzen du kirol kazetariak?

Ez dakit. Nire kasua ez da izan, behintzat. Kazetaritza nik ez dut horrela ikusten. Gauzak bihotzez egiten saiatu naiz. Eta garbi izan dut beti kazetariok zubi bat garela, albistea edo protagonista, eta irakurlea edo gizartea lotzen dituena. Protagonistak ez gara gu. Albiste bat aurrena eman, ez dakit zer… Ni ez naiz horrekin itsutu. Fitxaketen harira-eta, primizia batzuk eman nituen, baina beti errespetuz, eta kirolariei galdetuta.

Kirola entretenimendu hutsa da askorentzat. Emaitzen jiran antolatuta dagoen antzerki handi bat.

Batzuetan hil ala biziko kontua dela ematen du. Eta emaitzak balio du bakarrik. Galdu ala irabazi, ez dago beste aukerarik. Galtzea porrota da, eta irabazita, zerura zoaz. Oso eredu txarra da heziketa aldetik. Prozesuak ez dira aintzat hartzen. Irabaztea ez da helburu izan behar, ondorio baizik. Bide bat dago horra iristeko. Lanketa pedagogiko handia egin behar da. Baina alferrik da. Krispazio giro etengabean gabiltza. Pizten diren suei hauspoa ematen diegu. Hor ardura handia dugu kazetariok.

Bat zatoz kirola anestesia kolektibotzat jotzen dutenekin?

Ezin da uka jendea entretenituta izateko erabiltzen dutela eliteek kirola. Gizartearen hausnarketak kirolera bideratuta, jendea ez da haserretzen bizi ditugun bidegabekerien aurrean. Dena den, errua beti manipulatzaileari botatzen diogu, baina norbanakoaren ardura da manipulatua ez izatea. Goazen hausnartzera: zertan ari naiz ni kirol emaitza bati hainbesteko garrantzia ematen? Beti ere, errespetatuta talde batekiko izan daitekeen sentimendua eta atxikimendua.

Diru grinak irentsi egin du kirola, eta hortik ere badator askoren arbuioa.

Garbi dago kirol handienetan gehiegizko dirutza mugitzen dela. Ni ez nago horren alde. Baina ez dugu ezer aldatuko egoerari bizkarra emanda. Aldatzekotan, barrutik eraginda aldatuko dugu.

Zirku horren parte sentitzeak barne gatazkarik eragin dizu kirol kazetari moduan?

Batzuetan bai. “Mundua dagoen bezala, zertan ari naiz ni hemen?”, pasa izan zait burutik. Baina buelta eman izan diot. Jabetu naiz kirola gutxietsi edo mespretxatzeak ez duela zentzurik.

Kazetari urterik gehienak prentsa idatzian igaro dituzu. Zerk egiten du berezi idazketa adierazpide moduan?

Hizkuntzarekin jolas egin dezakezu, eta esperimentuak egin. Orri edo pantaila txuri baten aurrean jartzen zara, eta nahi duzun bezala duzu betetzea orri hori. Barruan dudan hori ateratzeko modurik onena da. Lehen, nire buruarekin gustura ez negoenean edo arazo bat nuenean, idatziz askatzen nituen korapiloak. Esanahi magikoa du niretzat.

“Krispazio giro etengabe batean gabiltza kirolean. Pizten diren suei hauspoa ematen diegu. Hor ardura handia dugu kazetariok”

Kiroletan beste sail batzuetan baino askatasun handiagoa du kazetariak hizkuntzarekin jostatzeko?

Kirol saila agian ez da horren zurruna, eta bai, aukera hori ematen dizu. Baina beti ere jorratu behar duzun gaia menperatzen baduzu. Beti kontatzen dut niri arraunarekin gertatu zitzaidana. Umetatik ikusi dut nik arrauna, baina ulertu… Berrian arraunaz idazten hasi nintzenean, oso oinarrizko datuak ematen nituen: ziabogetan ontzien artean zeuden aldeak, eta halakoak. Ikasteko gogo handia nuen, ordea, eta informazio berria xurgatuz joan nintzen. Hori horrela, bilakaera handia izan zuten nire artikuluek.

Futbolaz ere jakintzatik abiatuta idatzi duzu, entrenatzailea baitzara aspalditik.

Ulermenak beste konfiantza eta askatasun bat ematen dizu ordenagailuaren aurrean jartzen zarenean. Eta uste dut hor ere kazetariak ardura duela. Futbola aitzakia da futbolaz ez hitz egiteko. Hala esan zidan behin Gaizka Garitanok, eta arrazoi zuen. Jokoaz ez da hitz egiten, edo oso gutxi. Eta nire ustez, kazetariok azaldu egin behar dugu jokoa. Baina horretarako, ulertu egin behar da. Nik entrenatzaile titulu guztiak eskuratu nituen, eta kazetari bezala, ikasitakoa irakurleei helarazten saiatu naiz.  

Hortaz, joera dago kirola arinkeriaz jorratzeko. Gai hutsala delako?

Kirolak indar ikaragarria du gizartean. Logikoa da: zenbat jende mugitzen du, herri txikietatik hasita? Ezin da gutxietsi. Orokortzera noa agian, baina hemen, Euskal Herrian, kulturako sektore batek mespretxuz begiratzen dio kirolari. Ez zait jarrera praktikoa iruditzen. Ezer baztertu ordez, goazen herrigintzan gauzak uztartzera. Herri nahiz nazio mailan, kirola sekulako tresna da; besteak beste, berdintasuna, inklusioa eta gizarte kohesioa lantzeko. Talde kirola, niretzat, bizitzaren metafora bat da, eta elkarlana eta errespetua bezalako baloreak barneratzeko balio du. Gizartearen joera indibidualistari kontra egiteko modua da. Eta euskararen erabilera eskolatik kanpo bermatzeko aukera ere ematen du.

Nazio eraikuntzarako ere tresna baliagarria da?

Noski. Tamalez, gutxi erabiltzen da zentzu horretan. Futboleko klub handiak, adibidez, ez dira ausartzen. Bazkiderik ez omen dute bazter utzi nahi. Baina aldi berean, gaztelerari toki gehiago ematen diote euskarari baino. Hor ez dituzte gogoan bazkide euskaldunak. Politikaren kasuan, tentu handiz jokatzen dute. Inguruan hedabide espainolak dituzte, Espainiako Ligan jokatzen dute… Esku frenoarekin dabiltza. Horrez gain, uste dut klubek gehiago probestu beharko luketela kirolarien eragina gizarteari mezu hezitzaileak helarazteko.

Asko aldatu da kirol kazetaritza zu hasi zinenetik?

Alde batetik, orain gehiago bilatzen da morboa lehen baino. Berria ez da horrelakoa, eta hori gauza handia da. Ni inork ez nau behartu behatza behar ez zen lekuan sartzera irakurleak lortzeko. Baina estilo hori badago. Okerrera egin dugu zentzu horretan, nahiz eta ari diren sortzen kirol komunikabide batzuk kazetaritza errespetagarria egiten dutenak. Baldintzak, zoritxarrez, prekarioak dira euskarazko hedabide pribatuetan. Nahi eta ezin bat da. Ez dago baliabide nahikorik. Irakurleak falta dira.

2018an ARGIA Saria irabazi zuen 'Harmaila' kirol aldizkariak. Proiektuaren sustatzaile Aitor Manterola, Eñaut Barandiaran eta Iñaki Berastegi ageri dira argazkian / Dani Blanco, ARGIA CC BY-SA

Zergatik ez dira kirolari buruzko edukiak euskaraz irakurtzen?

Euskararen kontrako egoera orokorrek eragina dute. Bestalde, agian ausardia falta dago produktuetan. Goazen kirolaren alde apustu egitera. Harmaila aldizkariarekin saiakera egin genuen Eñaut Barandiaran, Iñaki Berastegi eta hirurok. Ikusten genuen kiroletan landu gabe zegoela arnasa luzeko kazetaritza. Zenbaki batzuk argitaratu genituen; ehun orri zenbakiro. ARGIA Saria ere irabazi genuen. Ordea, pandemia etorri zen. Harpidetzak galtzen hasi ginen, eta jada ez genituen betetzen Jaurlaritzaren diru-laguntzak jasotzeko baldintzak. Aurrera jarraituz gero, ez genuen batere garbi nora iritsiko ginen. Lan nekeza zen, eta sosik kobratu gabe aritu ginen. Azkenean amore eman genuen. Hutsunea hor dago, baina. Kirolak hainbeste zale izanik, merezi du jende multzo horri euskarazko produktu bat eskaintzea.

Zer diagnosi egingo zenuke euskarazko kirol kazetaritzaz?

Profesional bikainak dauzkagu, baina ez diegu zukua ateratzen. Gizarte bezala, ez dugu baloratzen nolako kirol kazetariak ditugun. Eta kritika eraikitzaile bezala esango dut: hedabideen proiektuetan ere ez dugu asmatzen potentzial horri etekina ateratzen.

Distantziaz begiratuta, zeintzuk dira ofizioaren alderik txarrenak?

Alde batetik, kirol handietan kazetarien eta kirolarien artean harremana egon dadin taldeek jartzen dituzten zailtasunak aipatuko nituzke. Ez gaituzte zubi bezala ikusten. Eta, gero, estresa ere hor dago. Eguneroko kazetaritzak berezkoa du presaka ibiltze hori. Kirol kazetaritzaren kasuan, gauetako kronikekin larri ibiltzen zara zierrea goiz baduzu. Horrek eragin egiten dio lanaren kalitateari. Bizkor lan egite hori ondo dago, baina buelta eman behar zaio gero. Ez badiozu neurria hartzen, arriskutsua izan daiteke. Halere, lanbide zoragarria da. Hil arte sentituko naiz kirol kazetari, eta ez dut itzultzea baztertzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


Eguneraketa berriak daude