Interpelatutak


2023ko martxoaren 26an
Antton Telleria, Nafarroako Antzerki Eskolako oholtza gainean, 'Nekatutak' emanaldian / Argazkia: Josetxo Perez
Antton Telleria, Nafarroako Antzerki Eskolako oholtza gainean, 'Nekatutak' emanaldian / Argazkia: Josetxo Perez

Pentsatzen dut nahiko "nekatutak" helduko zela Iruñera Antton Telleria birako azken aurreko emanaldira. Indar pixka bat bazuen gordea, ordea, hurrengo egunerako zuen zita bikoitzaren aurretik, IruñEko Antzerki Eskolara bertaratutakoak eta beste egurtzeko.

Sartu eta aretoa lepo, zerbezak eskuan eta mahaietako lanparatxoen argipean. Akaso, azken-azken emanaldietarako sarrerarik gabe geratutako (giputxi) asko hiri buruzagira etorri ziren. Antton sartu aurretik Jaurlaritzaren izenean ohar bat: Herri honen motorra irria da. Eta ekonomia ere bai. Honek grazia handirik ez Iruñean. Baina taularatu orduko, ezer gutxi esan/egin behar izan zuen ikusleak leherrarazteko.

Whatsappeko taldeez eta horietatik ateratzeko zailtasunez, psikologoaren aholkuez, Ertzaintzaren marketing estrategiarik ezaz eta irakasleez aritu zen ordu bete luzez. Tira, jada ez dizuet spoilerrik egingo. Lizentzia hartuko dut, beraz, bi urte hauetan Telleriaren standup-a ikusi ez dutenentzat zer galdu duten laburtzeko.

ETAren balizko itzulera batean Whatsappeko taldekideekin elkarrizketa; ETB1-eko errepikapenak; literaturaren eta masturbazioaren arteko lotura (bietan botatzen duzu barrukoa paperean); "Eskerrik" esaten duen jendeak sortzen dion amorrua…

Hainbat puntu atera nituen ondorio gisara: ni ez naizela ez Mirri, ez Mikel Urdangarin; literalki ohe azpian zegoena ni nintzela; eta batez ere, interpelatuta sentitu nintzela nire jardun bakazionalarekin (eta justuak izateko, areto erdia baino gehiago ere bai). Nekatutak 57, ertzainak 0, irakasleak 2.343.863.

Formatuaren inguruan ere izan nuen zer pentsatu. Izan ere, bitxia egiten zait naturaltasun faltsua. Esan nahi dut, gidoi bat dago baina bat-batekoan ariko balitz bezala aurkezten da. Eta hala ere, leku horretatik txisteak kateatzeko, herriz herri aritzeko eta publikoa bereganatzeko gaitasuna txalotzeko modukoa dela uste dut.

Laburbilduz, uste dut umore beltza egiteko moduaren demostrazio bat egin zuela. Eta ona. Eta gainera, norbaitek nahiko balu, Antton berotzeko formula magikoa ere badugu: partizipioak gaizki "jokatutak".


ASTEKARIA
2023ko martxoaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Umorezko bakarrizketak
Kaitin Allende Zaldunbide. Umoregilea
“Umorea ura edatea bezalakoa da: egunero hartu behar dugu, momentu batean bada ere”

Kaitin Allenderi (1972, Arrasate) bizitzak eman dio bakarrizketarako gaia, eta bakarrizketak bizitza. Berriki aurkeztu du Zahartzaro hiperaktiboa lana. Mitoak deseraiki eta tabuak eszenaratu nahi izan ditu, konplexurik gabe: “Ez dugu barre sano egingo, norberaz barre... [+]


2022-06-19 | Aitor Aspuru Saez
Ane Lindane
"Epaitegiak eta komisaldegiak dira nik umore gehien egiten dudan tokiak"

Ane Lindanek umore ikuskizun berezia egingo du Bilborocken ekainaren 16an, Despotorre. Raquel Torresekin batera arituko da eta euren asmoa  Euskal Herriko umore feminista maila bat gorago eramatea da, lokala jendez beteta. Aukera baliatu dugu umorearen tenperatura... [+]


Eguneraketa berriak daude