“Epaitegiak eta komisaldegiak dira nik umore gehien egiten dudan tokiak”

  • Ane Lindanek umore ikuskizun berezia egingo du Bilborocken ekainaren 16an, Despotorre. Raquel Torresekin batera arituko da eta euren asmoa  Euskal Herriko umore feminista maila bat gorago eramatea da, lokala jendez beteta. Aukera baliatu dugu umorearen tenperatura hartzeko.

Argazkia: Aitor Aspuru.
Argazkia: Aitor Aspuru.

Ikuskizun berezia prestatzen ari zarete orain, zein?

Raquel Torresek eta biok duela urtebete ezagutu genuen elkar, eta Despotorre izeneko ikuskizuna egiten hasi ginen. Berrogeita bost minutuko bakarrizketa bana egiten dugu eta lantzen ditugun gaiak antzekoak dira, norberak bere bizipenetatik abiatuta. Horrez gain, Euskal Herriko lehen open mic-ak antolatu ditugu. Ibilbide hori egin ostean zerbait handia egitea pentsatu dugu eta Bilborocken antolatu dugu ikuskizuna. Gu biok arituko gara eta baita beste bi umoregile eta pole dance ikuskizuna ere, tarteetan.

Antzeko gaiak lantzen dituzuela aipatu duzu, zeintzuk dira?

Adin bereko bi emakume gara eta antzeko bizipenak izan ditugu. Horregatik feminismotik hitz egiten dugu batez ere, hori da amankomunean duguna. Gainera, politika ere jorratzen dugu, gehienbat nik, euskal herritarra naizelako eta hurbilago izan dudalako. Izan ere, Raquel Extremadurakoa da. Oro har, bakoitzak dauka bere estiloa, baina nahiko punkiak gara umorea egitean, nahiz eta Raquelek dioen bera txonia dela. Ez dugu taburik edozein gai lantzeko, sexua, esaterako.

Lehen aipatu duzu open mic edo mikrofono irekiko saioak egiten dituzuela. Euskal Herrian ez da orain arte horrelakorik egon eta zerbait sortzen ari zarete?

Ez dakit lehenengoak izan garen. Bizkaian ziur baietz eta EAEn uste dut ere horrela izan dela. Orain gehiago daude. Open mic batean egiten da jam session-etan egiten dena, baina umorea jorratuz musikaren ordez. Guk antolatzen dugunez guk aurkezten dugu eta deitzen ditugu parte hartzaileak. Lehenik eta behin emakumezkoak, haiek lehenesten baititugu. Hamar minutuko tartea dute bakarrizketak probatzeko. Berez, bakarrizketa luzea egin baino lehen, jakin behar duzu zein txiste diren onak eta zeintzuk ez. Horretarako, ikusleen aurrean egin behar duzu proba. Open mic-ak oso beharrezkoak dira umoregileontzat testua probatzeko. Gure kasuan, bost lagun igotzen dira oholtzara eta gero horri esker hautatu dezakete onena edo hobekien funtzionatzen duena bakarrizketa luzean erabiltzeko.

Bakarrizketa baten atzean lan handia dago etxean idazten?

Bai, horrela da. Orduak igarotzen ditugu idazten eta gero jende aurrean antzeztu behar dira. Oso gogorra da ikustea ez dutela barrerik egiten eta horregatik garrantzitsua da ikusleria ere ezagutzea. Esaterako, txiste batzuk Bizkaian edo Nafarroan oso arrakastatsuak dira eta Gipuzkoan ez dute barrerik eragiten. Azkenaldian hamaika lekutan egon naizenez badakit testu batzuek ez dutela ondo funtzionatuko zenbait jenderen aurrean. Lana da jakitea txiste batzuek harrera ona non eta noiz izango duten eta non ez. Lanaren parte gogorrena, agian.

Euskal Herrian aitzindaria izanik, erreferenteak dituzu?

"Txiste batzuk Bizkaian edo Nafarroan oso arrakastatsuak dira eta Gipuzkoan ez dute barrerik eragiten"

Nire erreferenteak gizonezkoak dira. Hori ez da niretzat arazoa. Betidanik egon dira emakumezko umoregileak eta orain ikusten dira gehiago, agertzen diren horiekiko ikusten dut hurbilago nire burua, baina orain arte ez nituen ezagutzen. Oso gogoko dut Miguel Noguera eta txikitan Les Luthiersekiko miresmena sentitzen nuen. Nire ibilbidea gaztetxeetan hasi zen, batzuetan oso emaitza txarrekin. Ondoren, Euskadi Irratiko bakarrizketa jaialdi batera aurkeztu nintzen eta han ezagutu nuen Raquel. Antzezlea da bera eta Madrilen ibili da open mic-etan. Ni noizbait egon naiz, baina berak gertutik ezagutzen eta, adibidez, Madrilen aritzen den umore talde feminista ospetsu batek nola funtzionatzen duen badaki. Horregatik, hain zuzen, batu ginenean erabaki genuen ez genuela hori egin nahi, joera matxista batzuk errepikatzen baitira printzipioz eredu ez matxistak diren horietan. Guk antolatzen dugu inor esplotatu gabe eta ez dugu inoiz itxaron inoren deia.

Patriarkatuaren eragina nabaritzen da emakume batek mikrofonoa hartzen duenean?

Raquelek eta biok esaten dugu, zentzu horretan, Euskal Herria paradisua dela. Alde batetik, ez zegoelako aurretik eta jendeak ez zuelako aurreiritzirik. Bestetik, feminismoaren alor batzuk hobeto daude hemen beste toki batzuekin alderatuta, nahiz eta asko dugun hobetzeko. Burbuila horretan oso eroso sentitzen naiz, eta guk antolatzen ditugun saioetan ere bai. Horri gehitu behar zaio deitzen gaituztenean maiz etxean gaudela, gaztetxeetan, adibidez. Dena den, Raquelek Madrilera jotzen duenean open mic-en batean parte hartzera, beti esaten du oraindik ere izugarria dela matxismoa.

Nik gutxitan sentitu dut. Adibidez, El machismo estriñe (Matxismoak idortzen du) bakarrizketa egin nuen El Jardín secreto tabernan eta hor nabaritu nuen patriarkatuaren presentzia. Oso gaizki pasatu nuen, inork ez zuen barre egiten eta sumatu nuen emakume batek kaka egiteari buruz hitz egitea oso bortitza zela publikoarentzat. Gero, gainera, jakin nuen taberna horretan neska bat esplotatzen zutela. Hala ere, hori nire lehenengo saioetan izan zen, itxialdiaren ostean, eta garai horretan nahiko kamikazea nintzen. Askotan jendea zur eta lur geratzen zen. Orain badakit zer egin dezakedan eta zer ez. Aintzat hartu behar da askorentzat arrotza dela bakarrizketaren kontzeptua. Adibidez, Santutxuko Jaietan egitea arraroa izan zen. Edonola ere, oro har, onartzen da emakumezkoek umorea egitea eta ez dutenek onartzen uste dut ez dutela esaten lotsatzeko modukoa delako. Hori bai, sare sozialetan denetarik esaten didate.

Hor nabaritzen duzu gehiago matxismoa edota misoginia?

Bai, gainera, nik asko maite dut gorroto nauen jendea. Zoragarriak dira: matxismoa, misoginia, euskalfobia, euskarafobia... Dena batera. Ez dago modurik jakiteko nor den sare sozialetan idazten ari dena eta ez dakit zehazki zergatik heltzen naizen faxistengana. Esaten dute algoritmoak badakiela zein den gutxi gorabehera zure ideologia eta zerk haserretzen zaituen, eta hori erakusten dizu elkarrekintza eragiteko, erantzuten duzulako. Ez dakit horregatik den, baina azken boladan faxista andana ari da iruzkinak idazten, batzuk oso dibertigarriak dira eta barre egiten dut. Gogoko dut ni iraintzea eta batzuetan sakelakoa pizten dut bakarrik euren irainak irakurtzeko. Ez naiz ikaratzen eta ez dut serio hartzen, baina batzuen iruzkinak izugarriak dira. Esaterako, berriki batek esan zidan ni bezalako jendeagatik erailtzen dituztela emakumeak. Orduan pentsatu nuen: “Puf, a zer nolako jendea dagoen hortik”. Ez dit beldurrik sortzen, baina adierazgarria da. Beste batzuk dibertigarriagoak dira. Korrikari buruzko euskarazko bakarrizketa batean beste batek idatzi zidan ezinezkoa zela ni ulertzea eta zakila ateratzeko ahotik. “Zakila ahotik ateratzea? Hori inoiz ez!” erantzun nion. Egia esanda, irain eta mehatxu horiek ez dute eremu birtuala inoiz zeharkatu, Kabareten salbu –hor egiten ditugu open mic-ak–. Kartelaren gainean idatzi zidaten bi pertsonak: “Hil zaitez hirugarren dosiarekin, putakumea”. Txertoen kontrakoak ziren. Bikaina izan zen, nire lehenengo mehatxua zuzenean.

Argazkia: Aitor Aspuru.

Komediari esker bizitzeko aukera dago Euskal Herrian?

Ez dakit, nahi duzun bizitzaren araberakoa dela uste dut. Printzipioz, ez dut uste, baina zer da komedia? Gidoiak idaztea? Ikuskizunak? Gauza asko dira. Dena den, momentuz, nik Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentari esker bizirauten dut, bestela ez nukeen bitarteko nahikorik izango. Gero eta lan gehiago ateratzen zait komediarekin lotura duena, baina ez da zehazki komedia: gidoilari-lanak, kolaborazioak, mahai inguruetan parte hartzea, antzezle lanak... Proposamen ugari dira. Horrez gain, gure ikuskizunean guk egiten dugu dena: kartelak, eskuorriak, babesleak lortu kartelak ordaintzeko, Bilborock alokatu, artistak kontratatu, aholkularitza eskatu dirua kudeatzeko... Ardura asko dira eta gure gain geratzen dira guztiak. Ez dut uste Ignatius Farrayk horrela egiten duenik. Berak txisteak kontatzen ditu soilik.

Lokatzean sartzea proposatuko dizut. Gehienetan gizonezkoek lapurtzen diete emakumezkoei ikusgarritasuna, baina batzuetan emakumeak dira horren errudunak zuen kasuan?

"Gorroto nauen jendea zoragarria da: matxismoa, misoginia, euskarafobia...
Dena batera"

Lehen aipatu dizut gainetik. Badaude komedia feminista edo emakumezkoen komedia egiten duten taldeak, baina euren lan baldintzak esplotazio hutsa dira. Hor ez dago sororitaterik, ez feminismorik, neska gazteak zukutzeko aitzakia moduan soilik baliatzen dute feminismoa. Neskei gutxi ordaintzen zaie edo zuzenean ez zaie ordaintzen. Hau da, eremu matxistetan gertatzen dena errepikatzen da. Gero badaude bestelako kasuak, zeinetan umorearen munduan ibilbiderik ez duten pertsonak umorean sartzen diren trena abian dagoelako, soilik ikusgarritasun handia dutelako. Tren hori guk jarri dugu martxan nekez eta sufritzen. Lan handia egin behar izan dugu gure izenak zabaltzeko eta denetarik egin dugu horretarako. Adibidez, herri bateko jaietara joan 15:00etan bakarrizketa egiteko eta umez gainezka topatu. Ea nola egiten dituzun txantxak zakilak jateari buruz!

Hori guztia bizi izan ostean, ikusten dugu inoiz komedia egin ez duten pertsonak sartzen direla, eta beste eremu batzuetan ikusgarritasuna izan dutenez leku hori okupatzen dute. Orduan galdetzen diozu zure buruari: “Non dago sororitatea? Hau ere feminismoaren izenean egiten duzu?”. Gertatzen da. Edonola ere, dena da oso berria eta agian kode batzuen faltan gaude oraindik. Adibidez, egiten ari zaren zerbait beste emakume batentzat kaltegarria izan daitekeela ulertzea. Beharbada ez dakite, eta ezjakintasuna eta elkartasun gabezia dago, ez dakitelako zein emakume ari diren komedia egiten. Ez dakizu, baina izena duzunez, sartzen zara komedian eta bat-batean leku guztietatik deitzen dizute. Are gehiago, agian ez duzu ondo egiten edo badaude neskak zu baino mila bider hobeto egiten dutenak. Azkenean, hori kaltegarria izan daiteke umorea egiten dugunontzat eta emakumezkoek egiten duten umorearentzat, ziurrenik ez dutelako ondo egiten, esperientzia faltagatik, ez gaitasuna ez dutelako.

Zure umorearen oinarrietako bat da politika, zure bizitzaren zati handia delako. Aipatuko diguzu nola irabazi zenion epaiketa bat Ertzaintzari?

[Barreak] Ez nekien hori aterako zenik! Ea, erantzun hau patxadaz hartuko dut. Izan ere, berriki beste epaiketa bat izan dut eta, bestalde, Mozal Legea erabili nahi dute nire aurka. Egia esanda, Ertzaintzari irabazi nion epaiketa ez da oso barregarria. Berez, epailearen meritua izan zen, tematu baitzen ostikoa eman zidan ertzaina identifikatzen. Dena den, nik umore gehien egiten dudan tokiak dira epaitegiak eta komisaldegiak. Ertzainekin umore oso ona eta barre asko egiten dut. Duela gutxi ni bizi naizen eraikinaren atarian sartu ziren ertzain batzuk etxe baten jabearekin, mutil batzuek etxea okupatu zutelako. Une horretan mutilak ez zeuden barruan eta polizia eta jabea saiatu ziren etxebizitzan sartzen. Justu bakarrizketa entseguaren erdian nengoen eta orduan atera nintzen hori ekiditeko. Ataria ertzainez bete zen, erraldoiak, eta ni atera nintzen etxeko arropa jantzita, barruko arropa gabe. Ertzainek harrapatu ninduten, titiak atera zitzaizkidan... Badirudi beti titiak bistan izan behar ditudala. Liskarraren erdian polizia batek esan zidan: “Señorita, tranquilícese” eta nik erantzun nion: “Ez duzu entzun zer ateratzen den nire ahotik? Argi dago ni ez naizela señorita!”. Horren ostean esan zidaten Mozal Legea baliatuko dutela nire aurka. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Umorezko bakarrizketak
Kaitin Allende Zaldunbide. Umoregilea
“Umorea ura edatea bezalakoa da: egunero hartu behar dugu, momentu batean bada ere”

Kaitin Allenderi (1972, Arrasate) bizitzak eman dio bakarrizketarako gaia, eta bakarrizketak bizitza. Berriki aurkeztu du Zahartzaro hiperaktiboa lana. Mitoak deseraiki eta tabuak eszenaratu nahi izan ditu, konplexurik gabe: “Ez dugu barre sano egingo, norberaz barre... [+]


2023-03-23 | Iñigo Satrustegi
Interpelatutak

Pentsatzen dut nahiko "nekatutak" helduko zela Iruñera Antton Telleria birako azken aurreko emanaldira. Indar pixka bat bazuen gordea, ordea, hurrengo egunerako zuen zita bikoitzaren aurretik, IruñEko Antzerki Eskolara bertaratutakoak eta beste... [+]


Eguneraketa berriak daude