Hautsa finkatzen denean

  • Jendearen joan-etorria etengabea da Jordaniako Mafraq erdiguneko kale eta dendetan 11:00ak jo berri direnean. Trafikoaren zalapartak eta martxa motelak gauzak patxadaz eta arnas sakon batek akuilatuta hartzera behartzen gaitu. Zaatariko errefuxiatuen kanpalekutik hamabost kilometrotara dagoen hiri honetan egin dugu hitzordua Siriatik ihes egin eta hemen errefuxiatu diren lau pertsonarekin.

Ahmad, Zaatariko kanpalekuaren kanpoaldean.
Ahmad, Zaatariko kanpalekuaren kanpoaldean.Jon Garate Ondarre

Zaatari kanpalekua, Jordaniako iparraldean, izen bereko herrixkaren alboan eta ingurugiro gogorrak baldintzatutako desertu betean dago. Siriako gerratik ihes egindako milaka eta milaka lagun biltzen dituen eremu honek hamargarren urteurrena bete du uztailean. 2013ko martxoan, Baxar al-Assaden gobernuak Siriako hegoaldean abian jarritako kanpaina militarraren ondotik, 156.000 pertsona biltzera iritsi ziren kanpalekuan. Gaur egun, UNHCR–Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoa– erakundearen estimazioen arabera, 80.000 bat pertsonak bizirauten du bertan eta, konponbide zabalago baten faltan, ez dirudi berehalakoan aldaketarik izango denik. Are gehiago, egoera betikotzera bidean doanaren zantzuak besterik ez dira ageri non-nahi.

Bizi duten egoera zaurgarria dela eta, elkarrizketatua izateko prest dagoen jendea topatzea ez da lan erraza izan. Errefuxiatu izaera aitortu zaien arren, asko eta asko beldur dira behin identifikatuak izan ezkero Siriako Gobernuak beraien burua edo sorlekuan gelditutako familia arriskuan jar lezakeelako.

Dilal eta Majideren errefuxiatu agiriak eta NANak

Ahmad –37 urte– 2013an iritsi zen kanpalekura. Lehen unean bakarrik iritsi bazen ere, bi hilabeteren buruan emazteak eta seme zaharrenak egin zuten bat berarekin. Ordutik familia handitu eta hiru alaba gehiago ekarri dituzte mundura. Urtebetez Amman hiriburuan bizitza hobea bilatzen saiatu zen arren, urtebeteren buruan kanpalekura itzultzea erabaki zuen. Herrialdean dokumentazio legalik gabe ibiltzeak lan baldintzarik txarrenetarako aukera baino ez du uzten kasurik onenetan. Txarrenetan, segurtasun indarrek atzeman ezkero, Jordaniako Azraq kanpalekuko Village 5 delako gunera eramatea ekar lezake. Azken hau ezaguna da, besteak beste, Daesh edo Estatu Islamikoarekin –edo UNHCRko bozeramaile batek adierazi zuen moduan “segurtasun eta nazio-segurtasun arrazoiengatik” – bat egindako 10.000 pertsona inguru biltzen dituelako presondegien moduko segurtasun neurrien artean.

Ali –31 urte, izen asmatua da anonimotasuna gorde nahi duelako– ere 2013an iritsi zen Zaatarira, ama eta anai-arrebekin batera muga legez kanpo zeharkatuta, beste askok bezala jaioterrian erregimenaren aurka egon izanagatik, ezin izan zutelako pasaportea berritu. Sirian iraultza piztearekin batera enpresaritza ikasketak eten eta kazetari lanetan hasi zen izenordea erabiliz. Ahmadek bezala, kanpamendutik irten ahal izateko bertako zuzendaritzaren baimena ezinbestekoa du. Baimena lortzea ez da edonolako izapidea, sarritan hainbat orduz itxaron behar izaten baitute. Errefuxiatu politikotzat du bere burua eta, bere lana medio, Siriakoek ez ezik Jordaniako zerbitzu sekretuek hainbat aldiz ikertu dutela dio.

Kanpalekutik kanpo, Mafraq hirian zitatu garen pisuan legalki bizitzeko baimena duten arren –2018tik Jordaniako Gobernuak osasun estaldura galtzearen truke onartzen die hala eskatzen dutenei–, Majide eta Dilalen –29 eta 35 urte hurrenez hurren– familiaren egoera ez da askoz hobea. Bi haurrekin batera partekatzen duten etxebizitza xumean, bien artean hilero jasotzen dituzten 53 dinar jordaniarrak –75 euro inguru– ez dira nahikoak alokairuaren 110 dinarrak ordaintzeko. Eta hori argindarra, ura, janaria, haurren beharrak eta gainontzekoak kontuan hartzen hasi aurretik.

Majide eta Dilal, Mafraq erdigunean alokatuta duten etxeko egongelan

2016az geroztik elkarrekin ezkonduta dauden arren, Nazio Batuen Erakundeak ez die familia egitura aitortu, eta beraz, Majide oraindik Azraq kanpalekuan izen emanda bezala ageri da erregistroetan. Aitortza horrek diru-laguntzak zertxobait handitzeaz gain, burokratikoki gauzak asko erraztuko lizkieke. Hilero berritzera behartuta dagoen alegiazko lan baimen batek ahalbidetzen dio familiarekin etxe berean bizitzea. Baimena berritzeak kanpalekura hiru orduko joaneko bidaia egitea suposatzen dio eta, kasu batzuetan, egun pare batez bertan ezagunen baten dendan itxarotea –ez baitu honezkero berezko tokirik bertan– beste hiru orduko bueltako bideari ekin aurretik. Baimena eguneratuta ez izateak, beste behin atxiloaldia eta familiarekiko aldentzea ekarriko lizkioke.

Errefuxiatuen artean egoera ekonomikoak desberdinak diren arren, guztien egoera larria dela nabarmena da. Hau areagotu besterik ez da egin urteak aurrera joan ahala GKE txikiak desagertu eta gobernuetatik gertuen daudenak soilik gelditu diren heinean. Dilalen kasuan adibidez, kanpamendutik kanpo egonagatik, hilabeteroko oinarrizko esleipenetik kanpo ez du inolako laguntzarik jasotzen ez berak ezta familiak ere. Egunean eguneko lan puntualak aurkitzea da momentuz esperantza bakarra, eta hauek ez dira egunero agertzen. Uzta bilketa sasoia denean, zorteko bada, azeituna edo tomatea jasotzen zazpi dinar –hamar bat euro– lor ditzake hamabi orduko lan egunaren truke.

Zaatariko errefuxiatuen kanpalekua kanpotik ikusita

Aliren kasuan, Sirian hasitako kazetari lanari eustea erabaki du aukera agertzen zaionean. 2013an kanpalekuan uholdeak izan zirenean freelance modura jardun zuen BBC, France24 edo Al Jazeeera bezalako komunikazio taldeentzat. Ordutik hainbat GKErentzat egin du lana: IRC –International Rescue Comitee–, Save The Children eta UNICEF. Hilabetean 300 dolar arteko ordainsaria lor dezake kazetari lanagatik, baina batzuetan kanpamenduko kudeatzaileek dirua ukatzen diotela dio. Egutegiko egun esanguratsuetan, hamabi orduko lan jardunarengatik 50 dolar ere lortzera iritsi izan da, betiere ordaindu nahi izan diotenetan. Ahmadek jaioterrian piztutako futbolari bokazioari eutsi dio muga zeharkatu ondorengoan ere. Haurren taldeak entrenatzen ditu egun erdiz, ordainetan 100 dinarreko –145€ inguru– “laguntza” jasotzen du hilero.

Egoera hauek guztiak urtetan hainbat aldaketa jasan dituen kanpalekuaren testuinguruan sortzen dira. 2013an, gerra luzerako zihoala ikusita, behin-behineko olanazko dendak karabana zuriekin ordezkatzen hasi ziren. 25.000tik gora ezarri dira azken hamarkadan UNHCR-en datuen arabera. Horiek baldintzak zertxobait leuntzea ekarri dute, batez ere udako tenperatura jasangaitz edota neguko haize hotzaren aurrean. 2016ko azarotik martxan da inoiz errefuxiatu kanpaleku batean ezarri den eguzki-panel zentralik handiena ere. Berari esker 12 eta 14 ordu arteko argindar emaria dute. Kanpalekuko etorbide nagusietan hainbat negozio eta denda loratu dira horrela, gutxinaka asentamenduaren behin-behinekotasuna behin-betikotasunerantz gerturatuz.

Etorkizunari dagokionez ez dirudi norbanakoentzat gauzek hobetzeko itxura handirik dutenik. Dilal eta Majidek etxegabetze agindua mahai gainean dute jadanik, azken hiru hilabetetako gastuei aurre egin ezinda. Eta ez da okerrena, Majidek zazpi hilabeteko haurdunaldia gaindituta duela ikusita. Legez kanpokoa den arren, haurra etxean erditzea beste aukerarik ez du ikusten, ospitaleko kostuak kontuan izanda.

Ahmed eta Ali ere etsita ageri dira. Seme-alabek harrera herrialdean ikasketak egin ditzaketen arren, badakite, euren jatorria medio, ez daukatela lan merkatuan sartzeko inongo aukerarik. Siriaren egungo egoera ikusita, itzultzea ere ez dago aukeren artean. Alik, etorkizunari buruz galdetuta, ez du bi aldiz pentsatu behar perspektibak laburbiltzeko: “Kanpalekuak badu etorkizuna, pertsonek ordea ez”.


ASTEKARIA
2022ko abenduaren 11
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Eguneraketa berriak daude