"Euskararen eta antzerkiaren arteko afekzio-lotura osatu nahi dut"

  • Paris eta Comédie Française konpainia ospetsua utzirik, sorterriko antzerki taldera itzuli eta aski fite lotu zitzaion Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda obra zuzentzeko erronka inspiragarriari. Han bizitakoaz eta hemen bizi nahiaz hitz egin digu luze eta zabal Peio Berterretxe makearrak. Antton Lukuren obraren azken emanaldia pasa berri, itzaleko lanetan segitzen du orain: haurrei eta nerabeei antzerki kurtsoak ematen dabil, pentsatzen duelako biharko euskaldunak bermatzeko bidea dela plazera eta jokoa euskaraz bizitzearena.

Peio Berterretxe (Argazkia: Simon Gosselin / Theatredunord)

Nola sartu zinen antzerki mundura?

“Jostakin” taldean hasi nintzen duela hogei urte, lagunekin, Makeako herriko bestetan antzerki batzuk emanez. Beraz Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda antzerkia nonbait abentura baten borobiltzea dugu, garaian jadanik elgarrekin ginelako anitz. Aitzina segitu nahian, besteak futbol entrenamenduan zirela, nik antzerkia nuen Chimères taldean. Eskolan huts egiten nuelako, lanbide bat behar nuen eta antzerkian formatu nintzen.

Hastapen horietatik zein oroitzapen atxikitzen duzu?

Giroa dut oroitzen: herriaren zati handi bat hurbiltzen zitzaigun, belaunaldi ezberdinak biltzen genituen eta komedia izanik biziki federatzaile den irria zen nagusi. Gure amek sortu zuten Jostakin, eta dena euskaraz egitea zen beraien nahia. Makean eta Izturitzen ematen ditut haurrentzako antzerki kurtsoak eta badakit giroak duela taldean egonarazten: giro onean egiten dugu antzerkia, beti euskaraz eta helburua da euskara lotzea momentu eta oroitzapen onei. Euskararen eta antzerkiaren arteko afekzio-lotura hori osatu nahi dut, euskalduntze prozesua hortik pasatzen delako.

Irakurketa hori bazuten zuen amek ala garaian berez zihoan bien arteko lotura?

Nik uste bietarik bazela. Batetik, haiek ezagutu zuten Iparraldean antzerki talde andana bazen garaia. Giro hori nahi zuten Makean. Bestetik, Seaskako amak ziren; duela hogei urte haurra ikastolan ezartzearena militante izatea zen eta Jostakin militantzia horren parte zen.

Antzerki talde anitz zituen Ipar Euskal Herri hori aipatu duzu.

Gure amek ezagutu zuten, baina ordungo desagertzen hasia zen. Herri gehienetan haustura egon zen, ez zen transmititu edo belaunaldi berriak ez zuen hartu. Geroztik libertimenduak hartu du lekua, baina ez da haur edo nerabeentzat. Anttonek [Luku] formatu ditu nerabeak, eta Makean ere funtzionatzen du formatuak izan ginelako. Iparraldean haur eta nerabeentzat bakarrik bost antzerki talde dira euskaraz. Ez da normala. Antzerkian eta bertsolaritzan dugu bakarrik segurtatua euskararena, hitza baliatzen dugulako; baina izan dantza ala pilota, frantsesez egin daitezke eta egiten dira.

Baina publikoa hor da. Sei emanaldi eta 2.800 ikusle izan dituzue.

Bistan da, baina publikoa hor da libertimenduak publikoa aldatu duelako ere. Orokorrean, herrietako antzerkietan aski zaharra da publikoa eta antzokietara doana ere zaharra, zuria eta burgesa da. Libertimenduak gauzak aldatu ditu, bat-batean gazteak dira, eta lagunak joaten zaizkie entzutera. Libertimenduak begirada bat hazi du, kulturzaleak sortu ditu eta orain kabalkadetan, pastoraletan eta maskaradetan ere agertzen dira. Zirtzil-connection deitzen diogu horri: [libertimenduko] zirtzilen artean lotura eta sare bat garatu dugu. Gainera engaiatuak dira. Iparraldeko euskal komunitatean sartzeko hiru erritu-iniziatiko gainditu behar dituzu: permisa [autoko karneta] lortu, EHZn laguntzaile izan eta libertimendua egin [irria].

Frantses sisteman geroz eta gorago igo eta geroz eta argiagoa da boterearen eta artearen arteko lotura

Beste giro batean ere egon zara: Comédie Française instituzio famatuan. Irakurlea kokatzeko, Louis XIV erregeak 1680an sorturikoa, eta gaur egun oraindik Erregearen Palazioaren bihotzean kokaturikoa.

Aktibo den munduko antzerki konpainia zaharrena da, Molierena izandakoa, hots, ez da gauza ttipia. Artistikoki biziki interesgarria izan da niretzat: taula zuzendari eta aktore bikainak nituen, konpainia izanik hirurogei bat ginen eta kristoren bestak egin ditugu. Baina ez da gauza ttipia botereari lotua delako. Trobadore eta zirtzilak kalostrapeetatik kanporatuak izan zirelarik ostatuetara joan ziren eta orduan sortu zen antzerki pribatua, burgesei bideratua [XIII-XIV. mendeetan]. Sarrerak behar ziren, dirua ere, beraz mezenasgoa... Gaur egun ezagutzen dugun antzerkia ordungo aldaketaren emaitza da. Artistikoki bere alde onak ditu, baina aldi berean klase sozial zehatz baten artea da: denak joan daitezke baina ez da denendako. Comédie Française-a balkoietatik eta lurpeko pasabideen bidez lotua da Konstituzio Kontseiluari eta Estatu Kontseiluari. Pentsa Kultura ministeriora joateko ez duzu ezta kalera atera behar ere. Frantses sisteman geroz eta gorago igo eta geroz eta argiagoa da boterearen eta artearen arteko lotura. Lilles-eko Antzoki Nazionalean nintzenean Martine Aubry [alkate eta ministro izandakoa] edota Gérard Darmanin [Barne ministroa] genituen publikoan, elkarrekin besta egiten genuen –ondoko soirée edo gaualdiak ere lana direlako–. Mezenasgoarekin gauza bera, Rothschild etortzen zaigunean bere xanpain-piramide eta guzti, bitartean gu SMICean gara [gutxieneko soldata]. Frantses sisteman erreusitzen duten antzerkilari eta konpainiak ez dira baitezpada hoberenak, diru emaileekin hobekien harremantzen direnak dira.

Nola iraun duzu?

Hartz bat naiz, hori ikustearekin ostatura nindoan eta mozkortzen nintzen, gehienetan bakarrik, lagunek bazekitelako han egon behar zirela. Baina nik ez dut sekulan hori jasan. Euskaldun izatea ere problema zitzaidan. Konfinamendu garaian zioten “Il faut apporter la culture où il n´y en a pas” (“Ez dagoen lekura eraman behar da kultura”). Ikuspegi arrunt kolonialista dute. Frantses gisa futitzen zara, Frantziako Errepublikak zure lurraldetik dena desagerrarazi zuelako eta kultura bertaratzea nahi duzulako. Baina hemen? Baditugu pastoralak, libertimenduak, bertsolaritza… Horren berri ematen nielarik mespretxua eta trufa nituen erantzun gisa.

Klase arrakala handia bada.

Gu SMICean gara eta ondoan badugu Guillaume Gallienne “luxu gogoa dut, ez al dugu kabiarrik?” galdezka. Berez kulturan bada sosa, baina liberalismoan gara: badituzu ikaragarri prekarizatuak, beti lanean; eta besteak, lortzen dutelako oraindik gehiago ukanen dutenak. Ez al ginen ezkertiarrak? Ez al dugu moralik? Horrelakoa da frantses sistema. Euskalduna nolakoa nahi dugu? Euskal antzerki herrikoia ukanez erakundeekilako/sistemarekilako indar harremana atxikitzen ahalko genuke, alternatiba bat proposatzen ahalko genuke. Konplexua da, lanbide hori dutenak bizi behar direlako. Arazoa da dirua beti berdinei banatzen zaiela.

Eta nola kokatzen zenuen euskaldun identitatea barne horretan?

Azentua nuen traba. “Ez duzu desagerrarazi behar, menperatu behar duzu”, erraten zidaten, baina azkenean desagerraraztea nahi zuten. Ortofonistarekin eta foniatrarekin hitzorduz hitzordu, biziki urrun joan naiz. Antzerkia nire bizia zen, horretara joan nintzen hemezortzi urterekin, dena sakrifikatu nuen, ez nuen gaztarorik bizitu Euskal Herrian. Karrera handi bat egiteko aukera banuen hor, gaitasunak nituela erraten zidaten, beraz guztia emateko prest nintzen: azentua desagerrarazi behar nuen. Errepika 10:00etan baldin banuen, 07:00tan mirailaren aitzinean nintzen, stylo-a [boligrafoa] ahoan, azentua desagerrarazteko ariketak egiten ari… Euskal Herrira sartu eta ondotik hamabost egun behar nituen azentua “garbitzeko” –hitz hori erabiltzen zuten–. Lortu nuen: foniatrak erran zidan ez nuela gehiago azenturik. Hizkuntza bakoitzak daukan eragin fisikoa hor nuen [mihiaren mugimenduak eta kokapenak], baina hori ezin nuen kendu.

Mespretxu horretaz mendekatzen ari zara orain?

Baliteke. Mendekatzen edo nire etxean nireekin nahi nuen hori lortzen –han ez nintzelako sekula haien parte–. Biran ginen Christophe Rauck-ekin eta bota zidan: “Eta, Peio, pitikak atxikitzen zenituen zure euskaldun mendietan?”. Orduan erabaki nuen dena uztea eta alde egitea. Horrelako oharrak biziki bortitzak dira, guztia da biziki bortitza eta bakarrik nintzen jasateko. Ekosistema biziki berezia da. Baina horretara bideratuak gara: “Frantziako antzerki publikoko elite” ginela erran ziguten Comédie Française-ra sartzerakoan. Zure egoa puzten da, “pusa zaitez, pasa behar naiz” postura hartzen duzu. Hastapenean ez nuen, baina poliki-poliki, besteen lehertzen hasi nintzen: Shakespeareren Richard de Bolingbroken rola lortzeko lagun hoberena baztertu nuen. Politezia alde batera uzten hasten zara.

07:00tan mirailaren aitzinean nintzen azentua  desagerrarazteko ariketak egiten ari

Eskerrak osoki usteldu aitzin itzuli zinela herrira.

Mundu horrek ustelduko ninduela ulertu nuelarik konfinamendua baliatu eta herrira itzuli nintzen. Jakinez hemen ere zer gertatzen zen: familia handitzen ari zitzaidan, lehen ilobak hor nituen... Pariseko biziaz eta hiri giroaz aspertua nintzen... eta libertimenduak ere hor ziren. Dena den, beharrik Xan anaia hor nuela. “Kolonialisten etxean zara”, erraten zidan, gogoeta batzuk pasaz irakurtzeko, eta nik “zer?”… Aldi berean abertzale girotik urruntzeko ere joan nintzen. Batzuetan joan behar da gauzez ohartzeko. Anaia etortzen zitzaidan ikustera, eztabaidak eta solasaldi biziki interesgarriak bagenituen. Antzerkiak indartu du gure arteko harremana. Bestalde, biziki kontent zen niretzat, baina...

Libertimenduak garrantzia handia izan du.

Lukuren Libertitzeaz irakurri, anaiari esker libertimenduak Makean eragiten zuena ikusi eta “hor gauza biziki garrantzitsua gertatzen ari da” pentsatu nuen. Ez nuen ondotik pasa nahi. Guk egiten duguna euskal antzerkia da edo euskarazko antzerkia? Hori da ukan behar dugun galdera bat. Egiazko euskal antzerki bat sortzeko parada ekartzen dauku Libertitzeaz liburuak, edo behintzat gogoeta pista batzuk. Harroturik eta mila ideia buruan jautsi nintzen Parisetik. Profesionaltasuna uztea erabaki nuen, horkoa ez delako antzerkilari profesionaletatik pasatzen –eta ez da ez direlako gai, ez da hori afera–. Galdu genuen antzerki kultura berriz plazaratu behar dugu, eta ez dut uste profesional gisa lortuko nuenik.

Antton Lukuk idatzitako 'Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda' antzerkia zuzendu du.

Amaturra ala profesionala, eztabaida sortzen du gaiak aspaldian Ipar Euskal Herrian.

Eztabaida hori hor dugu euskarak ez duelako koofizialtasunik Iparraldean. Argiki, amaturrok ez badugu egiten, ez da antzerkirik euskaraz plazaratuko. Euskarazko antzerki arras guti plazaratu ziren iaz Donibane Garazin adibidez, Axut-en Amua eta pare bat gehiago. Ez da normala. Sekulako dinamika zen duela 20-30 urte, baina orain! Iparraldean, euskararekin egindako gauza bera egin dugu euskal kulturarekin: Seaskari utzi diogu euskararen kargu guzia, eta Euskal Kultur Erakundea eta profesionalizazioa agertu direlarik, horiei utzi diegu euskal kulturaren kargua. Baina hori ezin da: gure egoera ikusirik, ezin dugu erreakzionatu burges batzuk bezala.

Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda antzerki herrikoia izatea nahi zenutela irakurri dizut. Zertan da herrikoia?

Antzerki herrikoiaz dudan definizioa frantses antzerki kulturatik dut, Jean Vilar eta bere belaunaldikoena: Parisetik kanpo egiten dena –bo, gu horretaz futitzen gara–, eta sustut ahal bezainbat jenderi mintzo dena –ez da demagogia egin beharrik edo anbizioa ttipitu beharrik denei mintzatu ahal izateko–. Euskal Herrian ez dugu harreman bera literaturarekin eta antzerkiarekin: libertimenduak hor ditugu eta horrek ekuazio guzia zapartarazten digu. Baina, bai, herrikoia denean, antzerkira gutitan doanak gozatu dezake kulturan aditua denak bezainbat –ez da nehor baztertua eta bakoitzak atzematen du jatekoa–. Denek dute momentu eta obra bera bizitzen, baina bakoitzak bere identitatetik eta ikuspuntutik. Horrelako antzerki bat egin nahi nuen. Ez dakit lortu dugun, baina ikusiz dugun publikoa, erran nezake baietz.

Eszenografia totalean ere landu dugu: taloak eta edariak izatea zen gure baldintza, eta ahalaz txaranga bat ere. Besta bat antolatzea zen nire hastapeneko nahia –jan, edan eta xopatu [norbaitekin bukatu] izpirituan–, baina antzerkiaren bidez. Amesten ditudan Shakespeareren garaiko The Globe Theater-ko antzerki emanaldietan oinarritu naiz. Ez zuten orain dugun harremana antzerkiarekin, garaian basagoa zen. Guk antzerki mota hori ezagutzen dugu pixka bat: libertimendua edota maskarada –jendea zutik da, usu eskura dute kafea edo garagardoa, lagunekin goaz eta ikusten duguna komentatzen dugu...–. Libertimenduko kode horiek hartu eta antzerkiari nahasi nahi nituen, ahalaz antzerkian gaur egun diren liturgia eta zeremoniala kenduz. Guretzat ere zaila da. Adibidez, agurrak ez nituen nahi, berehala txarangak segida hartzea nahi nuen, baina taldekoei sobera zitzaien: hainbeste lan egin eta, kitorik, txaloak ditugu paga bakar...

Emanaldiak bukaturik, berriz oholtza gainera igotzeko asmoa baduzu?

Pitika zaindariaren oharra entzutean erabaki nuen ez gehiago antzeztea. Bukaeran, taula gainean egotea bera zitzaidan biziki bortitza. Ez zen gehiago plazera, bukatu eta publikoa agurtu gabe banindoan. Ez zen batere goxo. Beraz haurrekin eta nerabeekin segituko dut, uste dudalako hor dela gakoa. Horientzat antzerki taldeak bideratzeko prest den jendea behar dugu. Beharbada talde eramaile formakuntza bat muntatu? Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda antzerkiarekin jendeak ikusi du haur eta nerabeentzako talde batek hortik hogei urtera zer nolako emaitza duen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
2024-02-28 | dantzan.eus
Lau pastoral plazaratuko dira 2024 urte honetan

Aurtengo urtea emankorra izango da pastoralei dagokionez, lau pastoral emango baitira; bi Zuberoan eta beste bi Zuberoatik kanpo: Iruñean (Nafarroa) eta Xarneguko (Lapurdi-Nafarroa Beherea) zonaldean. Gure herriko lau historia ezagutaraziko dira oholtzan antzerki,... [+]


Xabin Fernandez eta Intza Alkain. 'Kanpora sartzen' antzezlana
"Zuen bizitzan lehen aldiz, herrian ikusiko duzue GIBa"

2013an, medikuaren telefono deia jaso zuen Xabin Fernandezek (Legorreta, Gipuzkoa, 1985). Diagnostiko garbia eman zioten: GIBa. “Seropositiboa zara”. Bizitzak 360 graduko buelta eman zion orduan. Mamuak agertu zitzaizkion: beldurra, amorrua eta lotsa, besteak beste... [+]


Eguneraketa berriak daude