Kroazia, azken muga

  • Nazionalitate askotako pertsonek Balkanak zeharkatzen dituzte Europar Batasunera heltzeko. Ohiko bihurtu den ibilbidea da, 2015eko "migrazio-krisia" deiturikoa hasi zenetik. Baina bidea zaildu egin da ordutik. Mugimendu-murrizketak areagotu egin dira eta Poliziaren jarduna zorroztu, zeharkaldia izugarri zailduz. Kroazia, Europar Batasunaren babes nabarmenarekin, "Benetako Europara" –Schengen Itunarena– iristeko zeharkatu beharreko azken muga bilakatu da. Eta zailena.

Argazki guztiak Joseba Sanzenak dira.

Basoetan, mendietan eta ibaietan barrena, milaka lagunek ekiten diote urtero Kroaziako ia 200 km eta Esloveniako zati txiki bat zeharkatzeari, Triestera (Italia) iristeko. Handik, Europako beste herrialde batzuetara abiatzen dira. Trieste bizitza eta askatasun berri baten hasiera da. Han, Gian Andrea Franchi eta Lorena Fornasir izango dituzte zain, arropa, janaria eta babesa emateko, eta beren zauriak sendatzeko. Franchiri eta Fornasirri legez kanpoko immigrazioa sustatzea leporatu diete, eta epaiketaren zain daude.

Itxarotea
Bosniako iparraldean, Biha?, Velika Kladuša eta Una Sana kantonamenduko beste herri txikiago batzuetan, milaka pertsona pilatzen dira, Italiarako bidaia jarraitu nahian. 70.000 iritsi omen dira Bosniara azken bi urteotan. Horietako asko egokitutako esparruetatik kanpo bizi dira, etxe eta lantegi abandonatuetan eta, hotza apaltzen denean, kanpadendetan.

Afganistango eta Pakistango pertsona asko daude, baina nazionalitateen sorta oso zabala da. Siriako, Iraneko eta Irakeko jendea dago. Marokokoak eta Aljeriakoak saiatzen dira Balkanetako bidea Turkiatik egiten, herrialde horretara bisarik gabe hegan egin dezaketelako. Bangladeshetik etorritako pertsona franko ere badaude, eta batzuek ibilbide osoa lurretik egin badute ere, gehienak Dubaitik etortzen dira, Oman eta Irandik barrena. Egipto, Libia, Palestina eta Sudangoak badaude, baita India eta Nepalgoak ere. Velika Kladuša inguruan, Tibet eta Mongoliako pertsonak ezagutu ditut, eta, gertuko herri batean, kubatar bat, Moskutik Bosniara Armeniaren bidez iritsi zena, Kubak Errusiarekin dituen akordio historikoei esker.

Biha?-en ez bezala, non esparruetatik kanpo dauden gehienak gizon helduak diren, Velika Kladuša inguruan aniztasun handiagoa dago. Haur txikiak dituzten familia asko daude, gehienak afganiarrak. Bakarrik bidaiatzen duten emakumeak eta adingabeak ere badaude.

Gehienek urteak daramatzate bidean, Greziatik igaro ondoren. Beste asko Bulgaria eta Serbia zeharkatuz iritsi dira. Afganistango egoera politikotik ihesi urteak daramatzaten afganiarrek itxaropen izpi bat ikusi dute euren herrialdeko azken gertakarien ostean. Hala ere, haien igarobiderako murrizketak leundu edo asilo-eskaera erraztu beharrean, Europako mugak gehiago blindatzen ari dira.

Bi pakistandar, erakunde humanitario batek emandako janari poltsekin, Borniako Bihac-etik gertu

Bizitza normaltasun apal batean igarotzen da inguruan. Etengabeko kezkak janaria eta eguneroko higienea dira. Hainbat erakundek –batez ere alemaniarrak– arropa, janaria eta higiene-gaiak ematen dizkiete. Laguntza medikoa eta, batzuetan, tratamenduak ere ematen dituzte. Ekintzaileak oso gazteak dira, laguntzeko borondate nabarmenarekin. Batzuetan pertsona-kopuruak gainezka egiten badu ere, boluntarioen jokaera bikaina da, eta sortzen diren loturek, batzuetan familia osoekin, istorio asko partekatzeko aukera ematen dute. Laguntza ematen duten tokiko erakundeak ere badaude. Zlatan Kova?evi?-ek, “Sos Biha?” erakundearen fundatzaileak, hanka bat galdu zuen Balkanetako gatazkan, eta ordutik behartsuei laguntzea erabaki zuen.

Afganistango bi lagun Velika Kladušan.

30 urte geroago, Biha?-eko eta Velika Kladušako etxeetako hormetan gerraren bala-inpaktuak ikusten dira oraindik. Hala ere, biztanleriaren zati handi batek, dirudienez, setioa eta sufrimendua ahaztu egin ditu. Gaur egun neke-giro orokorra sumatzen da, etsaitasun zabal erraz bihurtzen dena, bai igarotze horretan dauden pertsonen aurka, bai hainbat erakundetako boluntarioen aurka. Egia da, halaber, herritarren zati batek lagundu egiten diela bidean dauden pertsona horiei, eta batzuetan ura eta janaria ematen dizkiela. Kasu batzuetan etxean hartu dituzte neguan. Hala ere, ultraeskuineko talde txikiek, tokiko prentsaren laguntzarekin, giroa berotzen dute aldizka, migratzaileen aurkako manifestazioak antolatzen. Boluntarioen aurkako eraso edo jazarpen kasu jakin batzuk ere izan dira. Una Sana kantonamenduko agintariek "arazoa" amaitzeko asmoa agertu dute, eta Segurtasun ministroari eta Bosnia eta Herzegovinako Ministroen Kontseiluari migratzaileen fluxua geldiarazteko eskatu diete. Baita kantonamendutik kanpo horiek birkokatzeko esparru berri bat eraikitzeko ere. Azken hilabeteetan, Poliziak hustuarazitako squat-en kopurua handitu egin da.

The Game
Denak "game"-era joateko behar dutena biltzen saiatzen dira. Helburua Kroaziako muga zeharkatzea eta Italiaraino jarraitzea da. Kroaziako Poliziak irabazten du gehienetan game horretan, baina giza eskubideekiko errespetu gutxirekin jokatuz.

Batzuk hogeitaka aldiz saiatu dira Italiara iristen. Muga zeharkatzea nahiko erraza da, ez baitago harresirik ezta alanbre-hesirik ere. Zenbait lekutan muga zeharka daiteke errekatxo bat igaroz edo baso edo zelai bat zeharkatuz. Izan ere, Kroaziako zeharkaldian harrapatzen dituzte gehienak. Ehunka "pushback" kasu daude dokumentatuta, hau da, Poliziak egindako legez kanpoko itzulketa bortitzak. Pertsonak jazarri egiten dituzte, biluztu, arropak erre eta dirua kentzen diete. Mugikorrak ere Poliziak lapurtu edo suntsitzen dizkie. Sarritan Poliziaren txakurrek ere hozka egiten diete. Adingabeak kolpatzen dituzte eta sexu-abusuak gertatu izan dira. Afganistango emakume batek polizien ukituak jasan zituen eta mutil bat bortxatu zuten adar batekin, adibidez. Europako legeak urratuz, asilo-eskaerak eta familia berriz elkartzeko eskaerak sistematikoki baztertzen dira. Itzulketa horietako batzuk Esloveniatik eta batzuetan Italiatik egiten diren “kateko pushback-ak” dira, eta estatu horietako poliziek modu koordinatuan parte hartzen dute.

Afganistango ume bat behin behineko kanpaleku batean.
Familiarekin bidean diren Afganistango hiru haur.

Aurtengo apirilaren 2an hainbat erakundek osatutako Border Violence Monitoring Network-ek txosten berezia argitaratu zuen, 1.000. lekukotasuna zela eta. Poliziaren indarkeria eta abusua –eta, batzuetan, tortura– Balkanetako mugetan: mila kasu azken lau urteetan, 15.000 pertsonari baino gehiagori eragin die. Kasuen %75ean, pertsonak jo dituzte, eta %20an, poliziek pistolak erabili dituzte. Pushback askok Bosnia dute helmuga, nagusiki Una Sana kantonamendua. Agerikoa da, aipatutako txostenean salatzen denez, itzulketa bortitzak tresna instituzionalizatua direla, eta ez ekintza indibidualak edo isolatuak.

Aurretik, 2020an, BVMN-ek Itzulketen liburu beltza aurkeztu zuen, bi liburukitan. Europako Ezkerrak argitaratu eta Europako Parlamentuan aurkeztu zuen, estatukideek eta EBko agentziek giza eskubideen muturreko urraketak egin dituztela frogatuz. Bestalde, hainbat hedabide independentek ere itzulketa bortitzen irudiak lortu dituzte.

Itzulketen biktimek grabatutako bideo askotan poliziek eragindako lesio fisikoak ikusten dira, batzuk larriak. Kroaziako Poliziak droneak, infragorrien kamerak, kamera termikoak eta bihotzaren taupadak detektatzen dituzten gailuak dauzka. Guztia Europar Batasunak finantzatuta eta Frontex-en laguntza logistikoarekin. Bruselak 41 milioi euro ordaindu dizkio Zagreb-i azken bost urteetan mugak kudeatzearen truke.

Bosniako Polizia bidean diren pertsonek erabiltzen duten eraikin bat.

Hori gutxi balitz, pertsona horiek orografia konplexu bati egin behar diote aurre, ibai emaritsuen bat-bateko gurutzaketari eta neguan zero azpiko tenperaturari. Asko izan dira ibaietan itota hil direnak. Errepideetatik urrun ibiltzen dira beti, normalean basoetan barrena, ikusiak izateko beldurrez. Sarritan nekazariek edo herri txikietako biztanleek salatzen dituzte. Horrekin batera, pertsonen kontrako minen arriskua dago. Aurtengo martxoan, pertsona bat hil eta beste lau larri zauritu ziren Saborsko eskualdeko mina baten eztandaren ondorioz. Azken hamarkadetan minak kentzeko kanpainak martxan izan arren, Kroazian 258 kilometro koadro minatuta daude oraindik.

Boniako Bihac hiriko hilerrian migratzaile anonimoak hilobiak daude.

Zeharkaldia burutzea lortu ez zutenetako batzuk Biha?-eko hilerriko txoko batean lurperatuta daude. Hamar bat hilobi daude "NN" idazkunarekin, Nomen nescio latinez, izen ezezaguna, identifikatu gabeko pertsona. Noman izeneko haur bat dago ere, urtea bete baino lehen hila. Pertsona horietako batzuk itota hil ziren, beste batzuk squat baten sutearen biktima, eta beste batzuk gaixotasunagatik, baina, azken batean, guztiak hil ziren haien migrazio-ibilbidean sufritutako baldintzengatik.

Afganistango familia bat Kroaziako mugara bidean.
Bosnia eta Kroazia arteko mugan. Velika Kladusa.
Muga gurutzatu aurretik, azken itxaronaldia gauean.
Sudango migratzailea, Esloveniako baso batean, Italiarako bidean.

225 km egitea basoetan ezkutatuta benetako ausardia da. Naturgune ederretan zehar igarotzen da, Risnjak Parke Nazionala edo Italiako Riserva Naturale della Val Rosandra kasu. Zati batzuetan, ibilbideak Bide Dinarikoarekin bat egiten du, hau da, Balkanak zeharkatzen dituen Ibilbide Handiko bidezidorrarekin. Bioaniztasun handia dago bidean eta ez da zaila hartzak aurkitzea.

Inguru idilikoak infernu bihur daitezke, baina. Pertsona horiek entrenamendu espezifikorik eta elikadura egokirik gabe egiten diote aurre ibilaldiari. Ez dute ekipamendu aproposik, ez azken belaunaldiko GPSrik, ezta hornidurarik ere, eta, gainera, tokiko herritarrak eta Poliziaren zaintza-baliabide sofistikatuak saihestu behar dituzte.

Bidearen amaiera
Esloveniako muga igarota, helmuga gertuago dago. Azken orduak Italiako lurraldean izaten dira, Triestera iritsi arte. Piazza della Libertà delakoan, tren geltokiaren aurrean, Gian Andrea Franchi eta Lorena Fornasir, Linea d 'Ombra erakundearen sortzaileek, urteak daramatzate pertsonak laguntzen, goseak, nekatuta eta oinak txikituta iristen direnean.

2015ean, Balkanetako migrazio-fluxuak beren hirian amaitzen hasi zirenean, Franchik eta Fornasirrek, fisioterapeuta eta filosofia-irakasle erretiratuek, ez zuten zalantzarik izan pertsona horiek laguntzeko. Orduz geroztik, arratsaldero, astelehenetik igandera, Piazza harrera-leku bihurtzen saiatzen dira.

Lorena Fornasir migratzaile bati zauriak sendatzen, Tristeko Piazza della Libertà-n.
Tristera iritsi berri den migratzaile baten oina.

Aurtengo otsaileko astelehen batean, goizeko bostetan, Polizia euren etxean sartu zen immigrazio klandestinoa sustatzearen salaketarekin eta erakundearen ordenagailuak eta dokumentuak konfiskatu zizkieten. Ordutik, Franchi eta Fornasir prozesu judizial batean daude, elkartasuna kriminalizatu nahi duena, Carola Rackete-rekin gertatu zen bezala, Lampedusan 50 pertsona ez lehorreratzeko agindua betetzeari uko egin zion itsas kapitain alemaniarra; edo Cédric Herrou-rekin Alpeetan, Italiatik Frantziara pasatzen laguntzeagatik, eta beste ekintzaile eta kolektibo askorekin.

Plazan besarkadak, irribarreak, poza eta ziurgabetasuna ikusten dira. Aurpegi askotan sinesgogortasun-adierazpenak ikusten dira, jazarpena amaitu dela eta handik aurrera agian dena pixka bat errazagoa izango dela barneratu nahian. Zauriak garbitzen eta bendajeak jartzen kontzentratzen da Lorena Fornasir, burua ia altxatu gabe, erakundeko beste kide batzuek ura eta janaria banatzen dituzten bitartean.

Triesteko Piazza della Libertà hau "Balkanetako ultra trail" makabroaren jomuga bihurtu da. Bosniatik heltzen diren pertsona hauek guztiak “Libertà” horren bila etortzen dira, Europa blindatuaren erakundeek defendatzen omen duten askatasun bera.

Lorena Fornasir, Gian Andrea Franchi eta Linea d'ombra erakundeko beste kide batzuk Triesteko Askatasunaren plazan.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


Eguneraketa berriak daude