"Gizakiok agian ausartegiak gara diogunean ez dagoela hizkuntzarik beste inon"

  • Hizkuntza gogoan (Erein, 2021) liburua idatzi du Beatriz Fernándezek (Portugalete, 1964). Ez du lehenengoa, dibulgazioa eta ikerketa lotuta hizkuntzari buruz idazten duen hirugarren argitalpena da. Ikasgelan ikasleekin lantzen dituen galderak jaso ditu liburuan, edonork ulertzeko moduan. Galdera kitzikagarriak: Gizakiok al gara hizketarako gai garen bakarrak? Xibarta baleek beti kantu bera kantatzen al dute? Zer da hizkuntza?

Argazkia: Hodei Torres.
Argazkia: Hodei Torres.

Hizkuntzei behar bezala ez diegula begiratzen diozu, azalari bai, baina mamiari ez. Zer esan nahi duzu?

Euskaldunon zalantza gehienak dira hizkuntza arautuaren ingurukoak, hau da, zer den txarto esanda dagoena eta zer den ondo esanda dagoena; euskara batuaren, estandarraren, hizkera jaso, dotore eta formalaren ingurukoak. Hizkuntzari buruzko galdera nagusietakoak horiek dira. Eskolan bertan antzematen da. Ikasleei hizkuntzalaritza zer den esplikatzen diezu lehen mailan eta harritu egiten dira, liburuan agertzen diren gaiek hizkuntzarekin zerikusia dutenik ez dakite, arrastorik ere ez. Ez dakite afasia zer den, zer den pidgin bat, kreoleratzea, ez dakite euskara bezala beste hizkuntza batzuk ere bakartuak direla genetikoki. Gai horiek guztiek airean egon beharko luketela uste dut.

Gramatika arautua, Euskaltzaindia, hizkerak… alde batera utzita, falta da ikuspuntu biologikoa. Euskaldunak gara eta harro gaude, euskara eta kito, baina gizakiak gara. Euskara zer den ulertzeko bidea duzu hizkuntza zer den ulertzea. Hizkuntza, gaitasun gisa. Gaitasun horrek aukera ematen dizu euskalduna edo katalana izateko edo gaelikoz hitz egiteko. Euskaldunoi gertatzen zaizkigun gauza asko eta asko gertatzen zaizkie beste hainbat hizkuntzatako hiztunei, eta iruditzen zaigu ezetz, geu garela munduan bakarrak. Hori hurbilpen okerra da. Adibidez, afasiko batek izango ditu zantzu batzuk euskaraz baino agertzen ez direnak, baina Broccaren afasia [hizkuntzaren arlo espresiboen trastornoa] duen hiztunak dituen zantzuak euskaraz eta beste hainbat hizkuntzatan berak dira.

"Euskaldunok, mitoa elikatu dugu: desberdinak gara, Europako lehen hizkuntza, ez da indoeuroparra… Etxekalte, noski"

Hankamotz gabiltza orduan eremu horretan.

Ez dakit hankamotz den hitza… hizkuntzari buruz, gure kasuan euskarari buruz, jendeak daukan kezkarekin eta jakin-min handiarekin alderatuta badaukagu zer ikasia. Zakilixutek ia egunero hizkuntzarekin zerikusia duten hainbat gai jartzen ditu mahai gainean. Hori posible da, hain zuzen, hizkuntzaz ardura duen herri batean. Oso kezka mugatua da, mugatzen da gure hizkeretara, gure zokokerietara, gure herrian esaten den hitz honetara zeina ez den esaten beste herrietan, eta horregatik harro gaude. Hizkuntzari dagokionez, ezereza da. Hondar ale bat da.

Hizkuntza zailen eta errazen mitoa hausten saiatu zara.

Ez naiz lehena. Esate baterako Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalari madrildarrak egin du ariketa, liburu bat dauka gai horri lotuta.

Ni orain katalana ikasten ari naiz. Badut garunean beste hizkuntza erromantze bat [gaztelania] eta horrek ikaragarri laguntzen dit ikasketa. Beno, oztopo ere bihur daiteke bien artean dagoen gertutasunagatik: trabajar gaztelaniaz eta katalanez treballar. Hizkuntza batzuen artean antzekotasun tipologikoak egon daitezke. Ez dira beharbada azaleko antzekotasunak, baina mikroskopioarekin begiratzen hasten zarenean ikusten duzu antzekotasun handiak daudela bien artean. Katalanaren, gaztelaniaren eta frantsesaren artean antzekotasunak egon daitezke, familia bereko hizkuntzak diren heinean –familia bereko pertsonen artean antzekotasunak egon daitezkeen bezala, nahiz eta ez halabeharrez–. Orduan, katalana ikasten hasten bazara frantsesa edo italiera jakinda, errazagoa egingo zaizu ikastea, adibidez, inuita izanda baino. Inuitek beste familia linguistiko bat dutelako, urrutiagokoa, bestelako ezaugarriak dituena. Beste alde batetik, gerta daiteke bi hizkuntza familia berekoak ez izatea eta, hortaz, ahaidetasunik ez izatea, baina aldi berean ezaugarri jakinetan bat egitea. Adibidez, euskaldun batek japoniera ikasten badu berehala ikusiko du japonieraz, kontxo, gauzak antzera ordenatzen direla, hots, lehenik subjektua, ondoren osagarria eta azkenik aditza, euskaraz egiten dugun bezala. Alde horretatik begira, euskara japonieraren antzekoagoa da katalanarena baino, katalanez subjektua lehenik jarri arren, ondoren aditza jartzen delako eta azkenik osagarria.

Hori alde batera utzita, esatea hizkuntza bat zailagoa edo errazagoa den? 60ko hamarkadako alaba izanik ere, ingelesa ikasten nuen ikastolan, baina ostras!, hasi zaitez ingelesaren preposizioak ikasten!

EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko ikertzailea eta irakaslea da. Sintaxilaria. Hizkuntza gogoan liburua baino lehen beste bi argitaratu zituen Ereinekin, beti ere dibulgazioari lotuak: Euskera para castellanohablantes eta Euskara eta hizkuntzari buruz, hizketan semearekin.

Hizkuntza errazak eta zailak daudela nahita elikatutako mitoa da?

Noski. Intentzionalitate politikoa egon badago, euskara ez dezagun ikasi. Baina esango nuke gure aldetik ere, euskaldunok, mitoa elikatu dugula: gu desberdinak gara, Europako lehen hizkuntza, ez da indoeuroparra… Etxekalte, noski. Zeren era berean esaten da: zaila da, ezin da ikasi… Munduan zehar hizkuntzalariak ezagutzen ditut eta ezagutu ditut newyorktarrak euskaraz dakitenak, txekiarrak, poloniarrak. Ikasi ezin daitekeenik ez da egia. Hainbat hizkuntzatako hiztunek erakusten dute hori eta ez naiz ari bakarrik hizkuntzalariez. Ondarroan wolofera hiztunek euskara ikasi dute eta esango didazu zer zerikusi daukaten woloferak eta euskarak.

Ezin daiteke esan ikasi ezin daitekeenik. Ez zaigu komeni euskaldunoi hori esatea, gure buruaren kontra ari gara. Edozein hizkuntza ikas daiteke, kostako zaizu gehiago edo gutxiago. Ahizparik ez edukitzea, gure hizkuntzak eragozpen hori izan dezake, baina ikas daiteke. Gure morfologia itzela iruditzen zaigu, baina has zaitez ikasten navajoa, ea hor ez dagoen zailtasunik. Gurea ez da ez zailagoa ez errazagoa, munduko beste hizkuntza bat baino ez da.

Besterik gabe, hizkuntza bat gehiago.

Ikuspuntu objektibo batetik niretzat  bai, baina bihotzean daramadan hizkuntza da. Hala ere, egia da euskaran bildu direla tipologikoki bereziak diren hainbat ezaugarri. Kanpoko hizkuntzalarien artean euskarak sortzen du beste inongo hizkuntzak sortzen ez duen lilura. Esaten diozu norbaiti euskaran aditua zarela eta galderak egitera etortzen zaizu kafearen bueltan. Dirudienez beraz, euskara ez da begi urdina bakarrik, begi urdina gehi hau eta beste. Beste inon aurkitzen ez diren ezaugarri berezi batzuk pilatzen dira euskararen zakuan. Beharbada gauza bera gerta daiteke beste hizkuntza batean, ezaugarri berezi batzuk izan ditzake batera, baina agian ez horren ezaugarri exotikoak. Guk atzekoz aurrera jartzen ditugu gauzak, hizkuntza ergatibo bat daukagu, nor-nori-nork bezalako egiturak ditugu... Horiek denak pilatzen dituzunean, azkenean esaten duzu, ostra! begira zelako lore bitxia daukagun hemen.

Argazkia: Hodei Torres.

Ez dakit nola moldatuko garen galdera honetan spoilerrik ez egiteko. Gu gara hizkuntza duen animalia bakarra?

Konturatzen naiz bilakaera bat eduki dudala. Ikuspuntu antropozentristagoa neukan lehenago orain daukadana baino. 18 urteko 80 bat ikasle edukitzen ditut urtero eta galderak datozkit handik eta hemendik. Beti esan izan diet: giza hizkuntza bakarra da, ez duzue beste halakorik aurkituko bila hasten bazarete ere, giza hizkuntzaren ezaugarriak hauexek dira eta ezaugarri guztien zakua hartzen baldin baduzue nekez aurkituko duzue halakorik. Zer gertatzen da ikuspuntu hori hartzen duzunean, nik urtetan hartu dudan moduan? Aitormena egingo dut, Hertzainak-ek aspaldiko kantu zoragarri hartan bezala. Ikuspuntu hori hartzen baldin baduzu, gero ez daukazu giza hizkuntza zerekin konparatu. Esaten baldin baduzu, “ni bezalakorik ez dago, beraz alferrik ibiliko zarete ni naizen honen antzeko zerbaiten bila”. Horrek asko murrizten du ikerkuntzaren eremua.

Ez naiz aditua gai honetan, baina egin dezagun gauza bat. Ezaugarri guztiak jartzen baldin badituzu batera ez duzu aurkituko halakorik, ados, arrazoi, baina har dezagun ezaugarri bat eta bila dezagun beste lekuren batean, eta aurkituko dugu. Bilatu beste ezaugarri bat, eta aurkituko dugu, eta beste bat, eta beste bat.

Giza hizkuntzaz eta komunikazio sistemez hitz egiten da, neuk egin dut eskolak ematerakoan, gainerako animaliek dutena hizkuntza bezalakoa ez balitz bezala.

Horren bereziak bagara gizakiok, zertan dago gure berezitasuna? Kostako zaizu geurea baino ez den ezaugarririk aurkitzea.

Kontatu berri duzuna azaltzeko adibideak jaso dituzu liburuan, xibarta baleen komunikazio sistema, txorien kantua...

Txorien kantua gauza bat da eta gure jarduna beste bat, baina ikusi kantuok aztertzen dituzten adituak zer egin duten, aztertu txorien nolabaiteko diskurtsoak. Ikusiko duzu nola dagoen egituratuta, nola hierarkia bat daukaten atalek eta unitateek, Lego-ko ataltxoak balira bezala. Hau da, kantuan agertzen diren ezaugarri batzuk gurean ere badaude.

Iruditzen zait, beharbada, ausartegiak garela diogunean, ezetz, ez dagoela hizkuntzarik beste inon. Denborak aurrera egin ahala gero eta gauza gehiago dakizkigu. Nik esango nuke: emaiozu denbora zientziari eta beharbada kalparra ateratzen genuenok hobe dugu kalparra apur bat apaltzen hastea, badaezpada.  

"Horren bereziak bagara gizakiok, zertan dago gure berezitasuna? Kostako zaizu gure geurea baino ez den ezaugarririk aurkitzea"

Bihotz elebidunez aritu zara, hau da, hizkuntzaren eta emozioen arteko harremanez.

Lehen esan dizut hizkuntza denak direla antzeko edo gauza bera, nik hori aldarrikatuko nuke, hori da nire ustea. Baina noski, ez da gauza bera norberak hizkuntzekin dituen bizipenak. Pertsona batek esaten badizu "maite zaitut" edo "te quiero" zure oroimenak garraiatuko dituen oroitzapenak hizkuntzarekin batera garraiatuko dira. Hizkuntzek ez gaituzte berdin hunkitzen.

Nelson Mandelaren esaldi gogoangarriak zerikusia dauka honekin: pertsona bati bere hizkuntzan hitz egiten badiozu hori bere bihotzera joango da eta dakien hizkuntza batean hitz egiten badiozu hori bere burura joango da. Nahiz eta bihotza buruan dagoen, garunean, ez da gauza bera, ez zaitu berdin hunkitzen. Mandelaren esanean uste bat dago, baina ikertzaileek ere erakusten dizute benetan ez zaituela modu berean hunkitzen ama hizkuntzan esaten dizutenak eta gerora ikasten duzun hizkuntzan esandakoak.

Liburuan bereziki aipatzen dira zer-nolako erreakzioak ditugun hiztunok tabu hitzekin, madarikazioekin, alegia. Oihartzun soziala eta emozionala dute, diskurtso neutro samar batetik ateratzen dira. Tabu hitzak eta errietak hainbat hizkuntzatan erabilita ikertu dituzte pertsonen erreakzioak. Zer ikusi dute? Ikusi dute erantzun emozionala ez dela bera hizkuntza guztietan, zein hizkuntza darabilzun erreakzio emozional diferentea sortzen du. Hizkuntzalariek iker eremua dute hor.

Jatorrizko hizkuntzan desberdin erreakzionatzen dugula erakutsi dute ikertzaileek. Zu, ordea, bihotz elebidunak izan ditzakegula ondorioztatzera iritsi zara.

Ez dizkidate laborategian probak egin, ez naiz ikertzaileentzat datu emaile izan, baina benetan sentitzen dut urteak beharko liratekeela jakiteko nik bezalako hiztunek zein erreakzio emozional daukaten [jatorrizko hizkuntza gaztelania du eta euskara umetan ikasi zuen ikastolan]. Seguru nago modu berean eragiten nauela hizkuntza batek zein besteak. Arrazoia izan daiteke euskara nire ama hizkuntza ez izan arren oso umetatik dakidan hizkuntza dela. Andereño Agurtzane bermeotarrak umetan errietan euskaraz egiten zidan, genio biziko andereñoa zen! Hortik aparte, euskararekin izan dudan harreman emozionala ikastolatik aurrerakoa izan da, beste euskal hiztun batzuen kasuan ez bezala, zeinak izan zitezkeen sortzez euskaldunak, baina euskararekin hautsi duten.

Ni bezalako hiztunak arakatuko balituzte, zein ondoriotara iritsiko lirateke? Bigarren hizkuntzarekin, euskararekin, harreman estua izan dut. Lost in translation liburuaren idazleak, Eva Hoffmanek [jatorrizko hizkuntza poloniera zuen], zera adierazten zuen: beretzat ibai hitzak ingelesez ez zeukan polonieraz zuen konnotaziorik, ez zuen oihartzun emozional bera. Baina halako batean, AEBetan urte asko daramatzala literatura ingelesez irakasten, konturatzen da ingelesak hunkitzen duela polonierak hunkitzen duen beste!

Horrek esan nahi du, halako batean gerta daitekeela, metaforikoki hitz eginez noski, bihotz elebiduna bihurtzea. Nik uste dut badudala.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntzalaritza
Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


2024-01-05 | ARGIA
Mikel Perez
"Euskara eta gaztelania nahastearen arrazoi bakarra ez da hizkuntza gaitasuna"

Mikel Perez Gonzalez hizkuntzalaria hitz egiterakoan erabiltzen den kode alternantzia aztertzen ari da, alegia, euskaldunek nola nahasten dituzten euskara eta gaztelania. Alternantziaren arrazoietako bat euskara gaitasuna da, baina Perezek gehiago ere kontatu ditu.


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


Eguneraketa berriak daude