"Taktikoki hobeak gara eta emakumeena gizonezkoena baino askoz joko politagoa da"

  • Andosillako River Egan hasi zen eskubaloian. Handik Itxakora joan zen gaztetxotan, Itxakotik O Porriñora gero, Galiziatik Aula Valladolidera ondoren, eta Bera Beran egin ditu bere kirol ibilbideko azken hiru urteak. Bizitzan bezalaxe kantxan, kolpeak hartuagatik, aurrera. Gero ez badituzu danbatekoak gogoratuko, hobe momentuan bertan ere neurrian sufritu.

Argazkia: Dani BlancoArgazkia: Dani Blanco
Nekane Terés. Andosilla, 1992

Eskubaloi jokalari profesionala izan da, atzora arte, esate baterako. Bera Bera eta Donostia utzi, eta Ataunen bizi da orain, erreka bazterrean. Etxea berritzen, etxeko animaliak zaintzen, eta etorkizuneko asmoei tiraka.

Eskubaloian nolatan?
Kasualitatez. Andosillako langile familia batekoa naiz ni. Etxe umilekoa, inoiz ezer falta izan ez zaigun arren. Gurasoak ez ziren kirolariak. Anaia futbolean hasi zen, mutil guztiak bezalaxe, eta neskentzat ez zegoen ezer. Baina herriko jende batek eskubaloi talde bat sortu zuen nik 11 bat urte nituela, eta nire lagun guztiekin batera eman nuen izena nik ere. Horrela hasi zen dena.
Gogoan dudana da partida guztiak galtzen genituela, askogatik, 40-3 eta horrela. Talde guztiak ziren Iruñerrikoak, edo Lizarrakoak, eta gu ginen Erriberako bakarrak, Mendabiakoekin batera. Haiekin sekulako lehia genuen, Erriberakoak ginelako, eta oso txarrak ginelako bai batzuk eta bai besteak. Baina orduan eskubaloia ez zen hain garrantzitsua. Ikasketak zeuden erdigunean eta eskubaloia eskolaz kanpoko denbora-pasa zen.

Eta bat-batean, Itxako.
Nire Andosillako entrenatzaileari Itxakora joatea proposatu zioten, kadeteen bigarren ekipoa entrenatzera. Eta hark herriko biri galdetu zigun ea berarekin joan nahi genuen. Eta nola esango genuen ba ezetz! Orduko Itxakori Super Itxako esaten zitzaion. Ohorezko dibisioko ekiporik onena zen, Champions-a jokatu zuen... Sekulako taldea zen, eta herri batekoa izanagatik, sekulako aurrekontua zuen. Lizarran oso harro zeuden haien eskubaloi taldeaz. Han dena zen horia, dena zen Itxako. Eta noski, haiekin entrenatzera deitzen nindutenean izugarri gaizki pasatzen nuen. Hura lotsa! Maila diferentzia oso handia zen, gazteagoa nintzen... Asteazkenetan deitzen ninduten telefonoz, eta hura nahigabea! Baina nola esango diozu ezetz Itxakori? Lehen partida jokatu nuenean Itxakorekin, falta bat atera behar izan nuen. Baloia aurrera botatzea besterik ez zen, baina besoa altxa nuenean arbitroak txistua jo zuen, eta urduritasunaren urduritasunez baloiak atzera alde egin zidan. Eta jabetza galdu genuen, noski. Hura lotsa…

Argazkia: Dani Blanco

Lizarrako marea hori hark amaiera izan zuen, ordea.
Taldea bera desagertu egin zen. Burbuila lehertzen ikusi genuen. Krisia iritsi zen, jokalariak ordaintzeko dirurik ez zegoen, klubak beste urtebete iraun zuen, baina zorrak pilatuz... Jokalariek alde egin zuten, eta niri orduko bigarren entrenatzaileak deitu zidan esanez O Porriñon pibote bat behar zutela. Talde gaztea zen, ohorezko mailara igo berria, eta hara joan nintzen, itsu-itsuan. Ideiarik ere ez neukan nora nindoan! Baina bi aukera nituen: Lizarran geratu dena nola desagertzen zen ikusteko, ala hegan egin.

Eta O Porriñotik Valladolidera joan nintzen gero. Belaunetan bi lesio gogor izan nituen, eta bigarrena inflexio puntua izan zen. Nire buruari esan nion: hemen zure konfort zonan zaude. Erosoa da, dena da erraza, zure onena eman beharrik gabe ere zure lekua bermatua duzu. Aldaketa behar duzu. Nire buruari gehiago eskatu nahi izan nion. Eta Aula Valladolid taldeko entrenatzailea Espainiako junior selekzioko gure entrenatzailea zenez, zuzenean galdetu nion ea pibote bat behar zuten Valladoliden. Eta hara joan nintzen.

Oso urte politak izan ziren bi haiek. Semiprofesionala nintzen, eskubaloian jokatzen nuen, baina unibertsitatera ere joaten nintzen. Iruñean hasi nituen Gizarte Langile ikasketak, eta Galizian egon nintzenean ez-presentzial gisa ikasten jarraitu nuen, baina gogorragoa zen. Valladoliden berriz ere klaseekin segi nuen, eta zortzi urte behar izan banituen ere, ikasketak bukatu nituen. Eta bizimodu hori gustatu zitzaidan.

Han ere ezin gelditu, ordea. Beste zerbaiten bila etorri zinen bueltan Euskal Herrirantz…
Hark iraun behar zuena iraun zuen. Ondo dago horrela bizitzea, baina ezin du betirako izan. Eta Bera Beratik deitu zidatenean ez nuen zalantzarik eduki. Txikitako erreferenteak horietxek ziren guretzat, Itxako eta Bera Bera. Donostiakoa izan zen ekipo bakarra, krisiak krisi, talde onena mantendu zuena garai zailetan ere. Soldata duinenak eskaintzen dituen taldea da, eta horrek meritua du, zeren krisi garaian jokalari onenek kanpora egin zuten alde, eta gu zer ginen? Neska gazte batzuk. Eta beste taldeetan bost sos eskaintzen zituzten bitartean, Bera Berak profesionaltasuna mantendu zuen. Profesionaltasuna ekonomikoki zein egitura aldetik. Erreferente bat da. Europan jokatzen duena, Championsa jokatzen duena... Eskakizun maila ere askoz altuagoa da trukean, noski.

Berriz erosotasuna utzi eta nire buruari ahalegin bat gehiago eskatzea izan zen hona etortzea. Lehen hilabeteetan izugarri gaizki pasa nuen. Beti da zaila fase berriei ekitea, lekura egokitzea, jendea ezagutzea. Baina, horrez gain, nire gorputza ez zegoen ohituta halako egur fisikora. Hemen jokalari bati eskatzen zaiona ez zaio beste inon eskatzen. Eta esan dizut lehenago niri ez zaidala korrika egitea gustatzen! Ba pentsa, Anoetako izkina guztiak ezagutzen ditut orain. Etorri berritan beti nengoen nekatuta. Goizean entrenamendua, arratsaldean entrenamendua, eta ni nekatuta. Nire gorputza aldatuz joan zen, eta orain jarrita nago erritmo horretara. Eta noski, saria ere neurrikoa da: Europan jokatzea, estatu mailako titulu guztiak irabazteko lehian ibiltzea...

"Liga nordikoetan, esaterako, amatasuna kirolari bizitzaren parte da. Adosten dute haurdun geldituko direla, soldata jasotzen jarraitzen dute, eta sekulako baliabide teknikoak jartzen dizkiete errekuperazio fisikorako"

Presioa ere araberakoa izango da, ezta?
Bai, bai talde bezala eta bai jokalari bezala ere. Bera Berarengandik garaipena baino ez da espero. Beti. Bikaintasunean erregularra izateak ahalegin handia eskatzen du. Eta jokalari bezala ere, taldean lekua egitea ez da erraza. Hasieran bi pibote ginen. Yunis Camejo eta biok. Eta gero Judith Sans ere etorri zen, lehendik taldean egondakoa. Eta pentsatu nuen, “Akabo. Ez duzu minutu bakar bat ere jokatuko”. Amorrua eman zidan, gainera, kazetari batek galdetzeak ea nola bizi nuen “hirugarren pibote” izatea. Ni ohartzen nintzen, jokalari aldaketetan askotan azken aukera nintzela, baina pentsatzen nuen entrenatzailea momentu jakin horretan jokalari baten ala bestearen ezaugarriak ari zela aukeratzen, ez nuen pentsatzen zenbatgarrena ote nintzen ni. Ez nuen lehia horrela sentitzen. Eta eskubaloiaz ezer ere ez zekien kazetari hark hain gordin esateak mina eman zidala gogoan dut. Baina orduan ere pentsatu nuen: “Irabaziko dut nire lekua”. Eta halaxe izan zen.

Nola lortzen duzu halako presioa sorbaldetan duzula konfiantza hori edukitzea?
Nik konfiantza handia izan dut beti nire buruarengan. Oso langilea naiz. Oso konstantea eta diziplina handikoa. Beti pentsatzen dut iritsiko dela nire momentua eta prest egongo naizela une hori baliatzeko. Bizitzan ere halaxe gertatzen da. Gauza onak eta gauza txarrak pasako zaizkizu, eta zure esku egongo den bakarra izango da zein jarrera hartu erabakitzea. Esan beharrik ez dago oso une txarrak bizi izan ditudala ibilbide honetan, eta negar mordoa egin dudala ere bai. Baina beti sinetsi izan dut etorriko zela zerbait ona. Gainera, gustatzen zait zer etorriko den ez jakitearen sentsazio hori ere. Badu bere grazia. Batez ere ez badaukazu ez saiatu izanaren damurik. Nik badakit ahalegindu naizela, nire onena ematen saiatu naizela, eta sinesten dut iritsiko dela erakutsi beharrekoa erakusteko momentua. Sinesmen horrekin egin izan dut aurrera beti, eta hala gertatu da. Orain atzera begiratzen dudanean gauza onak bakarrik gogoratzen ditut, hori ere egia da. Oso oso momentu gogorrak egon direla badakit, baina, ez ditut horiek bizien gogoratzen. Lausotu egiten zaizkit. Batzuetan entrenatzen ari naiz, eta nabaritzen dut ez nagoela ondo, eta nire buruari esaten diot: “Bihar ez zara gogoratu ere egingo eta! Aldatu aurpegi hori!”.

Orain, aldiz, gorputzak eta buruak gelditzeko esan omen dizute.
Buruak gehiago! Orain esku artean ditudan kontuek ilusio gehiago sortzen didate eskubaloiak berak baino. Ataunera etorri gara bizitzera nire bikotekidea eta biok, etxe zahar hau konpontzen ari gara, baratzea daukagu... Ataunera iritsi eta pozik jartzen naiz. Erreka bazter honen bakeak on egiten dit. Eta zertan ukatu, 30 urte ere baditut eta gorputzak antzematen du; bidaietan, esaterako. Lehen erraz egiten nituen hamabi ordu autobusean gaur eta beste hamabi bihar. Eta orain nekea nabaritzen dut. Lesioek ere gero eta beldur gehiago ematen didate. Denboraldia hasten dugun bakoitzean horixe baino ez dut eskatzen. Ez dezadala minik hartu. Nire burua ez dut hain fresko sumatzen. Gauza negatiboei aurre egiteko energia gutxiago aurkitzen dut nire baitan. Eta konturatzen naiz beste gauza batzuek ematen didatela indarra. Eta bizitza aldaketa eskatzen dit barruak.
Eskakizunak ere betetzen zailagoak egiten zaizkit. Entrenamenduez gain, udan, esaterako, zaindu beharra daukagu. Abuztutik maiatzerako kontratuak izaten dira, eta ez dugu sosik jasotzen bi hilabetez, baina hor aritzen gara korrika, ariketak egiten eta jaten duguna zaintzen, ordainduko baligute bezalaxe. Eta gero, bazoaz banketxera hipoteka bat eskatzera etxea erosteko, eta zure lan-ibilbidearen agiria eskatzen dizutenean, lotsa pasatzen duzu. Oso gutxi kotizatu dugu guk. Profesionalak garela esaten da, baina profesionalak eta profesionalak daude. Emakumeok mileuristak gara, kasurik onenean. Eta ez daukagu sindikaturik, ezin dugu negoziatu. Saiatzen gara minimo batzuk eskatzen, baina horraino. Oso ohituta gaude ia edozer onartzera. Ez dago inor gu babesteko. Ez enpresak, ez administrazioa.

Lan ibilbide normal bati uko egiten ari gara eskubaloian jokatzeagatik, beste aukera batzuk edukita. Gutako gehienok ditugu ikasketak. Ni gizarte langilea naiz. Beste batzuk erizainak dira, fisioterapeutak… Eta hau oso polita da, baina, ezin du luzerako izan. Zaila da dirua aurreztea. 20 urterekin ez da arazo bat, eta 25ekin ere ez. Baina, 30 urte dituzu eta ez duzu ikasi duzun horretan inoiz lan egin. Zein da zure lan esperientzia? Esku baloian jokatu dut. Nola? Ba horixe, esku baloian aritu naizela. Jendeak ez du ulertzen. Jendearentzat ez da lan bat. Eta guretzat bada. Gaizki ordaindua? Baldintza kaskarrak dituena? Bai, baina lana da.

Argazkia: Dani Blanco

Gogorra behar du hain maila gorenean egoteko motibazioa mantentzeak.
Sakrifizioa handia da eta saria ez da neurrikoa. Ezta ikusgarritasuna ere. Egiten dugunaz gu eta gure ingurukoak baino ez gara ohartzen. Erreginaren kopa irabazi genuenean udaletxean egin zitzaigun harrera ikusi besterik ez dago. Ez gara futbolariak, eta emakumeak gara. Ez gaude egunkarietan edo telebistan. Kalean jendeak ez gaitu ezagutzen. Ez Donostian, ez Andosillan eta ez Ataunen. Eta ni horrekin oso pozik bizi naiz, baina ez luke horrela behar. Eta beti entzuten dugu berdina: gizonen jokoa ikusgarriagoa da, jauzi handiagoak egiten dituzte... Emakumeena askoz politagoa da! Ez du zerikusirik. Taktikoki askoz hobeak gara eta partidak interesgarriagoak dira. Baina gizonen kirola hobea dela esateko ez dago justifikatu edo argudiatu beharrik. Horrela da eta kito. Denek dugu barneratuta. Kirolean eta kiroletik kanpo.

"Oso gutxi kotizatu dugu. Profesionalak garela esaten da, baina profesionalak eta profesionalak daude. Emakumeok mileuristak gara, kasurik onenean”

Gero harritzen dira adin batetik aurrerako jokalari emakumerik ez dagoelako. Gizonak badaude, lehenik eta behin, askoz gehiago irabazten dutelako. Eta bestetik, esaterako, gurasotasun proiektu batekin bateragarria egiten zaielako eskubaloia. Haurrak dituzten eskubaloi jokalari profesional asko daude; aitak dira. Liga nordikoetan, esaterako, amatasuna kirolari bizitzaren parte da. Adosten dute haurdun geldituko direla, soldata jasotzen jarraitzen dute, eta sekulako baliabide teknikoak jartzen dizkiete errekuperazio fisikorako. Haurrak zaintzen dizkiete entrenatu bitartean, selekzioarekin kontzentrazioak dauzkatenean haurrak eraman ditzakete. Badaude nire adineko jokalariak Norvegian bi haur dituztenak eta maila gorenean jokatzen dutenak, inor harritu gabe. Hemen horretatik argi urtetara gaude. Zure haurra guk zaindu? Erotu al gara?

Jendea haserretu zaizu pozik zoazelako eta ez duzulako malkorik bota.
Faktore asko elkartu dira, eta uztea erabaki dut. Tristurarik gabe. Ez da amatasunagatik, ez diruagatik ez ezergatik. Oso etapa polita izan da, baina bukatu dela sentitzen dut. Ilusio maila berean egon banintz jarraitu egingo nukeen. Kontua da orain beste zerbaitek ematen didala bizipoza. Eta bizimoduari eskaini nahi diot denbora. Lana aurkitu nahi dut. Gizarte langile izan. Edo beste edonon lan egin. Supermerkatu batean edo beste edozein lekutan. Honetxetarako garaia zela sentitu dut eta pozik nago hartutako erabakiarekin. Erabakia nik hartu dudalako eta nik nahi izan dudanean hartu dudalako. Eduki nezakeen beste urtebeteko kontratua sinatuta, eta gogo gutxiagorekin ere jarraitu... Baina ez daukat jarraitzeko gogorik eta kito. Honaino!
Noski kostatzen dela zure bizimodua izan dena atzean uztea. Aurreko urteetan ere esan izan dut: “Aurten utziko dut, aurten utziko dut...”. Zortzi urte daramatzat hori esaten. Baina iristen zen agur esateko ordua, eta ez nuen nahi. Orain arte ez dut nahi izan, eta orain bai. Horrela izaten dira gauzak! Egoera oso politak bizi izan ditut, jende zoragarria ezagutu dut... Zoriontsu izan naiz. Eta aurrerantzean ere zoriontsu izateko asmoa daukat.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskubaloia
Norvegiako emakumeen hondartzako eskubaloi selekzioa zigortu dute bikinia ez janzteagatik

Europako txapelketako hirugarren posturako partida galtzamotzetan jokatu zuten igandean. Europako Eskubaloi Federazioak 1.500 euroko isuna jarri die uniformeen erregulazioa ez betetzeagatik. Jokalariek diote bikiniarekin “deseroso, biluzik eta behatuta” sentitzen... [+]


2015-08-31 | Kepa Zelaia
Superkopa Donostian geratu da

Bera Berak 18-17 irabazi zion larunbatean Rocasa kanariarrari eta sasoiko lehen titulua eskuratu zuen bosgarrenez, laugarrenez jarraian.


Eguneraketa berriak daude