"Nik ene baitan egin dut emaztearen borroka"

  • Manex Pagola, Pantxoa Carrere, Peio Ospital, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Maite Idirin garaiko kantari berriekin batera igo zen agertokietara Patxika Erramuzpe. Ipar Euskal Herrian 70eko hamarraldian kantari aritu zen aipu eta sona handiko gizonen artean. Emazteetan, Iriondo ari zen mugaren alde batean, Erramuzpe bestean.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Patxika Erramuzpe. Aldude, 1943

Etxeko habia utzi eta Baionan zen gazterik, gizarte langintzan, euskara kasik ahantzia, bere burua Aldude berean frantsestua, euskaraz ahalke. Garaian, Manex Pagola eta kidekoak ezagutu zituelarik aldatu zen gauza. Zazpiribai eta Ortziken ikuskarietan parte hartu zuen, diskoak ere grabatu… Haurrak izan eta ikastolan eskolaratu zituztelarik, lan egin zuen han ere. Lan isila, apala, distirarik gabekoa… Argizaiola sariak orain bost urte aitortu zion merezimendua.

Garai bateko kantarien artean da zure izena. Manex Pagola eta Zazpiribai ikusgarria baitezpada aipatu beharrak dira zure bidean...
Ez da gezurra erraten badut Manex [Pagola] eta beste lagun kantari batzuk ezagutu nituelarik, eta Zazpiribai muntatu zelarik, hasi nintzela ni bide horretan. Manexek nahi izan zuen absolutuki parte har nezan kantaldietan. Anitz gauza heldu zen orduan. Adibidez, afixa egin zenean, Patxika izenaren aldeko izan zen ene hautua. Etsenplu ttipi bat duzu, nahi bada, baina hor aldatu da ene izena, eta heldu dira gauza gehiago ondotik. Baina Manexen lana izan zen. Mendian taldean ibiltzen ginenean, beti ari ginen kantatzen, eta Manexek erraten zidan boz polita banuela. Hark hori erraten, eta nik ez nuen sinesten... Orduan ez nekien, baina urteak joan eta konturatu naiz, Manexek absolutuki nahi zuela emazte bat izan zedin taldean.

Zutaz beste emazterik bazen orduan kantari?
Bai, Lurdes Iriondo, baina bertzaldean zen hura. Bertzenaz, Maite Idirin eta Estitxu, ordukotz ari ziren. Bertze emazterik ez zen hemen, kantuan jende aitzinean ari. Geroztik anitz heldu dira, eta heldu dira beren bozak eta tresnak ongi landuak. Ni ez nintzen kantari sentitzen. Negar ere egin izan dut, zenbait kanta behin eta berriz errepikatu behar eta. Baina orain kontent naiz haiek guziak eginik!

Ez zinela kantari erran diguzu, baina diskoa ere egin zenuen 1977an, zeure izenean: Menditarra naiz eta...
Zazpiribain eta Ortzikenen kantatu nituen kantak dira diskoan; taldeak lagundurik, beraz. Zazpiribaik ez zuen diskorik atera, garai hartan ez zen filmatzen ere. Aldiz, Ortzikenek disko bat atera zuen, taldea 1976an bukatu baino lehen. Hala ere, ni ez nintzen Ortzikenen bukaera ikustera heldu, zeren eta haurdun bainintzen: gure hirugarren haurra, Maialen, sortu zen Ortziken bukatu hilabete berean, 1976ko urrian.

Ez Dok Amairuko zenbait kiderekin batera zinen arestian aipatu ikusgarri horietan…
Bai, eta ezagutu ditut Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Joxean Artze, Jose Angel Irigarai… Biziki ongi hartzen genuen elkar denok, hangoek eta hemengoek. Zazpiribai egin genuelarik, adibidez, lehen aldikoz ginen, kantaldi batean, hastetik bukaerara, kantari denok han, taula gainean. Eta orduko argien jokoa ere gauza izugarria izan zen. Gaur egun, argiak-eta erran eta ez da problema, baina garai hartan bazen. Zazpiribaik sekulako arrakasta ukan zuen. Anitz lekutan eman zen. Lehena, Donibane Garazin, baina Baionan eman zen aldian, sala bete zuten 900 jendek, eta beste 300 bat gelditu zen kanpoan! Egun hartan, hitz eman genuen berriz ere emanen genuela Baiona berean. Handik bi edo hiru hilabetera, ekainaren hondarrean eman genuen... eta 600 sartze Baionako antzokian! Zinez harrigarria! Hainbeste aldiz ikusia zuten ikusgarri hura inguru guzian, baina berriz ikusi nahi jendeak!

"Oroitzen naiz oraino, Baionan ahalke nintzen ene gurasoez, frantsesa ez baitzekiten aski ongi. Hiriko karriketan ibiltzen nintzelarik, eta entzuten nuelarik euskara, ahalke nintzen”

Baionan gaindi ari zara mintzo, nahiz barnealdean sortua zaren zu…
Bai, Alduden… Ene garaian, herrian baziren 800 bat bizizale. Gaur egun dira 300. Garaian jendea partitu da fite Aldudetik, batzuk Ameriketara eta beste batzuk hirira, erran nahi baita Baionara. Orduan Alduden ez zen laborantzaz bertzerik, baserri batzuk han eta hemen. Orain kanbiatu da hori, mugimendua bada. Pierre Oteiza haragileak egin du lanik franko urte anitzetan, eta gaur egun, adibidez, hor da Belaun kooperatiba. Zortzi baserri elkartu baitira hor, beren produktuak moldatzen eta saltzen dituzte: xerrikia, aratxekia, gasna, ahatekia, biperra… eta arno eta sagarnoa ere! Hor dira ere: Urepeleko eta Aldudeko gasnategia. Ahantzi gabe Banka, Aldude eta Urepeleko arraintegiak. Eta, bertzalde, muntatu dute AIBA elkartea, erran nahi baita: Aldudeko Ibarra Beti Aitzina. Hor dira Banka, Aldude eta Urepeleko bizizaleak, Aldudeko ibarrean bizitzeaz harro direnak eta nahi dutenak ibarra biziarazi. Ene garaian ez zen horrelakorik...

Horregatik migratu zinen zu ere Baionara…
Bai. Hamalau urte arte ikasi nuen herriko eskolan. Gero, ez bainuen etxetik eta herritik kanpora ikastera joan nahi, Alduden berean ikasi nuen, serorekin, kozinan eta josten eta horrela. Han egon nintzen 18 urte arte, eta, orduan, Baionara etorri nintzen. Bakarrik. Lana bilatu nuen. Lanaren exilioa izan zen. Gizarte lanean sartu nintzen, familia laguntzaile. Hori irekidura izugarria izan zen ene bizian.

 

Argazkia: Zaldi Ero

Irekidura? Zer erran nahi duzu?
Herri ttipia zen Aldude. Familian hazi nintzen, herrian, naturaren erdian… Iduritzen zait haur bat bere amaren sabelean bizi den bezala bizi izan nintzela, arrunt babestua, gordea, bizkotxa moldagian den bezala: goxo-goxo, ongi altxatua… Oroitzen naiz, adibidez, beti behar zenuela erran “milesker!”, eta, beti, “otoi!”, eta, are, behar zela bertzerendako bizi… Hori da nire irudia. Eta, bistan dena, izugarriko inportantzia zuen ere erlisioneak. Itoak ginen, zeren eta gure familian ez zen bertzerik: banituen bi ttantta serora, otto bat apezpikua, eta hiru kusi apez eta serora zirenak. Etxe gehienetan baziren, beharbada, apezak eta serorak. Erlisioneak eta elizak itoak ginen, ez dut bertze hitzik. Eta beldurra. Iduri zuen Alduden mundu guzia horrela zela. Hori zen.

Eta Baionara etorri eta...
Hona jin eta formakuntza bat egin nuen ene lanari buruz… Lehenik, miseria ikusi dut familietan. Izugarria izan da hori. Anitz ikasi dut hor Alduden irakurtzen ziguten ebanjelioa zer den. Praktikan ikusi dut. Zuk ideia bat izateko, adibidez: ez nuen konprenitzen ebanjelioan erraten ziguten hura… Langileak joan ziren mahastegira lanera, zortzi ordu lan egin zuten batzuek, beste batzuek azken orduan joan ziren, eta bertzeek bezala jaso zuten, paga bera. Nik hori Alduden ez nuen konprenitzen, baina konprenitu dut Baionara jin eta familietan lan egitean.

Gizarte lanean Baionan, familiekin, miseria ikusi zenuela erran duzu.
Bai, izugarriko miseria. Gaur egun ere den bezala, bertzalde. Berdin-berdina. Eta miseriarekin eritasuna ikusi nuen, eta ezintasuna. Emaztea etxean haurdun. bai segur ama familiako horrek duela azken orduko pagarekin gaizki bizi… Gaizki bizi emaztea eta haurrak!… Eta orduan konprenitu dut ebanjelioa, emazte hark merezi baitzuen bertzeen paga bera. Adibidez.

Biziki ongi zaindua zinen Aldudeko mundutik Baionara alde egin zenuen.
Behar nuen hori egin, behar nuen moldatu eta ene lekua egin bizian. Eta, adibidez, oroitzen naiz lagun batzuekin nintzela Baionan, eta haietarik bat hasi zela zernahi erranka apezen eta serorendako. Gelditu nintzen… harritua! Iduri zitzaidan ene otto eta ttantta haien kontra mintzo zela! Ez zen batere horrela, baina hor ohartu nintzen bazela zerbait…

Euskararen herri zen Aldude, frantses toki Baiona.
Baina ez baita batere horrela izan! Gu Alduden jendarme eta guarda artean bizi ginen. Haiek, bistan dena, ez zekiten euskararik, haien haurrek ere ez, eta gu haiekin ginen eskolan, eta eskolatik landa ere haiekin jostatzen ginen. Gero konturatzen zara zer izan zen hura. Frantsestu ginen! Memento batez, Baionara etorri nintzenean bizitzera, euskara nuen kasik galdua! Eta oroitzen naiz oraino, ahalke nintzen ene gurasoez, frantsesa ez baitzekiten aski ongi. Hiriko karriketan ibiltzen nintzelarik, eta entzuten nuelarik euskara, ahalke nintzen. Euskara mendi zokoko hizkuntza zen. Ahizpa badut, eta gaur egun oraino, frantsesez mintzo naiz harekin. Orain senar dudanarekin mintzatu nintzen urte batez edo, frantsesez. Ni frantsesez eta bera beti euskaraz! Banuen euskara, baina galdua, ahantzia.

“Itoak ginen, zeren eta gure familian ez zen bertzerik: banituen bi ttantta serora, otto bat apezpikua, eta hiru kusi apez eta serora zirenak”

Apez eta seroren kontra mintzo ziren lagunak aipatu dizkiguzu lehenago, baina bestelakoak ere egin zenituen. Kantaren bidean jarri zintuztenez ari naiz… Nola heldu zen hori?
Baionan nintzen lehenbiziko urteetan, Aldudera joaten nintzen asteburu guzi-guzietan. Baionan Daniel Landart teatroa berritzen ari zen, eta taldekoek zenbait emanaldi egin zituzten Alduden. Antzerkia egiten zutenak ezagutu nituen Alduden, eta, gero, Baionara jin nintzenean, hemen ere bazen beti antzerkia, eta bazen mendia! Eta ezagutu nituen Manex Pagola, Martxelin Arbelbide, Gexan [Alfaro], Beñat Sarasola… Bazen mugimendua. Mendi ateraldiak egiten hasi ginen, hemen ez baitzen ohiturarik, eta, gero, egin genituen ateraldiak Donostia klubarekin. Garai hartan ohartu nintzen hizkuntzaz eta abertzale munduaz. Adibidez, ordu artio Françoise nintzen, herrian hala erraten zidaten beti, eta gaur egun ere, hala erraten didate orduko anitzek. Eta ez da makurrik, biziki ongi onartzen dut orain ere Françoise izena.

Nola iragan zinen Françoise izatetik Patxika izatera?
Zazpiribai ikuskariarendako, ene izena ezarri behar zelarik afixan, ene izena eman nuen. Bada Patxi, gizonarendako, eta Patxika, emaztearendako. Horrela heldu da ene izena.

Haurrak ekarri zenituelarik, ikastolaren aldeko lanean engaiatu zinen. Argizaiola saria jaso zenuen 2016an, urte askoan egindako inurri lanagatik.
Haurrak ikastolan sartu genituen hastapenetik, eta bazen egitekorik franko, ikastolan laguntzen, udalekuan lan egiten… Behar arau, dena eman dugu ikas ’Manex Goihenetxe tolan. “Bilkurak!” erraten da, baina bilkurak dira, batetik, eta bilkura ondokoak, bertzetik, erran nahi baita, bilkuretan hartzen den lana egiteko ere, beti zerbait egin behar baita. Ez ginen jende anitz, baina hor zenak ongi sinesten zuen proiektuan. Bigarren mailan hastearekin, adibidez, anitz haur galtzen genituen, burasoak beldur baitziren beren haurrek ez zutela hizkuntza ikasiko edo gizartean nola ezarriko ziren ez zekitelako, edo zalantzak zituztelako. Gero, emeki-emeki, burasoek haurrak ongi ari zirela ikusi zuten, eta beldur hori ez da gehiago. Gaur egun frogak hor dira. Baina, anartean, gogorra izan da. Sinetsi behar zen! Argizaiola saria ukan nuelarik, lehenik harrituta gelditu nintzen eta ez nuen onartu nahi… eta ongi pentsatu eta, iparraldean xinaurria bezala lanean ari izan, ari diren eta ariko diren guziei eskaini diet. Bertzalde, sari hori ez nuen gure etxean atxiki nahi eta, beraz, Angeluko Manex Goihenetxe kultur etxean dago beti.

Gizona kanpoko eta emaztea etxeko zen garaian bizi izan duzu.
Argi eta garbi horrela izan da hori, eta hor ere behar izan da lan egin. Nik, hasteko, borroka egin behar izan dut toki bat hartzeko gizartean, garaian gizarteak ez baitzion tokirik eman emazteari! Orain emazteak hartzen ahal du tokia, baina garaian ez zen horrela batere! Herriko aferetan emazteek ez zuten hitzik, etxe barnekoetan bai, eta baserrietan-eta, emazteak lanean ari ziren gizonak bezala. Gure aita ibiltzen zen merkatuz merkatu abereak saldu eta erosten. Bazuen borda ttipi bat eta han ematen zituen bere animaliak; ardiak, gehienbat. Bazen pentze bat, eta udan behar genuen joan belarra egitera. Joaten ginen gizon eta emazte, egiten genuen lan, bazkaltzen genuen, eta, ondotik, gizonak siestara eta, guk, emazteok, ontziak jaso eta arratsaldeko askaria prestatu behar genuen. Eta gure lanak finitu genituelarik, gizonak xutitzen ziren eta emazteok haiekin batera joan behar genuen berriz pentzeko lanera! Etsenplu bat duzu hori. Anitz gauza horrela! Xerri hiltzea ere, denak lanean eta hau eta hura. Gero, sekulako bazkaria egiten zen, bazen besta ederra, eta gizonak kantuz hasten ziren, edo kartetan, eta emazteak, berriz, ziren xutik odolkiak eta kozina egiten! Usaia zen! Han zinelarik, normal balitz bezala zen, baina gero konturatzen zara hura ez zela normala.

Orain ere horrela da?
Ez, orain gauzak diferente dira, baina beti bada borroka zerbait. Adibidez, nik ez dut sekulan parte hartu emaztearen borrokan edo feminismoan, baina, ber denboran, badakit nik ene baitan borroka hori egin dudala. Ez naiz bilkuretan ibili, baina izan direlarik elkarretaratzeak –hemen, urte batez, gizon batek hil ditu emaztea eta bi haurrak–, biltzeetan izan gaituzu. Bakoitzak egin behar du bere bidea. Ni, enetako ari naiz… Gero, argi daukat halere, taldea eta talde lana beharrezkoa direla.

                                                                             *     *     *

KANTARIAREN ALABA
“Ez dakit batere nola sortzen ditudan kantak, ez dakit. Batzuek erraten dute behar dela izan zerbait errateko gogoa… Edo, beharbada, izan behar da kantari baten alaba, gure aita beti kantuz ari baitzen, kantu xaharrak. Baina, harrigarria!, bazekien Xalbadorren liburu guzia gogoz. Errateko manera da. Erran nahi dut Xalbadorren anitz kanta bazekiela gure aitak, eta kantu xaharrak, berriz, hogei, hogeita bi koplako kantuak, gogoan gordetzen zituela”.

FEDEA
“Orain ez dut Eliza gehiago soportatzen ahal. Sobera gauza itsusiak badira Elizan eta Elizaren inguruan. Baina fedea badut, gehiago lotuz ebanjelioari eta ebanjelioko balioei. Fedeak helburu bat ematen du bizian, eta erlisionea, garai batean, hori zen, biziari helburu bat ematea. Baina, garaian, apez eta serora haiek nahi zuten bezala zen, nahi zuten bezala eramaten gintuzten, nahi zuten bideetarik barna”.

 

Azken hitza

MAILUX
“Hamalau hilabete egon da kartzelan ene senarra, eta arrats guziz, guziz, etortzen zen Mailux, agur baten egitera. Hemendik bortz kilometrora-edo bizi da. Jiten zen, agur egiten zidan, eta joaten zen. Egunero-egunero etorri zen eni agur egitera. Eskuko bortz erietan kontatzen ahal ditut etorri ez zen egunak. Memento bat baldin bazuen, hartzen zuen tisana bat-edo, eta, bertzenaz, agur egin eta partitzen zen. Mailux Dupérou Çaldumbide. Sekula ez dut ahantziko”.

 

 


ASTEKARIA
2021eko ekainaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-26 | ARGIA
Iparragirreren musika entzungo da Kantabriako auditorio nagusian

Larunbat honetan Jose Mari Iparragirre urretxuarraren musika entzungo da Santanderren, Kantabrian, bi urretxuarren eskutik: Gorka Hermosa konpositorea eta Juan Luis Escudero aktorea.


"Gazteok zutik eta mugimenduan gaude, errealitate gordin baten aurrean"

Askotariko erresistentziak gorpuzten eta aldarrikatzen ditu Aiert Alberdi kantautore oñatiarrak oholtzan zein egunerokoan: gaztea, genero disidentea, euskalduna, langile klasekoa eta herri txikikoa… Musika eta feminismoa ditu indarkeria patriarkalari aurre egiteko... [+]


2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


Eguneraketa berriak daude