"40 urtean erakutsi dugu euskaraz bizi daitekeela hemen"

  • Xorroxin Irratia Nafarroako euskarazko irratirik beteranoena da. 1981ean Erratzuko eskolan okupatutako areto batetik zenbait gaztek lehen saioa aireratu zuten eta egun Baztan, Bortziriak, Malerreka, Urdazubi eta Zugarramurdi eskualdean aditzen da. 40 urte uhinetan eta horietarik ia 30 daramatza mikroaren aitzinean Apezetxeak.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Josetxo Apezetxea Larrainzar. Erratzu, 1965

Xorroxin Irratiko esatari beteranoetako bat da. Gaztetan hasi zen irrati sortu berriarekin musika kolaborazioak egiten, hala nola hainbat ekimenetan laguntza ematen eta 1992an langile gisa hasi zen Karakola segi hola arratsaldeko magazinean. Egun, Xorrotx eta fin goizeko saioan ere aritzen da gidari lanetan.

Erratzun, zure herrian sortu zen irratia 1981ean. Nola gogoratzen duzu hori?
Guretako, bertako gaztetxoentzako, sekulako gertaera izan zen hura. Euskaraz zerbait egiteko gogoa zuten Erratzuko eta beste herri batzuetako koadrila bateko gazteak izan ziren sortzaileak. Hemen euskaraz solastatzen zen, aunitz baserri giroan eta herri txikietan, baina Elizondon, errate baterako, erdara zen nagusi. Eta gainera euskara ez zen ongi ikusia. Nolabaiteko mespretxua zioten. Hauek nahi zuten juxtu euskarari nolabaiteko bulkaldia eman eta behar zuen goresmena lortu. Ausartak izan ziren alde horretatik. Jugoslavia ohi horretara egin zuten bidaia bat eta han bururatu omen zitzaien ideia.

Laurogeigarren hamarkada horretan irrati libreen booma izan zen. Iruñeko irrati batzuekin eta Iparraldeko beste batzuekin harremanetan jarri ziren eta haien medioz Bordeletik ekarri zuten lehen emisorea altxapean, Izpegiko mugatik. Horrela sortu zen irratia Erratzuko eskolako lehen solairuan. Behean eskola zegoen, baina goian areto batzuk hutsik zeuden eta hara sartzeko baimena eskatu zuten. Denborak aurrera egin eta erantzunik ematen ez zietenez, San Jose egunean sartzea erabaki zuten. Hala egin zuten, baina ez atetik, leiho batetik baizik. Erdi altxapeka egin zuten eta bertan The Beatlesen Ob-La-Di, Ob-La-Da kantu ezaguna aireratu zuten, gerora nolabaiteko ereserki bilakatu zena. Hori dena guretzako arras ikusgarria izan zen.

Irrati libre moduan hasi zen, beraz?
Bai eta zenbait urtez halako moduan aritu ziren, baina denborarekin ikusi zuten proiektuari nolabaiteko sendotasuna eman behar zitzaiola. Horretarako lehen urratsa izan zen inguruko herrietan berriemaileak bilatzea. Hasieran ia egunero sartzen ziren, gero bi egunetan behin eta hondarrean astero, orain egiten dugun bezala. Eta ikusi zuten ere horri jarraipena emateko norbait kontratatu egin behar zela. Lehenbizi Nekane Menta arizkundarra hartu zuten eta ondoren beste batzuk ere pasatu ziren handik. Lehen garai hartan Mari Karmen Irungarai sartu zen, egungo lan taldean jarraitzen duen lankidea.

Egoitza aunitzetan ibili zarete, ezta?
Nahiko irrati ibiltaria izan da betidanik. Erratzuko eskolatik atera behar izan zuten maistra batek protesta egin zuelako. Herriko beste toki batean aritu ziren 1985ean Elizondoko Fortenea ostatura joan arte. Ostatuan berean egiten ziren saioak. Oso giro bitxia sortzen zen. Gazte batzuk musika paratzera joaten ginen. Irratiak bizitasuna ematen zion ostatuari eta alderantziz. Hala izan zen Guardia Zibila sartu eta irratia itxi zuen arte.

Gero hortik Elizondoko beste etxabe batera eraman zuten irratia eta berantago Iruritara. Hango etxe batean zazpi urte eman zituen. Eta ondoren Elizondora itzuli zen. 80. hamarkadaren amaieran irrati lizentziak banatzeko lehiaketara aurkeztu ziren, baina deus gabe utzi zuten Xorroxin, erranez ez zela ziur ekonomikoki bideragarria zenik. Mobilizazio handiak izan ziren.
Denborarekin erakutsi da gaitasun ekonomikoa eta bestelakoa ere nork zituen egiatan. Xorroxinek aurrera egin du eta eskualdeko lizentzia eskuratu zuen bertze irratia, aldiz, bidean gelditu zen berehala. Seguru aski bestelako arrazoiak izanen zituzten beste horiei lizentzia emateko eta guri ez.

Eta noiz iritsi zen baimena?
1998an lortu genuen lizentzia bat Lesakan emititzeko. Han ireki genuen estudio berria udalaren laguntzarekin, baina egoitza nagusiak Elizondon jarraitzen zuen.

Baimenari esker diru-laguntzak eskatzeko aukera zabaldu zitzaigun. Bestalde, Elizondoko eskoletan eta beste lokal batzuetan ibili ondoren ikusi genuen toki finko bat bilatzeko beharra genuela eta horrela 2007an erosi genuen oraingo egoitza. Eta handik puska batera, 2013an, lortu genituen Baztanen eta Beran emititzeko lizentziak.

Argazkia: Dani Blanco
"Gaur egun zuzendaritzarik gabe jarraitzen dugu, denen artean hartzen ditugu erabakiak”

Zenbat zarete lan taldean?
Sei lagun ari gara orain. Elizondon bortz, Mari Karmen Irungarai, Fernando Anbustegi, Marian Iñarrea, Nerea Altzuri eta ni, eta Julen Zelaieta Lesakan.

Zu nola iritsi zinen Xorroxinera?
Sorreran bertan ez nuen parte hartu, 15 bat urte nituelako, baina lekuko izan nintzen. Gainera adin horretan dena mugitzen zaizu barrutik eta gertutik bizi izan nuen guztia. Gero, 19-20 urterekin Fortenean gustuko diskoak jartzen genituen.

Hasmentan gauzak erosteko eta norbait kontratatzeko dirua behar zenez, festetan txozna bat jartzen zen dirua ateratzeko eta hor ere ibiltzen ginen laguntzen. Garai hartan azken urte hauetan baino jende aise gehiago ibiltzen zen herrietako festetan eta dirua ateratzen zen. 1985etik aurrera Erratzun Xorroxinen aldeko kontzertuak egiten hasi ginen eta sekulako arrakasta izan zuten. 500 bizilagunetako herri ttar batean La polla, Barrikada, Hertzainak, Zarama, Itoiz… ikustea ikaragarria izan zen.

Egun batean erran zidaten arratsalderako norbait behar zutela gazteentzako saio bat egiteko. Nik ez nuen neure burua ikusten, horretarako trebetasun berezia behar delako, eta nik ez dut inoiz izan. Kostatu zitzaidan onartzea, baina batak eta bertzeak animatuta baietz erran nuen eta hasieran nahiko estu ibili arren, 1992az geroztik hemen ari naiz lanean.

Nolakoa da zuen programazioa?
Antolatzeko era betidanik irrati libre batenaren antzekoa izan da. Hasieratik dena zen boluntarioek egina eta gero jada profesionalak kontratatu ziren, baina lan moldeak antzekoak dira. Gaur egun, errate baterako, zuzendaritzarik gabe jarraitzen dugu. Denek parte hartzen dugu bileretan eta denen artean hartzen ditugu erabakiak. Batzuetan zailagoa ere izan daiteke, baina horrek behartzen gaitu denak hor barruan egotera eta parte hartze handiagoa izatera.

Programazioari dagokionez, duela hiru hamarkada finkatu zen oinarriarekin jarraitzen dugu. Gauza batzuk aldatu dira baina funtsean antzekoa da. Goizean saio bat egiten dugu 8:30etik 14:00etara, Xorrotx eta fin. Herriz herriko itzuliak segitzen du izaten bizkar hezurra. 35 herri ditugu eskualdean eta egunero bost bat sartzen dira. Herri txikietan zailagoa da berriemaileak aurkitzen, baina nahiko sare sendoa dugu. Nekazaritza kontuak hartzen ditugu hizpide Ur eta lur atalean, Merkatu txikia-k ere badu arrakasta eta jendea erakartzen du. Gainerakoan elkarrizketak egiten ditugu gaurkotasuna, agenda edota herriko etxeetako aferen inguruan.

Saiatzen gara eskualdeari lehentasuna ematen, baina Euskal Herri mailan interesekoak diren gaiak gure modura lantzen ahalegintzen gara.

Etorkizunari begira zer erronkak dituzue?
Oraingo gazteria nola erakarri. Batzuetan iduritzen zaigu irratia beharbada adin bateko jendearen kontua dela eta gero eta gehiago kosta egiten zaigu jende gaztearengana iristea, edo hori uste dugu. Ezin jakin.

2015etik sarean ere aritzen gara Ttipi-ttapa aldizkariarekin batera www.erran.eus plataforman. Eskualdeko bi komunikabideak elkarrekin aritzen gara hor eta guretako oso egitura interesgarria da gure elkarrizketak banaka eskaintzeko aukera ematen digulako, jendeak nahi duenean adi ditzan. Gazteek horretara jotzen dute gehiago.

Arrosa Irrati Sarean eta Tokikom, euskarazko tokiko komunikabideen gunean ere bagaude guretzat elkarlana oso garrantzitsua delako.

Zure saioa Karakola segi hola, klasiko bat da?
Ni honekin hasi nintzen eta jarraitzen dut. Musika eta elkarrizketak tartekatzen ditugu. 19:00etatik 20:30etara egiten dugu astelehenetik ostiralera.

Honetaz gain, ortzegunetan musika saio bat egiten dute, Bidegurutzean, eta Julen Zelaietak Bertsoinka bertsolaritzaren inguruko saioa egiten du. Asteazkenetan gazte batzuek Arrosa sarean egiten duten Klak izeneko saioa ere ematen dugu.
Gazteek beraiek egindako saioa da eta interesatzen zaigu errazago iritsiko direlako gazteengana.

Gainerako orduetan musika?
Horretan ere lan handia dago egina. Jose Miguel Barberena Xumuxu-k, Xorroxinen sortzaileetako batek, bilduma izugarria du eta hori probesten dugu. Fernando Anbustegiren ahotsean hainbat atal egiten ditugu musika estilo ugari jorratuz eta jendeari gustatzen zaio.

Eskualdekoen play list partikularra?
Bai. Egunean 24 orduz.

Bazkiderik baduzue?
Bai. 2008ko krisia dela eta Nafarroako Gobernuak sartu zuen aizturra eta lehenagotik apaltzen ari ziren diru-laguntzetan euskarazko hedabideentzako zegoen partida desagerrarazi egin zuen. Gauzak estutu ziren eta beste diru iturri batzuk bilatu behar izan genituen aitzina ateratzeko. Haien artean Behi Kaka lehiaketa asmatu genuen. Aldameneko belaia koadroka markatu eta koadro bakoitzeko boleto bana saltzen genuen. Belaian hiru behi ibiltzen ziren, bakoitza bere txandan, 20 bat minutuz eta kaka non egiten zuten, koadro horren zenbakia zeukanari saria egokitzen zitzaion. Arrakasta izan zuen lauzpabortz urtez eta diru pixka bat atera genuen.

Horrekin batera irratiaren aldeko kanpaina abian jarri eta 400 bat bazkide egin genuen. Publizitatea diru iturri garrantzitsua izan da betidanik eta erantzuna nahiko ona izan da baita pandemia urte honetan ere. Horrekin pozik gaude. Horrek erakusten du jendeak entzuten duela irratia eta iragarleek beren interesak babesteko ere balio duela ikusten dutela. Iragarkien bitartez jendeari beren mezuak iristen zaizkiela sumatzen dute eta hori oso ona da.

Honetaz gain, diru-laguntza publiko batzuk jasotzen ditugu Malerreka eta Bortziriko Mankomunitateetatik, Baztango Udaletik eta Nafarroako Gobernutik. Garai batean Eusko Jaurlaritzarenak ere jasotzen genituen.

Argazkia: Dani Blanco
"2015etik sarean ere aritzen gara ‘Ttipi-ttapa’ aldizkariarekin batera www.erran.eus plataforman”

Zer lortu duzue 40 urte hauetan?
Erreferentea bat izatea. Euskara hutsean lanean 40 urtez, erakutsi dugu euskaraz bizi daitekeela hemen. Mundu bat dago horren bueltan eta sendoa da gure eskualdean. Alde horretatik hainbat asmoren bilgunea izan da Xorroxin eta nik uste dut hori dela bere meriturik handiena. Irratia sortu zutenek seguruena horretan pentsatzen zuten.

Eusko Jaurlaritzak 2015ean egindako neurketaren arabera Xorroxin Irratiak hartzen duen 22.500 biztanleko eremuan 6.680 entzule zituen, Euskal Herrian entzule potentzial eta errealen arteko portzentaje handiena duen euskarazko irratia da.

Nola dago euskara orain eskualde honetan?
Arnasguneak dira inguruko herriak baina badakigu espainierak eta frantsesak zer indarra duten eta arnasguneak izanagatik ere, horiek toki guztietan sartuak daude. Nik ikasketak erdaraz eginak ditut, eta guztiz euskaldun izatea ez da erraza, baina Elizondon nire gaztaroan baino gehiago entzuten da euskara eta herri txikietan ere bai. Eskolan orain euskaraz ikasten dute haurrek eta etxean ere senideak euskaldunak dituzte gehienek eta hori gauza handia da, baina gatazka hori beti izanen da.

Xorroxinen zer hizkera mota erabiltzen duzue?
Tokian tokiko euskalkiek badute indarra. Irratian nahasmendu moduko bat egiten dugu. Hemengo batzuentzat ez da gure euskalki garbia izanen, baina batua hutsa ere ez da. Garrantzitsuena euskaraz aritzea da. Gure erreferente garbiak gure ingurukoak dira eta hizketa-molde horiek saiatu gara geureganatzen, nahiz eta aurreko belaunaldietakoen mintzamoldeen berdin berdinak ez izan. Entzuleak hizketa moldearekin eroso sentitzea nahi dugu, etxean bezala. Hori funtsezkoa da. Horretan saiatzen gara bederen. Irratiko lanak erraza dirudi baina badu bere mamia.

Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Elkarrizketak egitea, beharbada. Eta jendeak irratiarekin duen konplizitatea. Horrek, batez ere, egiten du Xorroxin hala izatea. Lan komunitarioa bai hizketan eta baita teknikaren alorrean ere. Eremu menditsu hauetan teknika oso lan zaila izan da eta batzuk urtetan izan dira horretan lanean hau dena egiteko, aurten jubilatu zaigun Antero Etxandi bezala. Halako jendearen lana izan ez balitz ezinezkoa litzateke hau egitea.

Eta gutxien?
Teknologia berriekin ez naiz sobera ongi moldatzen eta despistatu samarra ere banaiz. Horrekin nahiko lan!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Xorroxin
Xorroxin irratiak sabotajea salatu du

Igande eguerdian Xorroxin irratiaren emisioa eten egin zen, Baztandarren Biltzarra eguneko zuzenekoan lanean zeudela. Argindarraren kaxako fusible bat ostu zuen norbaitek. "Ez dakigu nork eta zein asmorekin egin zuen", azaldu digu irratiko kide Josetxo Apezetxeak.


Erran.eus Nafarroako Mendialdeko atari digitala martxan jarri dute

Erran.eus, Nafarroako mendialdeko agerkari digitala aurkeztu dute. Xorroxin Irratiak eta Ttipi-Ttapak bat egin dute proiektuan informazio “osatuagoa” eskaini eta entzule eta irakurleak atari bakarrean biltzeko asmoarekin: “Hango eta hemengo informazioa bilduaz,... [+]


2015-02-03 | ARGIA
Xorroxin irratia berriz ere martxan

Nafarroako irrati euskaldun beteranoak uhin bidezko emisioa berreskuratu duela jakinarazi du.


2015-02-02 | ARGIA
Xorroxin irratiak ezin du emititu, ustez tximista batek errepikagailua erreta

Xorroxin irratiak Legate mendian daukan errepikagailua erre egin da eta uhin bidez emititu ezinda geratu dira.


Eguneraketa berriak daude