'Pétroleuses', Parisko Komunako mitoa

  • 150 urte igaro dira 1871 Parisko Komuna eratu zenetik. Bi hilabeteren buruan komuneroak jazartu eta eraikin ugarik su hartu zuten. Agintariek pétroleuse deitzen zieten emakumeen egotzi zieten suteak pizta petrolioa erabilita. Ehunka atxilotu zituzten, eta asko epaiketarik gabe hil. Baina zein ziren? Egitan beraiek eman zioten su argien hiriari? Ze lortu nahi zuten Versaillesko kontserbadoreek emakume haien kontra eginez?

Ezkerrean, Tulleries jauregia sutan 1871ko maiatzaren 24an. Eskuinean, ‘pétroleuse’ baten karikatura, urte bereko uztailean banatutako postalean. (arg.: Léon Sabatier eta Albert Adam / Bernard)
Ezkerrean, Tulleries jauregia sutan 1871ko maiatzaren 24an. Eskuinean, ‘pétroleuse’ baten karikatura, urte bereko uztailean banatutako postalean. (arg.: Léon Sabatier eta Albert Adam / Bernard)

Paris, 1871ko martxoaren 28a. Herritarrak altxatu eta hamar egunera, Parisko Komuna eratu zen, langile klasearen lehen gobernutzat jotzen dena. Loialistek Komuna gogor erreprimitu zuten eta, bi hilabete eta gero, maiatzaren 28an, gobernua bertan behera geratu zen. Maiatzaren azken aste horri Aste Odoltsua esango zioten: milaka komunero atxilotu zituzten, edo epaiketarik gabe exekutatu. Eta liskarretan Parisek su hartu zuen.

Sute horien errua nagusiki pétroleuse edo Komunaren aldeko emakume piromanoei egotzi zieten. Suteak pizteko petrolioa erabiltzen omen zutelako esan zieten horrela. Komunaren amaieran ehunka atxilotu eta Versaillesera eraman zituzten bertan epaitzeko; beste asko epaiketarik gabe hil zituzten. Eta hurrengo hilabetetan hiriburuan likido erregaiak saltzea debekatu zuten, emakume petroliozaleek beren jardunari berriro heldu ez ziezaioten.

Prosper-Olivier Lissagaray (1838-1901) gertatutakoaren lekuko izan zen eta Komunaren kronika idatziz jasota utzi zuen. Hauxe idatzi zuen ustezko su-piztaileei buruz: “Gaizki jantzitako edozein emakume, esne-marmita bat edo botila huts bat zeraman edozein, pétroleuse-tzat jotzen zuten, arropak indarrez erauzten zizkioten, hurbilen zegoen hormaren kontra jartzen zuten eta hantxe bertan tiroz hil”. Beraz, kronikalariak hasieratik bertatik jarri zuen zalantzan emakume haien erruduntasuna. Baina Lissagaray sozialista iraultzailea zen, komuneroa, eta, hortaz, bere ikuspegi “lerratua” ez zen luzaroan aintzat hartu. 1870eko hamarkadan bertan  Maxime Du Camp idazleak Komunaren kronika “objektiboagoa” argitaratu zuen eta hor ere pétroleuse-en parte-hartzea ukatu zuen. Baina mitoak hazten jarraitu zuen.

XX. mende bukaeran, Komunari buruzko dokumentazioa desklasifikatuta, historialariek sakonago aztertu ahal izan zuten pétroleuse-en fenomenoa, eta aurreko mendean Lissagarayk esandakoa berretsi zuten. Besteak beste, Robert Tombs eta Gay Gullickson aritu ziren dokumentazioa aztertzeko lanean eta ez zuten topatu pétroleuse-ek suteren bat piztu zutela frogatzen zuen kasu bat bera ere. Komuna amaitutakoan Versaillesen epaitutako ehunka emakumeetatik soilik gutxi batzuk kondenatu zituzten, guztiak komunaren aldeko ekintzengatik, baina bat bera ere ez suteekin lotuta. Aste odoltsuko sute haien erantzukizuna gatazkari berari eta, beraz, bi aldeei egozten zaie nagusiki gaur egun.

Gullicksonen ustez, pétroleuse-en mitoa Versailleseko politikarien propaganda kanpainaren parte izan zen. Komunaren erreformen aurkako keinua zen, aste gutxi haietan hartutako zenbait neurrik emakumeen egoera zertxobait hobetzen zutelako. Garaipen praktikoa kaleetan lortzeaz gain, garaipen morala ere nahi zuten kontserbadoreek, emakume komunero barbaro eta suntsitzaile haien gainetik.


ASTEKARIA
2021eko martxoaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Parisko Komuna
2021-01-13 | ARGIA
Pariseko Komuna ezagutarazteko xedez, Communard-e-sen Lagunak elkartea sortu dute Garazi aldean

Martxoaren 18tik maiatzaren 28ra hainbat ekimen antolatu ditu elkarte berri honek. 1871ko martxoaren 18tik maiatzaren 28ra iraun zuen lehen gobernu iraultzaile eta sozialista erradikala izan zen Parisko Komuna.


Zer iragan, zer etorkizunetarako?

Anekdota apokrifo batek dio, eta Kristin Rossek Communal Luxuryn jasotzen du, Errusiako Iraultzaren hirurogeita hamahirugarren egunean, hau da, Parisko Komunak zutik eutsi zuen 72 egunen muga gainditu zuten momentuan bertan, Leninek dantza egin zuela elur gainean Neguko... [+]


Kristin Ross
"Ezin gara kontzeptuetatik hasi pertsonak erakutsi nahi baditugu"

Communal Luxury izenburuak luxuaren definizio polemiko bat iradokitzen digu, luxuaren eta kapitalista handien arteko lotura konbentzionalaz harago. Italiako mugimendu autonomoa dakarkigu burura, 1970eko hamarkadan nola salatu zuen langileen eskubideak mugatu nahi izatea... [+]


Eguneraketa berriak daude