Astika Herria, eraiste arriskuan

  • Astika Herria Erandioko (Bizkaia) proiektu autogestionatua da. Huste arriskuan dago. Abendu amaieran auzoko baserriak eraisteko agindua jaso zuten bizilagunek. Instituzioen “prebarikazioa” dela salatu dute. "Interes espekulatiboen" eta "gehiegikeria instituzionalen" aurrean, Astikako bizilagunek proiektuari eusteko asmoa dute.

Astika Herriaren defentsan, urtarrilaren 11n Erandioko Udalaren aurrean egindako elkarretaratzea (Argazkia: Ecuador Etxea)
Astika Herriaren defentsan, urtarrilaren 11n Erandioko Udalaren aurrean egindako elkarretaratzea (Argazkia: Ecuador Etxea)

Duela hamasei urte okupatu zuten Astika Herria. Hiru baserrik, baratze komunitarioek eta industria-nabe batek osatzen dute autogestionatutako auzoa. Labartain S.L. enpresak lursail osoa erosi du aisialdirako makro-azpiegitura bat egiteko, eta horrek Astika husteko mehatxua ekarri du.                                                 

Astika etxebizitza proiektu gisa abiatu zuten 2004ko maiatzean, lehen baserria okupatu zutenean. 2009-2010 urteen bueltan, proiektua zabaldu egin zen: beste pertsona talde batek bigarren baserri bat alokatu zuen eta abandonatuta zegoen industria-nabea egokitu zuten, auzokideentzat leku komun gisa eta kanpora begira espazio ireki modura erabiltzeko.

Nabearen okupazioa jauzi kualitatiboa izan zen Astikarentzat, horren bitartez proiektua gizarteratzen eta herriari irekitzen hasi zelako. Ordutik, Astika etxebizitza multzoa baino zerbait gehiago da; esperimentazio komunitariorako gune bilakatu dute. "Elkar topatzeko eta sozializatzeko lekua da, kolektiboki esperimentatzeko, ikasteko eta hazteko. Han bizi garenok  zein bizi ez garenok identitate partekatu bat eraiki dugu. Izate amankomun bat, kolektiboki munduari aurre egiteko modu bat eraiki dugu", diote auzokideek. Industria-nabea erreferentzia-gune bihurtu da, auzokideen eta proiektua bisitatzen dutenen arteko topagune; han antolatzen dira tailerrak, kontzertuak, antzezlanak, edota jai herrikoiak –Astika auzoko jaiak edo solstizio gau "magikoak", esaterako–.

Nabearen egokitzapenari esker, Astika hainbat kolektibok eta proiektu politikok elkarbanatutako espazio bihurtu zen; Komantxe Konpartsarena, adibidez. Bilboko okupazio eta autogestio mugimenduaren konpartsak erabili ohi du nabea, bai biltegi bezala, bai lanegunetarako eta bileretarako gune gisa.

2014an, abandonatuta eta suntsituta zegoen hirugarren baserri bat ere berres-kuratu eta egokitu zuten. Auzolanari eta elkarlaguntzari esker, urte gutxi batzuen buruan Astika esperimentatzeko gune bilakatu da, komunitate-harremanak, autogestioa eta elkarrekiko laguntza oinarri.

Interes espekulatiboak eta eraiste arriskua

2007an, Labartain enpresak Astika auzoko lursailen zati bat erosi zuen, oraindik publikoa ez den makro-proiektua eraikitzeko. 2016an lursailen sailkapena aldatzea lortu zuten, erabilera industrialerako lurrak izatera igaroz, eta horrek ateak ireki zizkion makro-proiektuari. 2019ko urtarrilean, Plan Partzialaren onarpenarekin, Erandioko Udalak bide eman zion Labartainen proiektuari.

Dagoeneko ez dago espekulazio-proiektua eragozten duen legerik. Traba bakarra materiala da: auzoak komunitatearen bizitza- eta bizikidetza-espazio izaten jarraitzen du.

Behin proiektua ziurtatuta, Astikako azken baserriaren jabearekin harremanetan jarri zen enpresa, hura erosteko. Jabeei bi aukera jarri zizkien mahai gainean: baserria saldu edo makro-proiektuaren eta inbertsio-kapitalaren bazkide egin. 2020ko ekainean, Astikako azken lursailak Labartain enpresari saldu zizkioten. Jarraian enpresak baserrietako bat hormatu zuen, bost pertsona etxerik gabe utziz. Dagoeneko ez dago espekulazio-proiektua eragozten duen legerik. Traba bakarra materiala da: auzoak komunitatearen bizitza- eta bizikidetza-espazio izaten jarraitzen du.

Hala ere, badirudi hori ez dela arazoa ez enpresarentzat, ezta EAJren udal-gobernuarentzat: 2020ko uztailaren hasieran, baserrietako bat eta industria-nabea eraisteko agindua zegoela jakin zuten auzokideek. Udalak auzoa hutsik dagoela, han ez dela inor bizi, adierazi du. Auzokideek hainbat helegite jarri dute, eta horien bidez frogatu dute auzoan jendea bizi dela. Baina 2020ko abenduan Labartain enpresari baserriak eraisteko baimena berretsi diote. Hortaz, une horretatik aurrera eraisketa edozein unetan egin dezakete: “Erandioko Udalak zein epaitegiak bere horretan jarraitzen dute: Astika Herrian ez dela inor bizi diote. Beste behin ere, Bilboko administrazioarekiko auzien 5. zenbakiko epaitegiak logika guztien aurka ebatzi zuen eraikin bat eraisteak ez duela etxebizitzaren bortxaezintasuna urratzen, nahiz eta bizilagunak etxe barruan egon”, salatu dute auzokideek.

Astikatik harago doan gatazka

Udan, enpresaren eta udalaren mugimenduen aurrean, Astikako bizilagunek mobilizatzeko unea zela erabaki zuten. Lehenengo urratsa Erandioko udaletxearen aurrean elkarretaratzea egitea izan zen: uztailaren 17an egindako mobilizazioan ehunka lagunek proiketuari elkartasuna adierazi zioten.

Abenduan, eraiste aginduaren aurrean, beste mobilizazio masibo baterako deia egin zuten. Urtarrilaren 11n, Erandioko udaletxearen aurrean, "Herrisistentzia da bide bakarra" eta "Astika defenda dezagun" lelopean, ehunka lagun bildu ziren  enpresaren "interes espekulatiboak" eta udalaren eta EAJren "prebarikazioa" eta "abusuak" salatzeko. “Labartain S.L.-ek Astika Herria eraitsi nahi du, EAJren baldintza gabeko laguntzarekin. Bizitzaren aurrean, porlana eta diru gosea lehenesten jarraitzen dute”, salatu dute auzokideek.

Astikako bizilagunek azpimarratzen dute jokoan dagoena ez dela soilik etxebizitza batzuen aldeko borroka, baizik eta bi logika antagonikoren arteko gatazka orokorrago bat: "Kapitalaren logika" vs. "bizimodu komunitarioak". "Astikako gatazkaren muinean aurkako bi jarreren arteko talka dago, kapitalaren eta bizitzaren arteko talka", diote.

Astikako nabeko sukaldea eta barra (Argazkia: Astika Herria)

Auzokideek ondare historiko gisa aldarrikatzen dute Astika: "Astikako baserriei buruz hitz egiten duten lehen iturriak XVI. mendekoak dira"; hala bada, “gure herriaren historia bizia dira”. Makro-proiektu honekin, "interes espekulatiboek memoria eta historia mila zementu-tonen azpian lurperatu nahi dituzte". "Eraiste honek argi uzten digu EAJri ardura zaion memoria bakarra museoetan dagoena dela. Beste modu batez esanda: kapitalismoaren merkatuan saldu daitekeen memoria. Gainontzekoa lurperatu eta ezabatu egiten dute", adierazi dute Astikako bizilagunek.

Lokalaren eta globalaren arteko dialektikari dagokionez, auzokideek aldarrikatzen dute Astika Euskal Herri osoan gertatzen ari den borroka baten beste fronte bat dela: "Alde batean gutxi batzuen interes ekonomikoak daude: AHT egiteko gure mendiak suntsitzen dituztenenak, eraikuntzarekin espekulatzeko gaztetxeak desalojatzen dituztenenak. Beste aldean erresistitzen dugunok gaude, mundu solidarioago baten alde borrokan jarraitzen dugunok. Azpiegitura handiak saboteatzen dituzten borrokak edo okupazioaren bidez jabetza pribatuari eta espekulazioari eraso egiten dieten borrokak ere gure borrokaren parte dira".

Udan eraiste arriskua zabaldu zenetik egin diren mobilizazioen balorazio positiboa egin dute Astikako bizilagunek. Azken hilabeteetan egindako lana jauzi kualitatibotzat jo dute: Astika "hainbat kolektibok elkarbanatutako espazioa izatetik subjektu politiko izatera igaro da"; hala dela erakusten dute haranean eraikitzen ari diren autodefentsa eta elkarlan sareek (Erandioaldeko beste baserri eta proiektu autogestionatuekin batera), eta Bizkaiko gaztetxe eta gazte asanbladekin egiten ari diren elkarlanak. "Gatazkari esker, komunitateari buruz dugun kontzeptua zabaldu eta erradikalizatu egin dugu. Gaur egun Astika erresistentzian dagoen komunitatea da, borroka zabaldu ahala hazten doana”.

Auzokideak ziur daude: “Borroka hasi baino ez da egin”. Horregatik, "Euskal Herri matxinatu osoari” dei egiten diote, gonbidatuz Astikatik pasatzera, proiektua ezagutzera eta egingo diren mobilizazioekin bat egitera.

*Hurrengo mobilizazioa urtarrilaren 23an deitu dute. “Amorrua antolatuz, Astika Herria defendatu!” lelopean, Erandioko metroko plazatik abiatuko da manifestazioa, 12:30ean.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Okupazioa
2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


2024-04-17 | ARGIA
Berangoko Otxantegiko nekazal lurren desalojoa gelditzen laguntzeko deia egin dute

Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako... [+]


Berangoko Otxantegi Herri Lurrak bigarren urteurrena ospatuko du, desalojo mehatxua gainean duela

Apirilaren 13an Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatuko dute. Apirilaren 18an ordea bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean.


2024-01-23 | Gedar
Zestoako Gaztetxearekin elkartasunez, Eliza seinalatzen jarraitzen dute

Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.


2024-01-19 | Gedar
Euskal Herrian izan den apostasia kolektiborik handiena ari dira egiten Zestoako Gaztetxearen alde

Gipuzkoan, 700 apostasia eskaera baino gehiago lortu dituzte Zestoako Gazte Asanbladak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak. Bihar protesta bat egingo dute Donostiako Artzain Ona katedralean, aurrera baitoa Gaztetxearen kontrako prozedura: hilaren 24an... [+]


Eguneraketa berriak daude