"Etengabe jartzen dute ezbaian gure nortasuna"

  • Informatikako ikaslea, zibersegurtasunaren zaletua eta militante politikoa da Rina Cabeza Calderón 18 urteko emakume transexual azkoitiarra. Gizarteak berea ez duen generoa ezarri zion, eta geroztik bere izena eta izana defendatu ditu.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

Nor da Rina Cabeza?
18 urteko neska azkoitiar bat, jaiotzerakoan zakila izateagatik mutila zela esan ziotena, eta horren harira, gizartearen erruz mutil bizitza izatera behartuta egon dena.

Duela gutxi arte ez zinen existitzen gizartearen aurrean, gizarteak beste norbait ikusten zuen... Noiz eta nola adierazi zenuen Rina zarela?
DBH2ko udan izan zen, 14 bat urterekin. “Kontatu egin behar dut”, pentsatu nuen. Bizitza osoan argi izan dut, baina eskolan irakasten ez digutenez eta etxean, zoritxarrez, aniztasunean hezitzen ez gaituztenez, ez nekien zer gertatzen zitzaidan. Berez banekien nor naizen, ez nekiena zen nola adierazi. Beldurra edo halako zerbait izango zen... Orduan, udako oporretan Tenerifen geundela, anaiari kontatzea pentsatu nuen. Igerilekuan horrelaxe bota nion: “Zerbait kontatu behar dizut”. Berak, zera erantzun zidan: “Zer, neska zarela?”. Bete-betean asmatu zuen, eta sekulako poza hartu nuen, neuk ezer esan gabe berak jada bazekielako nor nintzen ni. Behin ere adierazi gabe, berak ikusi egiten zuen nolakoa nintzen. Amari egunean bertan kontatu genion, aitari beranduago.

Zure generoa adieraztea nerabezaroan bereziki zaila dela esango zenuke?
Bai. Izan ere, ni beti neska izan naizen arren, gizartearen ikuspuntutik aldaketa izugarria da, beti mutiltzat ikusi nautelako. Beraz, “geldi hor! Ez naiz mutila, neska naiz” esan dudanean, gauzak kolpetik aldatu dira. Bai lagunekin, bai familiarekin... Onerako gainera. Ikaskideekin, adibidez, inoiz ez nintzen ireki, eta kontatu nuenez geroztik oso harreman ona garatu dugu.

"Aniztasunean hezitzen ez gaituztenez, ez nekien zer gertatzen zitzaidan. Berez banekien nor naizen, ez nekiena zen nola adierazi. Beldurra edo halako zerbait izango zen"

Ikastetxean nolako prozesua izan zen emakumea zarela azaltzea?
Oso gogorra, baina baita pozgarria ere. Gogorra, zuzendaritzaren aldetik: hasieratik trabak ipini zizkidaten. Irakasleak ongi portatu ziren, oro har. Bilera deitu genuen beraiekin, eta tutorearen eta bion artean esan genien Rina naizela, emakumea naizela eta halaxe tratatzea nahi dudala. Irakasle guztiak azaldu ziren, Etikakoa izan ezik. Hark hasieratik esan zidan ez ninduela onartzen eta infernura joango nintzela. Nola izan ditzake Etikako irakasle batek balore horiek?

Zuzendaritzarekin ere azken momenturarte gaizki ibili nintzen, urte bukaeran oraindik ez baitzuten ezer aldatu: ez zerrendetako izena, ez e-posta... Ezertxo ere ez. Tutorearekin batera joan behar izan nuen zuzendaritzara: “Dena aldatzen ez baduzue Hezkuntza Sailera deituko dugu” esanez. Hezkuntzak jada protokolo bat zuen martxan, nire ustez oso ongi dagoena, ikastetxeek ezer egiten ez duten kasuetan Saila bera esku hartzeaz arduratzeko.

Ikasgelan, esan bezala, ongi joan zen. Irakasleari kontatu eta gero adierazi genien ikaskideei, ostiral eguerdian. Zera pentsatu nuen: “Ostirala da, gaizki irteten bada astelehenerarte ez ditut ikusi behar”. Baina dena ongi irten zen. Gehienek babestu egin ninduten eta besteek ez zuten ezer txarrik esan, ez zuten posiziorik hartu, eta kito. Inoiz ez nintzen izan ikaskideekin harreman handia duen pertsona horietako bat, betiko hiru lagunak nituen. Behin kontatuta, harremanak hobera egin zuen denekin.

Alor juridiko eta klinikoan, zer nolako oztopoak topa ditzake nerabe edo gazte trans batek gaur egun Euskal Herrian?
Denetik. Hasteko, prozesu hasierako pausoak emateko familia-medikuarengana jo behar duzu. Une horretan, bera da zalantzan jartzen zaituen lehena. “Ziur al zaude?”, dio medikuak. Ziur egongo ez banintz, ez nintzateke joango, ezta? Bestela, zertara noa? Niri Zumarragara bidali ninduten Gurutzetako Ospitalera bideratu aurretik, bertan egiten baita prozesu osoa. Zumarragan ere, galdera bera: “Ziur al zaude?”. Azkoitiatik bertara joanda, nola ez naiz ba ziur egongo? Gerora, psikologoarekin egon nintzen egun batez Gurutzetan. Izan ere, orduan psikologiako atalera bidaltzen gintuzten ezer baino lehen. Orain ez da horrela egiten, eta asko pozten naiz. Nik hainbat galdera entzun behar izan nituen; guztiak erabat lekuz kanpo zeuden.

"Ez dut ezagutzen kontsultan egoera deserosorik bizi izan ez duen pertsona transik. Nire kasuan,  psikologoarekin hasi zen dena. 'Zer duzu nahiago, kolore urdina ala arrosa?'. Horrek inporta al du nor naizen ondorioztatzeko?"

Patologizazio horrez gain, prozesu burokratikoak ba ote du infantilizatzailetik ere?
Bai. Aipatu bezala, uneoro zalantzan jartzen zaituzte. Horrekin argi geratzen da infantilizazio modu bat dela. Haien ustez gu ez gara kontziente ematen ari garen pausoaz eta horrek zer suposatzen duen. Etengabe jartzen dute ezbaian zure izaera. Nire kasuan, betidanik argi izan dut. Ziur nagoen galdetzen didazunean, nor zara zu emakumea naizela dudan jartzeko edo ni infantilizatzeko? Zuk esan behar al didazu nor naizen?

Espainiako Estatuak zein baldintza jartzen dizkizue zuen nortasuna ofizialki aitortua izan dadin?
Batetik, gutxienez 18 urte izan behar dituzu. Beraz, adingabea baldin bazara, jai duzu. Bestalde, nortasun agiri espainola izan behar duzu. Espainiako Estatuak ez ditu babesten euren herrialdeetan erailketak edo espetxe zigorrak jasan ditzaketen trans atzerritarrak. Gainera, bi urteko hormonazioa eskatzen dizute behinik behin, fisikoki eta psikikoki suposatzen duen guztiarekin... Emakume transen kasuan, gorputzean aldaketa jakin batzuk gauzatzea eta gizarteak eskatzen duen emakume itxurara moldatzea da horren helburua.

Nola eragin diezaieke pertsona transei muga horiek kentzeak?
Askoz hobea litzateke egoera. Azken finean, zalantzan jartzen zaituen norbait duzu inguruan uneoro, zure nortasunean bizitzeko pauso jakin batzuk ezartzen dizkizute. Muga horiek altxatzea beharrezkoa da. Pentsa, pertsona trans batek hormonatu nahi ez badu, ez du nortasun agirian generoa aldatzeko eskubiderik. Alderatzearren, gaur egun ebakuntza ez da derrigorrezkoa, baina duela hamar urterarte bai. Auzitegiko medikuak berretsi behar zuen benetan operatuta zeundela; baginaren sakontasuna neurtzen zizuten emakumea zarela baieztatzeko.

Kontsultan jazotako hamaika egoera deseroso entzun daitezke transei galdetuz gero. Zure kasua al da?
Bai, eta ez dut ezagutzen kontsultan egoera deserosorik bizi izan ez duen pertsona transik. Nire kasuan, psikologoarekin hasi zen dena, eta oso gaizki. “Zer duzu nahiago, kolore urdina ala arrosa?”. Horrek inporta al du nor naizen ondorioztatzeko? Baina noski, arrosa nahiago duzula erantzun behar diozu. Nire kasuan, beltza dut kolore gogokoena, baina beno. “Txikitan panpinekin ala jostailuzko autoekin jolasten zenuen?”, eta ni Nintendoan ibiltzen nintzen, baina baietz, panpinak nahiago nituela esan behar. Halako galdera desegoki asko bota zizkidan.

Zein da arazoa? Galdera gehiegi egitea ala galdera desegokiak egitea?
Galdera desegoki gehiegi egitea, esango nuke, kar, kar, kar. Galdera horiek lekuz kanpo daude, eta gainera, ez da galdera oker bakarra egiten dizula, hanka-sartzeak bata bestearen atzetik doaz. “Zuri zer gustatzen zaizkizu, neskak ala mutilak?”. Eta nik diot: axola al du? Neska izateko mutilak gustatu behar al zaizkit? Nire kasuan, biak gustuko ditut, orduan zer naiz? Ez naiz neska? Ez naiz mutila?

"Begiradak dira ohikoena, eta kasurik larrienetan, jipoiak. Ez da nire kasua, baina poztu egin beharko nintzateke? Normalena izan behar luke mehatxu horrekin ez bizitzea"

Legeen eta arau sozialen mugekin jo duzu gaztetatik, nola eragin du horrek zure kontzientzian?
Nik beti esaten dut heldutasuna behar baino lehenago iritsi zaidala. Azken batean, prozesu honek ekarri didan guztiagatik konturatu naiz zein gizartetan bizi garen, eta nola erantzun behar diodan horri. Kontzientzia garatuarazi dit, eta ez dizut esango oso heldua naizenik, 18 urte baititut, baina bai igartzen dudala kontzienteago naizela egiten dudanarekin. Batez ere, inguruko ekintzek zer suposatu dezaketen beste pertsonengan.

Gertukoen elkartasuna neurtzeko modua izan al da emakumea zarela adieraztea?
Kontatu nuen momentutik izan dut inguruko guztien babesa. Egia da familian zenbaiti gehiago kostatu zitzaiela, baina gaur egun onartzen naute eta ondo konpontzen gara. Jende batek denbora gehiago behar du gauza hauek onartzeko; jaso duten hezkuntzagatik eta bizi izan duten garaiagatik ulertzekoa da. Baina beti esan ohi dudanez, gure ingurukoen sostengua da guk behar dugun bakarra; bai lagunena, guk erabakitzen dugun familia direlako, baita familia berarena ere. 

Neurgailua, onerako zein txarrerako.
Egia da herrian gauza onak zein txarrak ikusteko balio izan duela: batzuen onarpena eta babesa, besteen begiradak eta irainak... Gure egunerokoa da hori. Begiradak dira ohikoena, eta kasurik larrienetan, jipoiak. Azken hori ez da nire kasua izan, baina poztu egin beharko nintzateke? Berez normalena izan behar luke mehatxu horrekin ez bizitzea, eta tristea da, baina alde batetik lasaiago zaude gertatzen ez bazaizu.

Duela gutxi zure adin bertsuko neska trans iruindar bati eraso egin zioten Bartzelonan.
Horrelako albisteak jasotzea oso gogorra zait. Nire inguruan gertatzen ez den arren, gizartean gertatu egiten da, errealitatea hori da. Ez da erraza, zaren bezalakoa izateagatik jo egiten zaituzte. Noraino hel gaitezke? Halako mezuak jasotzeak tristura sortzen dit, hurbiletik harrapatzen ez banau ere. Oraindik bertan dirau, eta horrekin amaitu egin behar da. Hamar urteren buruan ere desagerraraziko ez dugulakoan nago ordea.

Mehatxu zuzenak jasaten dituzue bizitzako hainbat arlotan; nola atera egoera zaurgarri horietatik?
Oraindik ezinezkoa dela esango nuke, baina jendearen kontzientzian eragina izan dezaketen ekintzak egitea bide bat da. Nire kasuan, hitzaldiak ematen ditut jendeak jakin dezan munduko gauzarik normalena dela, ez nagoela gaixo eta beste pertsona bat gehiago naizela mundu honetan. Kontzientzia falta da, onartzen ez gaituzten eta onartuko ez gaituzten pertsona asko baitaude. Benetan uste dut denbora tarte bat igaro beharko dela, belaunaldi berriek aldaketa hori eman dezaten.

Zein da solasaldietan gehien azpimarratzen duzun ideia?
Transexualitatea hedabideek oso gaizki tratatzen dutela. “Sexu aldaketa” bailitzan hitz egin ohi da, eta ez da hala. Kontua ez da ni lehen mutila nintzela eta orain neska, betidanik izan bainaiz neska, hala ikusi ez nauten arren. Horrez gain, pertsona arruntak garela nabarmentzen saiatzen naiz, ez gaudela gaixorik, eta jendea jabetu egin behar dela, gizarteak aurrerapausoak eman ditzan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transexualitatea
Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Trans legearen erreformaren harira, Ekai Lersundiren aitak: "Egun berezia da Ekaik nahi zuena lortzeko"

Lege honek oztopoak kendu eta aitortza legala izatea “berebizikoa” dela adierazi du Naizen elkarteko Bea Severrek. 


EAEko Trans Legearen erreforma onartu dute

Osasunean, hezkuntzan eta lan eremuan eragingo du erreformak, eta pertsona ez binarioak eta intersexualak kontuan hartuko ditu.


Eguneraketa berriak daude