Seke hizkuntzaren azken arnasgunea Brooklynen

  • Seke Nepalgo Mustang eskualdeko hizkuntzetako bat da eta, egun, 700 bat hiztun baino ez ditu. Irizpide guztien arabera, desagertzeko arrisku larrian dago baina azkenengo urteetan AEBetako New Yorkeko eraikin batean seke bizirik mantentzeko ahaleginetan ari dira.

Seke hiztunak New Yorkeko Brooklyn auzoan, familiako urtebetetze bat ospatzen. Argazkia: www.andhrafriends.com-etik hartua.
Seke hiztunak New Yorkeko Brooklyn auzoan, familiako urtebetetze bat ospatzen. Argazkia: www.andhrafriends.com-etik hartua.

Mustang, Nepalgo iparraldean dagoen erresuma zaharra, Himalaya zeharkatzeko “4.660 metro baino ez dituen” Kora La pasabidea aprobetxatuz, historikoki Tibet eta Indiaren arteko merkataritzarako igarobidea izan da. Erresuma honen historiak kondairak eta benetako gertaerak txandakatzen ditu. Sorrera 1380an monje budista batek hil zuen deabruaren bihotz eta erraietan oinarritzen da eta Tibetekin lotura sendoak izan bazituen ere, mendeetan zehar erreinu independente bezala funtzionatu zuen. 1795ean, Nepalek bertako lurrak anexionatu zituenean, burujabetasuna galdu zuen, Mustango erregeak hainbat botere mantendu bazituen ere. Zonaldeko azken aldaketa politikoen harira, 2008an, Nepal osoa errepublika bihurtutakoan, erregeak bere koroa eta eskumenak galdu zituen.

Mustang isolatuaren barruan badago isolatuago dagoen eskualdea, Goi Mustang du izena. Han ez da inoiz ezer gertatzen, beno, noizbait bai, adibidez, pasa den mendeko 60ko hamarkadan planetako geopolitikako gune garrantzitsua bihurtu zen CIAk babestutako Tibeteko gerrillarien basea bihurtu zenean, Txina komunistak burututako okupazioaren kontra borrokatzeko. Urte batzuk geroago AEBetako presidenteak, Richard Nixonek, Txina bisitatu zuen eta opari bezala gerrilla hauek desegin zituen. Eskualdeko Gerra Hotza epeldu zen. Gertaera horietatik bost hamarkada pasata, Goi Mustangen beste epeltze mota batek eragina izan du, klimarenak. Uztak gero eta urriagoak dira eta biztanle askorentzat emigrazioa da bide bakarra.

Elkar ulertzeko zailtasunak dituzte

Emigratzen dutenen edo hala egitea bururatzen zaienen artean Chuksang, Chaile, Gyakar, Tangbe eta Tetang herrietako biztanleak daude, seke hizkuntzaren erabiltzaileak, hain zuzen ere. Sekek “urrezko hizkuntza” esan nahi du eta sino-tibetar familiako tamangic adarrean kokatu ohi da. Idatzi gabeko hizkuntza da, inongo tradizio literariorik gabekoa. Zenbaki baikorrenen arabera 700 hiztun baino ez izatea, hiru dialekto ezberdintzea eta elkar ulertzeko zailtasunak edukitzea dira hizkuntza honen ezaugarri nagusiak. Zaharren arteko komunikaziorako geratu da, gazteek nepalera lehenesten dute, bai eskolan jasotzen dutelako baita lan aukerak zabaltzen dituelako ere. Bigarren hizkuntza aukeratzeko garaian, ingelesaren edo hindiaren aldeko apustuak izaten dira nagusi. Ohikoak dira Pokhara edo Kathmandu bezalako hirietara ikasteko edo lan egiteko migrazioak eta horrelako egoeratan seke lehenaldiko oroimena baino ez da izaten. Munduan bi astero hizkuntza bat desagertzen dela kontuan hartuta, seke zerrenda horretan laster egongo dela pentsatzea ez litzateke erokeria izango.

Hizkuntzaren biziraupenari buruz ari bagara, migrazio masiboa berri txarra izaten da, baina noizean behin, ezusteko historia atseginak azaleratzen dira, eta sekerena horietako bat da. Endangered Language Alliance (ELA, euskaraz arriskuan dauden hizkuntzen arteko elkartasuna esan nahi du) elkartearen zenbakietan New Yorkeko kale eta etxeetan 637 hizkuntza hitz egiten dira. Brooklyn auzoan, Ditmas Park barrutia dago eta bertan, 100 bat sekedun bizi dira, haietako 50 eraikin berean. Gehienak nekazariak edo abeltzainak ziren Goi Mustangen, Ipar Amerikan ordea, manikuragileak, eraikuntzako langileak edo sukaldariak izaten dira. Beraien apartamentuak Nepalgo oroigarriz beteta daude. Hormen inguruan alfonbraz estalitako egurrezko bankuak ikus daitezke eta hormetan jatorrizko etxeko tresnak edo Dalai Lamaren argazkiak. Usainak ere bereziak izaten dira: espezienak, intsentsuenak eta tearenak nahasten dira eta momo da Ameriketara eraman duten jaki tradizionala, jai egunetan prestatzen dutena. Plasmako telebista erraldoia Mendebaldeko modernitateari emandako kontsezio bakarrenetakoa da.

Giro honetan, sekeren arnasgunea sortu dute, ia nahi gabe, ia konturatu gabe. Beraien herrietan ez zen erraza aurrez aurreko komunikazioa, egunak behar baitira herri batetik bestera joateko eta zaila izaten da solaskideak topatzea. Brooklynen, beraien hizkuntzan aritu ahal izateko hamar segundutako igogailu bidaia baino ez dute behar.

Ez dute denek galdu itxaropena

Berpizkunde testuinguru honen arduradun nagusietakoa Rasmina Gurung da, 22 urteko erizaina eta bere hitzetan seke hiztun aktiboetatik gazteena. Gogoz hartu du bere hizkuntzaren biziraupenaren ardura, baina alarma, haserrea, tristura eta etsipenaren arteko sentsazioa izan ohi du.

Auzoa aldatu dela dio, garai batean komunitate etniko edo kulturalak itxiak ziren. Zaila zen, muturreko adibidea jartzearren, italiar katoliko eta irlandar katolikoen arteko ezkontza bat gertatzea. Gaur egun nahasketa handiagoa da, eta horrek alde positibo asko ditu, baina sekeren etorkizunerako ez da berri ona.

Ditmas Parkeko eraikinean Goi Mustangeko bost herritako biztanleak bizi direnez, zaila da dialektoen arteko elkar ulertzea, batzuek tangbez hitz egiten dute, beste batzuek tetangez eta gainontzekoek chuksangez. Komunikazioa hobetzeko seke batuera ere sortu dute, era bakoitzeko hitz esanguratsuak erabiliz. Arestian aipatu bezala, idatzi gabeko hizkuntza da, eta zailtasun hori gainditzen laguntzeko Rasmina Gurung, ELAren laguntzaz, seke-ingelesa hiztegia ari da sortzen azken hilabete hauetan. Hitzak transkribatzeko, adibidez, alfabeto latinoa erabiltzen du, eta soinu asko adierazteko garaian ez du egokiena aurkitzen. Hitz abstraktoak itzultzean ere ziurtasun falta adierazten du, esate baterako, arima hitza ez baita gauza bera Nepalgo kulturan edo anglosaxoian.

Bideo grabazioak ere jasotzen ari da, eta YouTube bezalako kanalen bidez zabaldu, baina denboraren kontrako borrokan dabilen errezeloa du, agonia luzatuko dutela, besterik ez. Arbasoen laguntza handia du, baina ondorengoek bere esfortzuaren emaitza preziatuko duten zalantza egiten du Gurungek. Gazteek ingelesez ikasi eta lan egiten dute, ingelesez bizi dira, eta ondoren gaztelera edo mandarin txinera menperatzen saiatzen dira, beraien bizimodua edo lan aukerak hobetzeko baliogarriak izango direlakoan. Seke, Goi Mustango mendiak bezala, urrutiegi geratzen zaie.

ELAren irizpideetan, hizkuntza galtzeko arriskua 10.000 hiztun baino gutxiago duenean hasten da. Sekek 700 ditu. Aurreikuspen guztien arabera, gaur egun, desagertuta egon beharko zuen, baina Brooklyneko arnasguneak epe laburrerako bada ere, hauspoa eman dio hizkuntzari. Hauspo ahula, hala ere. Etorkinek lanaldi luzeak izaten dituzte eta umeekin egoteko denbora gutxi. Nepalgo Gobernuak ez ditu hizkuntza minoritarioak aintzat hartzen, beraz kulturgune edo hizkuntza zentrorik ez dago. Transmisioa bermatzea gero eta zailagoa da. Sekek hamar-hamabost urteko bizitza izan ahal duela diote adituek, baina Rasmina Gurung bezalako pertsonei esker testigantza idatzia eta grabatua ez ezik, itxaropena ere geratuko da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: seke
Eguneraketa berriak daude