Beste urri batzuk etorriko dira

  • Independentziari buruzko erreferenduma egin eta hiru urtera, gizarteak oraindik ez ditu digeritu Kataluniaren etorkizun politikorako funtsezko gertaera horrek utzitako irakaspenak. Errepresioaren eragina gorabehera, subiranotasunaren aldeko mugimendua prestatzen ari da Espainiako Estatuarekiko hurrengo talkarako, Kataluniako Errepublikaren aldeko prozesua burutu ahal izateko.

Argazkia: Javi Julio
Argazkia: Javi Julio

Historiografiak erakusten digu herriek une disruptiboak bizi dituztela, zeinetan dena azkartzen den eta ustekabeko ondorioez betetako ziklo berriak irekitzen diren. Urriaren 1a une horietako bat da Kataluniarentzat, gertatu zena eta gero ezer ez baita berriro berdina izan.

Egun hartan, bi milioi eta erdi katalanek baino gehiagok hautetsontzietan adierazi zuten Katalunia errepublika independente bihurtzea nahi zutela. Baina emaitzaz haratago, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erreferenduma debekatu izanak eta poliziek eragindako indarkeriak desobedientzia zibil masiboko ariketa bihurtu zuten eguna, egungo Europa demokratikoan erreferenterik ez duena.

Horrela, bada, independentismo politikoaren enegarren mobilizaziotzat jotzen zena, azkenean, errebeldia ekintza herrikoi bihurtu zen, gizartearen erabateko gehiengoaren eskaria modu demokratikoan bideratzeko gai ez zen estatuaren aurrean.

2017ko urriaren 1ak itzulerarik gabeko inflexio-puntu bat marraztu zuen, 2010eko uztailean Espainiako Konstituzio Auzitegiak estatutuaren aurka emandako epaiaren ondorioz biztanleriaren zati handi batek sentitu zuen haustura emozionala areagotu baitzuen. Desadostasun hori ordura arte edozein jarrera subiranistatik urrun zeuden sektoreetara ere zabaldu zen, oinarrizko eskubide bat –botoa ematea– mehatxatuta ikusi zutenengana. Horren erakusgarri izan zen bi egun geroago Kataluniako kaleetan eztanda egin zuen sumindura, erreferendumaren egunean mila bat zauritu eragin zuten Poliziaren oldarraldiak salatzeko.

Duintasun harresiak
Urriaren 1ak hainbat faktura politiko eta sozial eragin du. Berehalakoena independentzia deklarazioen ostean gertatu zen (urriaren 10ean eta 27an). Espainiako Senatuak Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpena onartu zuen, eta, horren bidez, PPren gobernuak Carles Puigdemont presidentea eta kontseilariak kargutik kenarazi zituen, Kataluniako erakundeen kontrola bere gain hartu zuen eta hauteskunde autonomikoak egin zituzten urte horretako abenduaren 21ean. Ordutik, 155.a Generalitateko departamentu guztien gainetik izan da hegan, zelatan, Damoklesen ezpataren antzera, subiranismoaren edozein ekimen baldintzatzeko.

Baina ez hori bakarrik. Erreferendumak harridura sentimendu orokorra barreiatu zuen. Espainiako Estatuak "a por ellos!" delakoaren pean eragin zauriak metabolizatzen saiatzen ari da jendartea gaur egun ere. Errege Etxeak babestutako errepresioak 2.850 pertsona baino gehiagori eragin dio dagoeneko, hautetsien, ekintzaileen eta kultura arloko pertsona esanguratsuen artean.

Faktura horiek jarduera parlamentarioa oztopatu eta subiranismoa nabarmen desorientarazi badute ere, urriaren 1ak beste funtsezko elementu bat ere argiztatu du, eta hori kontuan izan gabe nekez azal daiteke erreferenduma bera egin izana: gizarte zibilaren gaitasuna bere burua antolatzeko eta alderdiak erabakitzeko eskubidearekin konprometitzera bultzatzeko.

Argazkia: Javi Julio

Ahalduntze kolektibo hori gabe ezin da ulertu 2017ko erreferenduma. Jatorria Arenys de Munteko Udalak 2009ko irailaren 13an herritarren bultzadari esker antolatu zuen independentziari buruzko kontsultan izan zuen. Haren ostean beste 500 bat gehiago antolatu ziren hainbat herritan. Kontsulta horiek herritarren eta erakundeen arteko konplizitate sare bat aktibatu zuten, eta autodeterminazioa bilakatu zuten gatazkak desblokeatzeko eta herriaren nahiari balioa emateko giltzarri.

Hortik aurrera, gizarte zibilaren eraginak Katalunia erreferendum bat egitera bultzatu zuen. Herrialdearen etorkizun politikoa erabakitzeaz gain, herritarren oinarrizko eskubideen defentsa argia ere izan zen.

Ez da harritzekoa urriaren 1a erretinan geratu izana, bestelako iritzi eta jatorri politikoa duten pertsonek bat egiten zutelako. Komunean akuilu bera zuten: ezin direla erabakiak utzi oinarrizko askatasunak ukatzen dituen estatu baten esku, Nazio Batuek eta giza eskubideen alde borrokatzen diren beste erakunde batzuek Espainiako Estatuari gogorarazi dioten bezalaxe.

Herritar ahaldunduen eta botere demofobikoaren arteko talka hori Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren kargetan islatuta gertatu zen mundu guztiaren begietara, baita udazkeneko igande hartan hauteslekuetara hurbildu zen jendetzaren harrotasun-sentimendua ere.

Erreibindikatzeko moduko ondarea
"Urriaren 1ak hazia landatu zuen, egunen batean loratuko dena". Horrela laburbildu zuen instituzioetako arduradun batek erreferendumak utzitako ondarea. Eta, egia esan, subkontziente kolektiboan iltzatuta geratu da askatasuna lortzeko irrikaz dagoen herri baten existentzia, pare-parean duena hezurretaraino usteldutako erregimen bat, gehiengoarentzat inolako proiektu inklusiborik eskaintzen ez duena.

Aldi berean, herritarren bizkarrean bada beste errealitate gordinago bat: Espainiako Estatuak errezeta bakar gisa aplikatzen duen errepresioa. Errepresio horretan, sistema judizialean gotortua dagoen eskuin neofrankistak ariete lana egiten du "independentismoaren aurkako kausa orokorrean".

Baina, aldi berean, urriaren 1ak ahalbidetu zuen Erreferendumaren Defentsarako Batzordeetan (CDR) elkartu zen jende kopurua ikustea. Talde horiek, eskolen irekiera bermatzeaz gain, bozketa ahalik eta normaltasun handienarekin egiteko asmoz egin zuten lan. Egun horietan erakutsitako kemenaren lekukoa Errepublikaren Defentsarako Batzordeek hartu dute.

CDRen eskutik, urriaren 1eko ildoa bizirik mantentzen da, auzo eta herri askotan mugarri historiko hura aldarrikatzen jarraitzen duen gihar soziala agerian utziz. Gertakari hura, protagonistetako askorentzat, ezin da souvenir iraultzaile gisa geratu, ezta izendegian harri bihurturik ere.

Sektore horientzat, gizarteak bere buruari proposatutako erronkak lortzeko daukan gaitasuna gogorarazteko balio behar du. Horrela zioen 1980ko hamarkadako independentismo apurtzailearen ikur Antoni Massaguék bere idazkietako batean: "Per vèncer cal anar-hi, anar-hi I anar-hi" (garaitzeko joan egin behar da, joan eta joan). Hori lortzeko erabakitasuna baino ez da behar.

2018ko urriaren 1ean, erreferendumaren urteurrena, Bartzelonan. Victor Serri / La Directa

Hautetsontzien boterea, kalearen indarra
Urriaren 1eko hirugarren urteurrenak bat egiten du Procés-arekin lotutako hainbat epaiketarekin. Quim Torra presidentearen kargugabetzeaz gain, azken asteetan Tamara Carrasco ekintzailea, Jordi Pessarrodona zinegotzia eta erreferendumaren zenbaketa kudeatzeko sortu zen Hauteskunde Sindikatuko kideak izan dira auzitegietan.

Horrek guztiak agenda mediatikoa bereganatu du, baina ez du ezkutatu urriaren 1eko kapital politikoaren inguruko eztabaida, ezta hautetsontzien agindua betetzea ahalbidetu behar duen estrategiari buruzkoa ere. Emaitza horiek baliozkotzat jotzeko, alderdi gehienek eskatzen dute hurrengo hauteskundeetan independentismoak botoen % 50eko kopuru magikoa gainditzea, Errepublikaren aldeko gehiengo soziala dagoela berretsiko luke horrek.

Hala ere, antolakundeek eta CDRek uste dute independentziaren aldeko hemiziklo bat izatea ez dela nahikoa. Uste dute gihar parlamentario horrek ezinbesteko dituela etengabeko mobilizazioa eta herritarren eguneroko beharrak asetzeari begirako politikak.

Ikuspegi hori eduki eta gizartearen eta alderdien arteko elkarlana sustatu ezean, ziur dira ezinezkoa izango dela estatuak jarritako harresia gainditzea. 2017ko urriaren 1ean adierazitako nahia gauzatzeko eragile guztien artean estrategia partekatzeko beharraz, hala zioen, sendo eta irmo, CDRetako ordezkari batek: "Horrek kalea aktibatzea eta desobedientzia zibileko ekintza berriak eskatzen ditu. Horrela bakarrik eraman ahal izango dugu herri hau askatasunera".

  

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude