Ulermenaren giltza

Duela hamabi urte hizkuntza arduradun nintzen Gipuzkoako Kutxan. Eta hiztun espezie interesgarria aurkitu nuen bertan: 80ko hamarkadan euskara ikasteko ahalegin serioa egin, emaitza biribiltzerik lortu ez, eta zekiten euskara ezkutatzen zuten lankideak. Nolabait esateko, “Everestera ez bada, Igeldora zertarako?”. Denbora batez lan sistematikoa egin nuen haien ulermenaren balioaz jabetu zitezen, beraiek euskaraz egin gabe ere besteei euskaraz egitea ahalbidetzen zielako. Eta epe laburrean emaitza harrigarria gertatu zen: hainbat korapilo askatu zen, jarrera asko hurbildu, eta euskara gehiago erabiltzen hasi. Ulermenaren bertuteak.

"Denbora batez lan sistematikoa egin nuen haien ulermenaren balioaz jabetu zitezen, beraiek euskaraz egin gabe ere besteei euskaraz egitea ahalbidetzen zielako"

Duela bost urte hizkuntza arduradun nintzen Gipuzkoako Aldundian. Eta  ulermenaren gaineko informazioa biltzen hasi nintzen, giltza hori erabili nahian. Orduan egin nuen topo Aldahitz ikerketarekin eta Pello Jauregirekin. Hizkuntza ohiturak aldatzeko bideak ikertzen ari zen 2010az geroztik, eta Eusle metodologiarekin esperientzia sistematikoak ari zen burutzen hainbat lantegitako taldetan. Kontua zen euskarazko hiztun irmoentzat esparruak antolatzea, eta denbora jakin batez neurtzea haien jardun euskaldunak taldearen ohituretan zuen eragina. Esperimentuan, ‘eusle’ ziren horiekin batera, eginkizun esanguratsua zuten  ‘uzle’ zirenek, hau da, euskara ulertzeko gai ziren taldekideek. Bistan da gaur egungo ahobizi, belarriprest eta ariguneen aurrekariak direla.

Testuinguru horretan erronka bota nion Pellori: ulermenak erabileraren atea zabaltzen duenez, ikertu dezagun ea zenbat denbora behar den oinarrizko ulermenera iristeko, eta zein metodologia landu behar den denbora hori ahalik eta laburrena izan dadin. Erantzuna oraintsu iritsi da Soziolinguistika Klusterraren eskutik, eta libre dago hemen: www.soziolinguistika.eus/ulersaioak
Ikerketak bistaratzen du ulermena tresna oso ahaltsua dela euskararen biziberritze prozesuan jauziak eragiteko. Euskara ikasteko bidea ulermenetik hasita, 60 ordutan lortu daiteke oinarrizko ulermen maila bat; eta, ondorioz, euskarari belarriak itxi ordez belarriak zorrozteko jarrera hartzea. Tarteko helmuga lorgarri batekin hasita errazagoa da oztopoak gainditzea eta, aurrera egin ahala, helmuga urrunagoak –ezagutza– bilatzea.

Aurrerapauso handiak ekar ditzake, eta eskura daukagu. Gure hainbat eskema eta jarduera moldatu beharko genituzke ulermenaren giltza modu eraginkorrenean erabiltzeko.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2020ko irailaren 06a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


Eguneraketa berriak daude