"Nora joango gara hemendik irtetean? Ataripera, kutxazain automatiko hartara berriro ere?"

  • Etxerik gabeko pertsonentzako zentroak ireki zituzten Euskal Herriko hainbat herri eta hirik Espainiako Gobernuak konfinamendua eta alarma egoera ezarri zituenean. “Normaltasun berria” ezarri ahala zentroak ixten hasi dira arduradun politikoak. Kale gorrira jaurtitzen ari dira berriz ere hainbat herritar, edo horren beldur bizi dira uneotan. Ematen du haien osasuna ez, gainontzeko herritarrona babestea zela zentroak irekitzearen motibazio nagusia. Gasteizen ohiz kanpoko gertaera bat eman da: etxe gabeek hitza hartu dute haien egoera salatzeko eta beste behin kalera eta “ahanzturara” kondenatu ez ditzaten eskatzeko. Agintari politikoak ez ezik, jendarte osoa interpelatu dute.

Argazkia: Dos por Dos

Iruñeko Jesus eta María zentroa ekainaren 9an itxi zuen udalak, 77 pertsona artatu ostean. Ekaina hasieran ere itxi zuen Barakaldoko Udalak etxerik gabeko emakumeentzako aterpetxea, eta jarraian Lasesarrekoa. Atano III.  Pilotalekua eta La Sirena ekainaren 22an itxi zituen Donostiakoak, konfinamendu bitartean 172 pertsona hartu ostean. Baionan etxe gabeak hartzeko Lauga kiroldegian ezarritako zentroa itxi dute honezkero. Gasteizko Udalak Lakuako frontoian ireki zuen aterpetxea konfinamendua hastean, eta erabiltzaileei jakinarazi diete berriki ekainaren “10ean edo 12an” itxiko dutela. Zentro horietako egoiliarretako asko aurretik ere kale gorrian bizi zen, beste batzuk konfinamendu bitartean geratu dira bizitokirik gabe arrazoi ezberdinak medio. Batzuk errekurtso berrietara bideratzen ari dira, beste batzuek ez dute tokirik izango.

Gasteizko etxe gabeek 23 erabiltzailek sinatutako idatzia argitaratu zuten ekainaren 22an, zentroa ireki zenetik 102 egunetara –egoiliar kopurua 50en inguruan mugitu da konfinamenduan–. Lehenago ere asanbladaren bat egin dute erakundeek konfinamendu ostean kalean utzi ez ditzaten antolatzeko, edo salatu dute Yolanda beren kidearen heriotza. Presio mota ezberdinak jaso dituzte zenbait unetan haien jarrera aldarrikatzaileagatik. Gizarte zerbitzuetako arduradun politikoek errepikatu dute ez dutela inor “atzean” utziko, erabiltzaileek eta bazterkeriaren aurkako mugimenduek salatu dute ez dagoela proiektu zehatzik, are gutxiago sendorik.

Egunez egun, ekainaren amaierako eta uztaila hasierako egunetan irteera ezberdinak jakinarazten ari zaizkie zentroko gasteiztarrei, haien inongo parte hartzerik edo erabakimenik gabe. Gertatzen dena gertatzen dela, idatzian salatu dituzten egoerek eta egiten dituzten eskaeretako askok gaurkotasun berbera izango dute, eta Gasteizko errealitate zehatzaz harago hitz egiten dute. Horregatik, eta gutxitan hartzen dutelako hitza baztertuenek –akaso gutxitan uzten diegulako hartzeko espaziorik, besteak beste–, artikulu honen helburu nagusia haien hitzak jasotzea da (idatzia osorik Argiaren webgunean eskuragarri).

Umiliatuak
Zentroko bizi baldintzak eta hilabeteotan bizi izan dituztenak aletu dituzte etxegabeek beren idazkian. Lakuako frontoian “ukuiluratu” egin dituztela salatu dute, “ganadua neguan bezala”. 100 egunen ostean denak batera frontoi baten kantxan bizi dira, elkarrengandik metro eta erdira kokatuta dauden esku-oheetan lo egiten eta inongo intimitaterik gabe, elikadura eskasarekin. Hiru hilabete luze “beren gau madarikatuekin”, zaraten ondorioz “ezinezkoa” baita gau oso lotan ematea.
Hainbat unetan umiliatuak sentitu direla salatzen dute idatziaren sinatzaileek. Aire librean egoteko zuten espazio bakarra murriztu eta hesitu zieten, herritarren bat kexu agertu zelako “leihoetatik ikusten gintuztelako; ‘lepradun’ deitu digute”. Zentroan bertan hil zen Yolanda kidea ere hartu dute gogoan, “samina izugarria izan zen” (ARGIAk heriotza jakinarazi zuen, erabiltzaileek salatu zuten Yolandak ez zuela arreta mediku egokirik jaso zentroan eta arduradunek heriotzaz ezer ez esateko agindu zietela).

“Pandemia aurretik behar genuen gauza bera behar dugu”
Etxegabeek haien egoeren aniztasuna eta gordintasuna azpimarratu dituzte: “Nor gure aitarena eta amarena. Nazionalitate desberdinak, arazo psikiatrikoak, alkoholarekiko edota beste toxiko batzuekiko mendekotasunak, deserrotuak, langabetuak eta lan-sistematik baztertutako adinekoak...”. Droga menpekotasunak edo buruko gaixotasunak dituzten zenbait erabiltzaileren erasoak pairatu dituzte, bidegabetzat dituzten arauak eta baldintzak... “eta, hala ere, dena bideratzeko gai izan gara”.

Aukera bat irabazi dutela diote Lakuako zentroko erabiltzaileek, eta irtenbidea ez dela konplikatua: “Pandemiaren aurretik behar genuena baino ez dugu behar: ondo artatuak izatea gure gizarte-zerbitzuetan; bizitoki bat nagusiki, eta behar dugunontzako laguntza edo jarraipen bat; gure ohitura txarren aurkako tratamenduak – bizitoki horren truke –; lan-aukerak; etengabe pilulen eraginpean izango ez gaituen psikiatria...”.

Ez itzuli “kalera, mespretxura eta ahanzturara”
Lakuako zentroko egoiliarrek gogor kritikatu dituzte Gasteizko gizarte zerbitzuetako arduradun politikoak. Etxegabe guztiak espazio berean hilabetez elkarrekin izanik, pertsona bakoitzaren jarraipen indibiduala egiteko aukera paregabea galdu dela iritzi diote. “Hainbat promesaren ondoren (‘pertsona guztiak birkokatuko ditugu’, ‘gizarteratzeko plan espezifikoak egongo dira’), egiazki, eta Gasteizko Udaleko gizarte-zerbitzuetako arduradun gorenen gezurrak gorabehera, pandemiaren aurreko dinamika berarekin jarraitzen dute: ez gaituzte entzuten, ez dira hona hurbiltzen, eta egiten duten aldi gutxietan (hiru aldiz, ordu bat aldiro), luzamendutan ibiltzeko da”.

Konfinamendua amaituta, etorkizunak “izugarri larritzen” dituela adierazi dute: “Nora joango gara hemendik irtetean? Aterpera, Etxe Irekira, ataripera, kutxazain automatiko hartara berriro ere?”. Kontrara, koronabirusaren krisia haien “eguneroko” krisiari irtenbideak emateko aprobetxatzeko deia egin dute, “zerbait positiboa ateratzea guretzat eta hiriarentzat”.

“Kalera, miseria ekonomikora, mespretxura eta ahanzturara ez itzultzea” eskatu diete gasteiztarrei eta arduradun politikoei: “Zinez uste dugu hori irabazi dugula hiru hilabeteren ondoren, ehun egun baino gehiagoren ondoren. Ez gaitzatela berriz ere botata utzi”.


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude