Parisko Dauphine unibertsitatean irakaslea da. Lanaren soziologian berezitua izanki, koronabirusaren izurriteak esfera horretan eragindakoa azaldu dio ARGIAri. Hala ere, lanaren esparrutik desbideratu eta ikuspegi integralarekin begiratu diogu gaur egungoari. "Bigarren Mundu Gerraren ondorengoa prestatu zen bezala prestatu behar dugu koronabirusaren ondorengoa. Nire irudiko, Erresistentzia Kontseilu Nazionalaren programa da jarraitu beharreko adibidea", dio.
Egoera ezohikoa eta arraroa dugu: 3.000 milioi pertsonen konfinamendua eragin du birus batek. Koronabirusaren biharamunean, zer aldaketa ekar diezaioke gure bizitzeko moduari?
Konfinamendu garai honetan prestatzen ari dena erabakigarria da. Edo biharamuna izango da business as usual, zoro gisa kontsumituko dugu konpentsatzeko eta ahazteko, eta gobernuek horri sustatuko dute; edo aldatu egingo gara, proiektu berri bat prestatua ukanen dugulako eta gai izango garelako gure portaera eta praktika berriak printzipio horiekin errimatzeko.
Bigarren bidea helburu, nola heldu gaitezke biharamun ezberdinera?
Une honetan informazio argia eta etorkizunerako proiektu serioak sortzeko lekuak beharrezkoak ditugu, krisialditik aterako garenean nahiko argi ukan dezagun elkarrekin egin beharrekoa. Hori erraterakoan Erresistentzia Kontseilu Nazionalaren (EKN) programan pentsatzen dut –1944an osatu zuten, eta berehalako gaiez gain, gerra biharamunerako erreforma sozial eta ekonomikoak biltzen zituen–. Gisa horretako programa bat behar dugu, printzipio berriak eta hurrengo urteetarako plana zehazteko. Gure jendartearen antolaketa berria zehaztuko luke, ekologiaren gaia lehentasunetan kokatuz.
Nola osatu behar litzateke EKN gisako egitura hori?
EKNren baitan sindikatuetako eta alderdi zein tendentzia politiko ezberdinetako ordezkariak genituen. Uste dut orain ere, erradikalki ezberdinak izanen diren politikak erabakitzeko koalizio oso zabal bat behar dugula, alderdiez, sindikatu guztiez baita Gobernuz Kanpoko Erakundeez –behartsuenekin harremanetan direnak baita trantsizio ekologikoaren arloan dihardutenak ere– osatua. Hartu neurriak erreferendum bidez berretsiak izan behar liratezke. Noski, aldaketa politikoak nazioarte eta Europa mailan erabakiak izatea litzateke ideala. Baina, maleruski, ikusten dugunean zer nola ari den Europa –zer pena!–, une honetan uste dut maila nazionala dela egingarriena.
Hau izurrite bat baino gehiago da: sistemak funtzionatzen ez duenaren froga.
Jakina! Gure sistemaren ahultasun guztiak agerian dira, begi-bistakoa da mugak gainditu ditugula. Krisi ekologikoaz hitz egiterakoan zientzia-artikulu askok seinalatzen zigutena argi gelditzen ari zaigu. Kontrola guztiz galdu dugu: kapitalen zirkulazioa liberalizatu dugu eta ez dugu gehiago meneratzen. Horixe ederki azaltzen digu Rawi Abdelal ekonomialariak.
Gure jendarte indibidualistari ohartarazpen interesgarria dakar guztiak: norbanakoa eta kolektiboa ez doazela bereiz.
Bai, baina norberekeria elkartasunarekin nahastearen arriskua ere bada. "Eragingarri eta baliogarri izateko ez dut mugitu behar" irakurketa ez da bikaina. Norberak baliagarri izan behar luke beti jendarteari zerbait eskainiz, bakoitzak bere gaitasunen arabera eraikiz jendarteak behar duen hori: maskarak, gogoetak, irakurketa aholkuak, kantuak…
Nahiz eta premia sozial eta sanitarioan egon, agintarien begietan ekonomiak segitzen du lehentasun izaten. Premiazkoak ez diren enpresak ez dituzte hertsi nahi.
Kriminala iruditzen zait. Gobernuaren aginduak kontraesankorrak dira, ez da serioa: Alde batetik, joan-etorriak debekatuak dira, eta erraten da hiru pertsona baino gehiagoko elkarretaratzeak debekatuta daudela, baina beste aldetik, bizirauteko funtsezkoak ez diren sektore batzuetakoei erraten zaie lanera joateko babes-neurririk ez dagoenean. Eskandalagarria da. Joan den astean Frantziako ekonomia ministroak zifra sinesgaitz baten berri eman zuen: langileen %40a tele-lanaren bidez ari dela, %45a lantokian eta %15a langabezia partzialean dagoela. Herriak behar dituen lanpostuen zerrenda fin eta zehatza egin eta langile horiei ekipamenduak bideratu behar dizkiegu. Mobilizazio orokorra eskatzen duen gerrako ekonomia behar dugu, enpresen errekisizioak behar dira, beharrezkoak diren produktuak bakarrik ekoizteko: maskarak, eskularruak, testak, elikagaiak, energia, telekomunikazioa…
Ondoko herrian gertatutakoari begiratzeko ezintasuna dute agintariek. Italian gertatzen ari dena bizi dute orain Espainian, bihar Frantziak biziko duena.
Okerrena da molde txarrean egiten dituztela nazioarteko konparazioak: ikusteko besteek nola lortu duten ospitaleetako ohe kopurua jaistea, zergak jaistea, kaleratzeak erraztea, funtzionario kopurua murriztea, eta abar. Besteak baino bihurriago direla uste dute beti: ziur nago batzuek pentsatu dutela –erran ere egin dute– ezin dugula geure burua konparatu pertsonako Barne Produktu Gordina gurea baino apalagoa duten herrialdeekin. Baina bai, Italiak erakusten zigun bidea: erabateko konfinamendua behar dela, ahalik eta jende gehien babesten duen ekonomiara pasa behar dela. Bestalde, non dago Europa? Europari legokioke gomendioen, ahaleginen eta praktiken koordinatzea. Guztiz harrigarria da Nazioarteko Diru Funtsa edota Europako Batzordea behin eta berriz aritzea gomendioak egiten –zigor mehatxuekin batera– gure zorrak, lan-kodeak zein babes sozialak murrizteko; eta orain, gure osasun publikoko jardunbide egokiak homogeneizatzeko gomendioak nahi ditugunean, ez dago inor!
Lanak gure bizitzetan daukan balioaz gogoetatzera eramanen gaitu bizi dugun garai honek?
Uste dut pertsona asko konturatuko dela lanaren funtzioez, nolatan egituratzen dituen gure bizitzak, lan egiteak arau soziala izaten jarraitzen duela, harremanak ahalbidetzen dituela. Baina, beste batzuentzat lanaren esperientzia oso mingarria izango da –babes-neurririk gabe lan egitera behartuak direnentzat eta gobernuaren manu paradoxikoaren eta erretiratzeko eskubidea erabiltzeko beldurraren artean urratuak dauden guztientzat–. Azkenik, ez da ezinezkoa langile askok distantzia hartzea eta bat-batean galdekatzea haien lanaren balioa. Gure bizitzan lanak daukan lekuaren berrikustea baino gehiago, uste dut krisi honek lanbideen birbalorizazioa eta birkontsiderazioa ekar dezakeela: lanbide erabilgarriak ala lanbide toxikoak. Gaur egun, eta sarritan krisi ekologikoaren iragarpenarekin, gazteak jada auzi horretan dabiltza. Nire ustez, egungo egoerak areagotu egingo ditu galdera horiek.
Ondokoa erran izan duzu: "Bere lanaren zentzuaz baita eredu ekonomikoaz ere galdetzera eramango lituzkeen kontzientzia hartze herritarrak parean ukan dezake gaur egungo sistema. Aldaketa erradikalerako aukerak mugatzen dituzte oraingoz joko arauek".
Nahiz eta gu modu pertsonalean aldatu, sistema aldatzen ez bada ez du ezertarako balioko –% 3aren araua, zorraren beldurra, kapitalismoa, ezberdintasunak, soldata-hierarkia eroa, BPGaren fetitxismoa, ekonomia neoklasikoaren inperialismoa, liberalismoaren oinarrian den sinesmena, produktibismoa eta kontsumismoa…–. Gure gramatika, gure printzipioak, gure zenbaki adierazleak, hots, gure konbentzio guztiak aldatu behar dira. Adibidez, badu 20 urte idazten dudala –beti gauza bera– BPGaren fetitxismoa bukatu eta beste adierazle fisiko eta sozial batzuk hartu behar ditugula, alarmak pizteko balioko luketenak.
Horrek herritarren matxinada ekar lezake? Edo, azkenean, koronabirusaren bataila irabazten dugunean, jendea berdin ala gehiago kontsumitzen hasiko da?
Seguru asko, haserrearen eta sentipenen adierazpena izanen dugu, eta hori zapuztu nahiko duten polizia-indarren hedapena ere izango dugu. Horretarako herritarren formakuntza beharrezkoa dugu, krisialditik irteteko proiektu herritarra adierazten lagundu behar dugu, Bigarren Mundu Gerraren ondorengoa prestatu zen bezala prestatu behar dugu koronabirusaren ondorengoa. 2007an Denis Kessler MEDEF patronalaren sindikatuko presidente-ordearen hitz hauek gogorarazten ditut: "Frantziako modelo soziala EKNren emaitza da. Gaulisten eta komunisten arteko konpromisoa. Erreformatzeko garaia da, eta gobernua horretan dabil. Gobernuak egindako aldaketen ondoz ondoko iragarpenek patchwork itxura eman dezakete. Askotarikoak, garrantzi desberdinekoak eta helburu askotarikoak diruditen arren (funtzio publikoaren estatutua, erretiroko araubide bereziak, Gizarte Segurantzaren bateratzea, paritarismoa…), gertutik begiratuta, argi dago unitate sakona dagoela. Erreforma-zerrenda? Sinplea da, har ezazu 1944 eta 1952 artean ezarri zen guztia, salbuespenik gabe. Hori da kontua: 1945etik ateratzea da gaur egun behar duguna, EKNren programa metodikoki desegitea".
Uste duzu buruzagi politikoek beren akatsak onartzeko zuhurtzia ukango dutela eta norabidea aldatzen jakingo dutela?
Frantziako Errepublikako presidenteak martxoaren 13an egin hitzaldian aukera hori zabaldu zuela zirudien. Baina ez zuen inolako mea culpa-rik egin. Nola liteke inork ez hartu izana kontuan duela urtebetetik ospitaleetako langileek plazaraturiko sorospen-deiak? Nolaz Errepublikaren presidentea eta lehen ministroa ez dira inoiz haiekin bildu? Nola liteke?! Bozkatu berri den zuzenketa-finantzei buruzko legean nolaz ez da artatzaileen ordainsariaren berehalako emendiorik? Ez dut uste gure agintariek halako aldaketarik bideratzeko gaitasuna dutenik.
Konfinamenduaren biharamunaz gogoetatzerakoan, batek baino gehiagok azpimarratzen du teknologiaren bidezko kontrol eta jarraipen soziala, kutsatutakoak segitzeko eta beraz birusaren hedapena mugatzeko helburuz.
Tentazio eta joera horren aurka borrokatu beharko gara indar handiz. Estatuak egiten duena kontrolatzen ariko diren kontra-botereak beharko ditugu absolutuki. Kontra-botere horiek independenteak izan beharko dira, magistratu, abokatu eta GKEz osatutakoak.
Maiz hartzen duzu hitza klima larrialdiaz eta paradigma aldatzeko beharraz ohartarazteko. Zer lotura dago koronabirusaren egoera katastrofiko horren eta klima aldaketaren egoera katastrofikoaren artean?
Krisi hau, klima-aldaketarekin lotuta egon ala ez, neurrigabeko globalizazioaren eta muga guztiak bortxatzearen logikaren krisia da. Abisu bat da. Krisiei aurre egiteko dugun prestaketa-eza argi utzi digu. Baina, krisi are larriagoei aurre egin beharko diegu gerora. Karbono dioxido emisio berekin ala handiagoekin jarraitzen badugu egoera are okerragoa izango dugu. Zikloiak, itsas mailaren igoerak, lehorteak, elikagai-eskasiak, errefuxiatu klimatikoak, birus berri are okerragoak –ezin dugu imajinatu ere–. Ez gaude batere prestatuak! Gaur egun, gure zoritxarrean zortea dugu, epidemia honek gure hauskortasunez eta ahultasunez ohartarazteko balio digulako, gure ereduaren erabateko iraunkortasun-ezaz ohartarazteko balio digulako. Hau da erabateko hondamendiaren aurreko azken alerta. Horrek aldaketarako aukera ematen digu, gure jendartea birmoldaketa ekologikorantz bideratzeko aukera ematen digu. Hori luze eta zabal azaldu dut La Mystique de la croissance (Hazkundearen Mistika) liburuan.
HIL FABOREZ FEST
Lekua: Ibaola Harriak, Eskuernaga.
Taldeak: Lukiek, Las Sexpeares, Seggs Tape, GAL, Chuleria Joder!, Aposapo, Bayou la Batre, Borla, Türbot, Malakias MX3
Data: 2025eko ekainaren 14a.
--------------------------------------------------------
EAEko 1,3 milioi biztanlek Europar Batasunak 2030erako ezarri berri dituen mugak gainditzen dituen aire kutsatua arnastu zuten 2024an, Ekologistak Martxanek eginiko ikerketaren arabera.
ESK eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez, lorezainek greba egiteko duten zilegitasuna aldarrikatu nahi izan dute ekintza ikusgarri honen bitartez. PSE eta EAJren gobernu-taldea seinalatu dute erantzule nagusi gisa, "Green Capital markaren atzean hiriaren ikurra zaintzen... [+]
Gaza izan zen iragarpena, Ukraina tanteoa, Iran eskalada, baina Errusia eta Txina dira traka eta azken helburua. Europar Batasunak "Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidea" baieztatzen jarraitzen du, eta bere lehen potentziaren buruak aitortzen du "Israel lan... [+]
Frantziako gobernamentüak ekonomiak egin nahian, leküko kolektibitateer eta eskülder sos pübliko gütigo banatü dü. Horrek ondorioak badütü, ekonomia handiena kültüran egin beita. Intermitenteek nekeziak ezagütze... [+]
Ia oharkabean pasa da joan zen asteazkenean (2025eko ekainak 18) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen iragarkia.
Izenburua: Azpeitiko 5. poligonoko 58. lurzatian aldi baterako estazio meteorologiko bat
interes publikokotzat deklaratzeko eskaera (GHI-049/25-J01). Hemen... [+]
Euskara eskakizunak zehazteko derrigortasun indizea ezabatzea eta erabakia erakunde bakoitzaren esku uztea proposatu zuen iragan astean EAJk. LABek salatu du derrigortasun indizea kenduz gero, epaileen "borondate euskarafoboak" ezarriko lukeela hizkuntza eskakizunaren... [+]
Lanpostuak, emakumeak artatzeko egonaldi ertaineko harrera zerbitzua eta aurrekontua murriztu ditu Aldundiak.
Xabier Lertxundi alkateak adierazi du istiluak leku eta ordu ezberdinetan gertatu direla, eta haien artean ea loturarik dagoen ikertzen ari dira. Udaltzaingoak laguntza eskatu dio Ertzaintzari 03:30 aldera, eta haiek oldartzean hainbat lagun zauritu dituzte. Segurtasun Sailak... [+]
Ekainaren 13an, ezohiko ekitaldi baten lekuko izan zen Pekineko Herriaren Areto Handia: Txinako Alderdi Komunistaren aginte goren osoak (baimenduta leudekeen absentziak salbu; nola jakin horietakoa ote zen He Weidong jeneralarena? Izan ere, ez zen ageri mahai nagusian,... [+]
Ez dute itxiko, baina orain arte eskaini duten programazioari ezin izango diote eutsi. "Bira txikiago bat" izango dela zabaldu dute sare sozialetan.
Legez, 16 urte bete arte ezingo dituzte sare sozialak erabili Australian, urte bukaera honetatik aurrera. Baina nola gauzatzen da hori praktikan? Gobernuaren azterketa batek ondorioztatu du teknikoki bideragarria dela, eta aurrekaria jarri du bide bera hartu nahi duten... [+]
El Salto hedabideak argitaratu zuen Espainiako dozenaka musika jaialdiren Superstruct sustatzailea Israelen aldeko funts batek erosi zuela. Geroztik, musika talde eta bakarlari ugari batu dira KKR-ren aurkako boikot kanpainan, eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren... [+]
Mark Rutte NATOko Idazkari Orokorrak ukatu egin du “baztertze klausula” onartu zaionik Espainiako Estatuari. Kalkuluen arabera, BPGren %3,5a gastu militarretara bideratu beharko du gobernuak, NATOk eskatzen dituen kompromisoak betetzeko.
Iranek AEBen Qatarreko base militarrari eraso egin ostean eman du ustezko akordioaren berri Etxe Zuriko maizterrak, Truth Social sare sozialean. Ostean, Israelgo Gobernuak adierazi du Trumpen proposamena onartu duela, eta berdina egin du Irango Segurtasun Nazionaleko... [+]