ETB

Zorioneko salbuespena ETBn

  • Gutxi dira EiTB Kultura baino bizi luzeagoa duten telebista saioak, baina nekez agertuko da inoiz programa entzutetsuenen zerrendatan. Jarraitzen dutenek ordea, estimu handitan dute. Rara avis bat da urgentziak eta audientziek baldintzatutako telebistan. Lau pieza labur egiten dituzte astero, Euskal Herriko artisten lanaren berri emanez; patxadaz eta mimoz, esperimentatzeko beldurrik gabe. Pieza horiek egiten dituen jendea (eta ahalbidetzen dituen giroa) ezagutzeko jo dugu EiTBk Bilbon duen egoitzara.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Jarri zara inoiz pintxo-potetik bueltan ETB1i begira? Topatu duzu telebistan artista baten –aktorea, musikaria, artista plastikoa, idazlea…– berri ematen duen erreportaje zaindu baina labur bat? Aurkezlerik gabea eta off-ahots limurtzaile batek gidatzen duena? Film dokumental baten tankera duena? Erantzuna baiezkoa bada, halako zerbaitekin topo egin baduzu, zuk ere ikusi duzu EiTB Kultura saioa inoiz. Akaso saioa zenik ez bazenekien ere.

Saioa bada izan, baina ez du beti forma bera hartzen. Atal bakoitzak ordu erdiko iraupena du, eta ostegun gauerditan emititzen da osorik ETB1en –ETB2n ere eskaintzen dute, azpi-tituluekin eta ordubete geroago–. Ez da ordea, saioa telebistan ikus daitekeen egun bakarra. Atal bakoitza lau azpi-atalek osatzen dute, eta banatuta ere emititzen dira. Aktualitatearekin lotura duen erreportajea da bat; kulturgile baten gomendioak biltzen dituen Zakura bigarrena; eta Sortzaileak izenpean, artista bati egiten dioten erretratu modukoa ere badago. Azkenik, aldiro desberdina den laugarren zati bat ere egiten dute, malguagoa denez, aldiro zerbait desberdina egiteko aukera ematen diena.

Gustuko lanean…

Aldian aldiko artista da pieza bakoitzaren protagonista. Joseba Sacristanen ahotsaz gain, ez dago aurkezle gisa identifika daitekeen inor. Nor dago, hortaz, EiTB Kulturaren beste aldean? Nork idatzi, zuzendu eta grabatzen ditu eduki horiek? Bada, Bilboko EiTBren egoitzan gotortzen den hamabi laguneko lan-taldeak.

Xabier Larrazabal da zuzendaria. Aurten hartu du ardura hori, Rosa Zufiari erreleboa emanez. Lan-taldea aldiz, bertsua izan da azken lau urteetan, eta elkar ondo ezagutze hori oso lagungarri zaiela dio Larrazabalek. Hiru erredaktore –Ane Lusarreta, Ana Abarisketa eta Laida Zabala– dira edukiaren arduradun nagusiak. Prozesu osoan daude haiek: lehen ideien bileratik hasi eta saioa sarean zabaltzen den arte. Astero saioaren ataletako bana egokitzen zaie –txandakatu egiten dituzte ez errepikakorra izateko– eta haiek joaten dira grabaketara, bi kameralarik lagunduta. Gauza bera egiten dute montajeaz arduratzen diren Hannot Mintegia eta Mikel Yarzak ere: astero bina atalez arduratzen dira, txandaka: “Saio osoaren perspektiba ematen digu horrek, eta lana interesgarriagoa egiten du”.

Hannot Mintegia: "Badira artista asko telebistarekin ezer jakin nahi izaten ez dutenak, baina gugan konfiantza dutenez zerbait egitera ausartzen direnak"

Lan-taldearen ezaugarriez galdetuta, bat azpimarratuko luke Larrazabalek: “Denak gara oso kulturzaleak, gustatzen zaigun gaiez aritzen gara, gozatuz, eta emaitzan igarri egiten da hori”. Aniztasuna ere aipatu dute Hannot Mintegia eta Ane Lusarretarekin batera osatu dugun hiruko mahai-bueltan: “Musikariak ditugu gure artean, argazkilari bat, irratitik datorren bat, prentsa idatzitik datorren beste bat…”. Aipatatutakoez gain, Bilbon aritzen den lan-taldea Maite Romero ekoizpen laguntzaileak eta Jose Mari San Sebastian soinu arduradunak osatzen dute.

Berde Produkzioak: eskuak eta begia

Lehen begi-kolpean saioa bereizgarri egiten duena telebistan ez-ohikoa den estetika zaindua da; ez konposizioa edo koloreen hautaketagatik bakarrik, ezpada atal gehienetan somatzen delako irudien bidez kontatzeko ahalegina. Ikusten denak geruza bat gehitzen dio entzuten denari. Saioa ekoizten duen Berde Produkzioak-en eskua da hori. Haienak dira grabaketetan kamerak heltzen dituzten lau eskuak, eta haiena da, baita ere, esanahia izango duten irudi horien bila ari den begia.

   

Argazkia: Dani Blanco.

EiTB Kulturan bezainbat, Berderen gainontzeko lanetan ere –Jai Alai Blues, Amerikanuak…– antzematen da joera hori. Hala uste du, bederen, Zigor Etxeberria ekoiztetxeko kideak: “Guk badugu estilo propio bat gure lan guztietara eramaten duguna, eta oso ondo egokitzen zaio hori EiTB Kultura saioari”. Estilo horren sekretua ez dago hautatutako kameraren objektiboan edo edizio post-produkzio lanean soilik. Grabaketa antolatzeko modua ei da garrantzitsuena: “Gure kameralariak errealizadoreak ere badira, eta denbora asko eskaintzen diogu bilaketa horri. Gero eta telebista saio gehiago ari dira hori egiten, baina salbuespena gara oraindik”. Etxeberriarekin batera, Gorka Bilbao, Jose Luis Barredo eta Markel Suarez aritzen dira kameralari.

Denbora, luxuzko lehengai hori

Ez da Etxeberria lanari eskaintzen dioten denbora oso garrantzitsua dela dioen bakarra. Gauza bera dakar gogora Ane Lusarreta erredaktoreak. Hiru ordu izaten dituzte, gutxienez, zazpi minutuko pieza izango dena egiteko. Elkarrizketatuak harritu egiten direla dio: “Artista hobeto zaindu eta beste modu batera harremantzeko aukera ematen digu lasaitasun horrek. Eta bide batez, guk ere gusturago egiten dugu lan”. Edukiaren hautaketa ere ez dute gehiegizko presaz egiten: normalean egun bat baino gehiago izan ohi dute horretarako. Argigarriak dira Larrazabalen hitzak: “Gurea ez da ohiko telebistaren erritmoa. Alde daukagu, zentzu horretan, prime-time-ko saio bat ez izatea”.

Gauzak egiteko modu horrek ate berri bat irekitzen dio lan-taldeari: esperimentatzeko aukera. Duten denbora ideia eta formatu berriak esploratzeko baliatzen dute: ildo narratibo klasikoa jarraitzen ez duten erreportajeak, pertsona eta pertsonaia nahasten dituzten elkarrizketak… Saioak berak horretarako aukera eskaintzen duela dio Larrazabalek: “Lau atal ditugu, baina ez dute forma zurrunik. Ezingo genuke dena plantilla berarekin egin; gai eta diziplina bakoitzak ariketa desberdin bat egitea eskatzen digu”. Jarrera kontua ere bada, Mintegiaren arabera: “Erredaktoreei zein kameralariei bururatzen zaien edozer probatzeko esaten diegu. Batzuetan hobeto ateratzen da, eta besteetan okerrago, baina gauza bereziak ateratzen direnean horri esker izaten da”. Bat dator Lusarreta ere: ez du gogoan sekula ideia bat atzera bota dutenik.

Audientziaren katetik salbu

Telebistan, patxadaz lan egitea bezain ez-ohikoa da ikusle-datuen presiorik gabe aritu ahal izatea. EiTB Kulturako kideek ordea, halaxe jarduten dute: “Guk ez ditugu gure zenbakiak begiratzen, eta zorionez, beste inork ere ez die begiratzen gure saioaren datuei”, esan du Lusarretak. Zerbitzu publikotzat dute egiten duten lana, eta zerbitzu hori ahal bezain ondo ematea ei da haien presio bakarra.

Audiometroen datuak ahaztuta, beste batzuk dira haien lana ondo egiten ari diren edo ez neurtzeko baliagarri zaizkien termometroak. Garrantzitsuena, elkarrizketatzen dituzten artisten erantzuna da, Lusarretaren arabera: “Gure kuadrilako askok ez dute saioaren berri, baina kultur sorkuntzan ari direnek bai. Parte hartzeko deitzen diegunean, saioa ezagutzen dutela esaten digute, eta prest daudela parte hartzeko”. Harago doa Mintegia: “Badira artista asko ez dutenak telebistarekin ezer jakin nahi izaten, baina gugan konfiantza dutenez, ausartzen direnak zerbait egitera”. Zenbait kasutan, elkarrizketatuak eurak dira beste artista batzuk ezagutzeko bidea zabaltzen dietenak: “Seinale ona da hori ere. Horrek esan nahi du laguntzeko prest daudela, eta batez ere, saioan agertzea opa diotela beste horri.

Ane Lusarreta: "Nahi genuke Euskal Telebistan gauza asko desberdinak izatea, baina guk horretarako egin dezakegun gauzarik eraginkorrena gure lana ondo egiten saiatzea da"

Katearekin duten harremanaz galdetuta, Inguma Martinezen izena aipatu du Mintegiak. Bera da EiTB eta saioaren artean zubi-lana egiten duena: “Askatasun handia ematen digute, bai gaien hautaketan bai egiteko moduan. Konfiantza du gugan, eta eskertzekoa da hori”. Urtez urte berritzen dute saioa egiteko konpromisoa; gaur gaurkoz, ekainera arte jarraituko dutela besterik ez dakite: “Noizbait bukatuko da, baina irauten duen artean guk eginaz gozatzen jarraituko dugu”.

Telebista, baina ez telebistan soilik

Saioari herrenen bat aurkitu nahi izanez gero, zabalpenari begiratu behar zaio.  Ez da harritzekoa, batek baino gehiagok saioa zer den bereizteko arazoak izatea: izena bera oso orokorra da, eta atalka ere emititzen denez, zaila da saio oso bat denik ongi ulertzea. Ez ditu horrek lan-taldeko kideak sobera kezkatzen: “Nork ikusten du ohituraz telebista gaur egun? Ikusteko interesa duenak, badaki atal guztiak sarean jartzen ditugula”, dio Lusarretak. Haien lana borondate horrekin egiten dute; saio osoan pentsatuta baino gehiago, atal bakoitza pieza berezi bat bailitzan.

Telebistako erakusleihoa baliatzeaz gain, edukiak sarean ere zabaltzen dituzte; baina EiTBren baliabideak erabilita soilik. Ez dute, hortaz, YouTube edo bestelako plataformak erabiltzeko aukerarik. EiTBren edukien ohiko herrena da hori. Hedapen pozgarriena, Larrazabalek dioenez, artistek eurek haien pieza hauspotzen dutenean lortzen dutena izaten da. “Hori da onena, konprobatzea sortutako materiala baliagarria zaiola protagonista den artistari”.

Uharte bat, gehiagoren zain

EiTBko saio gehientsuenen logikatik oso urrun dago EiTB Kultura; ez da audientzien menpe bizi, euskal sorkuntzen berri ematen du, eta  badu esperimentatzeko joera. Bestelakoa izan zitekeen telebista publiko bat irudikatzeko aitzakia dira. Hortaz jakitun dira lan-taldean ere: askotan esaten diete uharte moduko bat direla, isolatuta daudela, presaz eta urgentziaz egiten den telebista den itsaso horretan. Hala borobildu du Lusarretak mahai-bueltako berriketaldia: “Noski nahi genukeela Euskal Telebistan gauza asko desberdinak izatea, eta saio gehiagok izatea guk dugun askatasun hori. Baina guk horretarako egin dezakegun gauzarik eraginkorrena gure lana ondo egiten saiatzea da”. Ez da gutxi.


ASTEKARIA
2020ko martxoaren 01a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: ETB
ETBk 40 urte
Ardatz bertikala, erabakien adierazle

40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]


2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


2023-10-22 | Lander Arretxea
Unai Iparragirre, ETBko zuzendaria
"Euskara ulertzen ez dutenak ere ETBren unibertsoan nahi ditut"

2021az geroztik, ETBko zuzendaria da Unai Iparragirre. Telebista kateetako edukien ardura da berea, baina baita plazaratu berri duten Primeran plataformarena ere. Jaiotza horren aitzakian hartu gaitu Bilboko egoitzan duen bulegoan.


Eguneraketa berriak daude