Kooperatiba, lurraren eta hizkuntzaren alde borrokan

  • Tosepan Titataniske Kooperatiba Elkartea orain dela 42 urte sortu zuten. Maseual herri indigenako kideek abiatu zuten. Mexikoko Puebla estatuko ipar-ekialdeko Cuetzalan udalerrian ari dira garatzen erresistentzia egitasmoa. Ez da kasualitatea izango, Tosepan dagoen lurretan bizi direnen %80k jatorrizko hizkuntza erabiltzen jarraitzen du. Nahuatl izena du haien hizkuntzak. Elkartearen helburu nagusia lurra defendatzea da. Argi ibili beharra dute, lurrak eta hizkuntza, biak, gal ez ditzaten.

Unescoren arabera, Mexikon jatorrizko 143 hizkuntza hitz egiten dira, guztien artean ia hamaika milioi hiztun. Hizkuntza horien artean nahuatl da gehien hitz egiten dena, milioi eta erdi hiztun. Mexiko osoa hartuta, nahuatl hiztunak %5 dira.

Garabide elkartearen eskutik, Tosepan Kooperatiba Elkarteko bi kide izan dira urrian Euskal Herrian. Hizkuntzaren normalizazioan hemen eman diren pausoak eta horretan ari diren eragileak ezagutzera etorri dira. Kooperatibako Álvaro Aguilar eta Amelia Domínguezekin egon gara, Tosepan Kooperatiban hizkuntza normalizazioan ematen ari diren pausoak ezagutzeko.

 Nahuatl hizkuntza arriskuan ez dagoela sinetsi genezake eman diguten lehen datua entzunda: Cuetzalango herritarren %75-80k erabiltzen du egunerokoan hizkuntza. Ez da zifra makala. Letra txikia irakurtzen hasiz gero ordea, argi antzeman daiteke hizkuntzaren iraupena ez dagoela inondik ere bermatuta. Batez ere familian eta komunitatean hitz egiten dute jatorrizko hizkuntza. Gurasoek, neurri handi batean, seme-alabei transmititzen diete. Etxe girotik aterata ordea, gauzak aldatzen dira. Haurrak ez dira ari nahuatlez ikasten ikastetxeetan. Espainiera ikasiko ez duten beldur dira, eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzan arazorik ez izateko Haur Hezkuntzan espainieraz irakasten hastea da ohikoa. Komunitatetik kanpoko harremanetan, gobernu erakundeekin, herri handiagoetara jotzen dutenean... etxeko hizkuntza utzi eta espainieraz aritzen dira. Alegia, ez dute nahuatl erabiltzen bizitzako eremu guztietan, eta beste datu oso garrantzitsua: ez dute idazten eta irakurtzen haien hizkuntzan. Beraz, hizkuntza gutxiagotua izaten jarraitzen du.

Tosepanen nahuatl hizkuntza ofiziala da

Tosepan hainbat zapalkuntzari aurre egiteko sortu zen duela 42 urte. Komunitate hartako nekazari eta indigenei elikagaiak oso garesti saltzen zizkieten, uztak oso merke erosten zizkieten, eta dirua maileguan ematen zieten interes tasa oso altuetan. Praktika zehatzak, herri indigena gutxiesteko giroan. Nahuatl hitz egiten ez zutenen aurrean ere (mestizoak deitzen diete), eusteko beharra zuten. Hasieratik pentsatu zuten komenigarria zela hizkuntza indartzea, nortasuna eraikitzen garrantzi handia izango zuelako. Kooperatiba elkarteko ia bilera guztiak nahuatlez egiten dira, alegia, elkarteko gaiak hizkuntza horretan lantzen dituzte. 29 herritan sortu diren 430 kooperatibentzat zerbitzuak eskaintzeko bederatzi kooperatiba-ardatz dituzte, eta haien izenak nahuatlez daude. Duela gutxi erabaki dute Tosepanen eraikinetan hizkuntza ofiziala nahuatl izango dela.

Hizkuntza berrindartu bai, baina ez da komunitatearen ardatz bakarra, inondik ere. Horren parean ari dira janari eta sendagai tradizionalak berreskuratzen, landareez duten jakituria gordetzen, dantza erlijiosoak berreskuratzen... baita erle europarrak ia suntsitu duen bertako erleari bidea irekitzen ere.

 
Galtzen ari den bizitza hitzetan gordetzen

Nahuatlez hizketan ari dira, ez ordea idazten eta irakurtzen. Ahozko ondarea galtzeko beldurra dute eta corpusa lantzen ari dira buru-belarri azken dozena bat urteetan. Bitxia da. Tosepaneko kideak hizkuntzalaritzan pausoak emateko aliantzak bilatzen aritzen dira eta oraingoz harreman estuena bi aditu atzerritarrekin egin dute, bata kanadarra eta bestea estatubatuarra. Amelia Domínguezek Jonathan D. Amith estatubatuar aditua ezagutzen du, haren ikerketa taldean ari baita lanean. Berak azaldu digu zein lan dituzten esku artean.

8.500 sarrera inguruko hiztegia osatua dute. Gaur arte hiztegi soilak baino ez zituzten, hau da, nahuatl hizkuntzan emandako hitz baten esanahia espainieraz, eta kito. Azken hamabi urteetan egin duten hiztegia askoz osatuagoa da. Sarrera bakoitzak hainbat testuingurutan dituen adiera guztiak jaso dituzte eta hitzokin esaldiak eskaini dituzte. Hiztegia ez dago erabilgarri. Horixe du arantzatxoa Domínguezek, hainbeste urtez lanean aritu eta oraindik ez dagoela hiztunen eskura. Horixe dute helburu nagusia, interneten jartzeko plataforma prestatzen ari dira. Domínguezek garbi du herritarren eskura jarriko ez bada hiztegia, egindako lanak ez duela askorako balio. Gramatika ere ari dira lantzen, baina hiztegiarekin alderatuta oso urrats txikiak eman dituzte. 600 bat bideo-grabazio dituzte. Herritarren jakintza zehatzak bildu dituzte. Esate baterako, zur kontuez asko dakiten herritarrei zurei buruzko azalpenak emateko eskatu diete, eta horrela, zuhaitzen, egurren, eta zuren inguruko hiztegi aberatsa lortu dute. Beraz, materiala daukate hiztegirako eta balio handiko grabazioak gordeta.

Bestetik, inbentarioak egiten ari dira, florari buruzkoa eta hegaztiena. Domínguezek gogoeta egin du. Bizitzeko moduak aldatu dira, natura suntsitzen ari gara, klima aldaketa hor dago. Bizitza bera desagertzen bada, bizitza zatiak izendatzeko hitzak ere desagertzen dira. Hegaztiak eta landareak suntsitu ahala, hiztunaren ahotik lehendabizi, eta oroimenetik ondoren, erortzen dira hitzak. Adibide bat eman du: “Gaur egungo umeak zortziretan edo hamarretan jaikitzen badira, ez dute ezagutuko ihintza, eta hitza ez badute erabiltzen galduko da”. Ez dira oraindik hasi, baina berreskuratze lanetan zomorroak ez dituzte ahaztuta. Domínguezek berak aitor du zomorroak nazkagarri samarrak iruditzen zaizkiola gizarteari eta egia dela gizakiari min egiteko gai direla, baina ezin bazterrean utzi onura asko eman diezaguketela. Maseual herrian ere, herbiziden eta intsektiziden erabileraren ondorioz zomorroak galtzen hasiak dira. Sikiera bizi diren espezieen inbentarioa egin nahiko lukete.

Amelia Domínguez
“Corpusa erabiltzeko inor ez badugu, gu hizkuntzaren erudito bihurtuko gara”

Dani Blanco.

“Lan ona egiten ari gara corpusa osatzen, baina bukatutakoan erabiltzaileak beharko ditugu. Erabiltzaileak ikastetxeetan daude, umeak, eta haien gurasoak. Haiek dira oinarria. Ez baditugu erabiltzaileak izango, gu hizkuntza alorreko jakintsu bilakatuko gara. Esan izan dut antropologoak-eta etortzen direla hona eta ikerketa gai erabiltzen gaituzte nahuatl hiztunok. Halako hitz nola esaten dugun, nola ahoskatzen dugun galdetzen digute, grabatzen gaituzte, eta badoaz. Gure lantaldeak arrisku horixe du, baina Euskal Herrian ulertu dut bestelako erabilgarritasuna eman diezaiokegula gure lanari”.

“Gure lurrak, zorionez, oso aberatsak dira. Zoritxarrez ere bai, zeren agintariak eta enpresak lurrak ustiatzen ari dira. Hidroelektrikak eta meategiak egin nahi dituzte. Lurra ez badugu defendatzen, bidali egingo gaituzte, eta sakabanatu. Ezezagunen lurrera banaramate ez nuke izango norekin hitz egin nahuatlez eta hizkuntza galduko nuke. Lurraren eta hizkuntzaren defentsa eskutik helduta daude”.

 

Álvaro Aguilar
“Zuen kide sentitzen gara”

Dani Blanco.

“Tosepanen ekintza bat hasten dugunean begiratzen dugu ea munduan nork egin duen antzeko esperientziarik eta ea kidetasunik dugun haiekin. Bagenekien Euskal Herrian hizkuntzaren normalizazioan zer lan egin den eta zuen kide sentitzen gara. Frankismoan, adibidez, inposatu nahi zuten hizkuntzaren aurka egin zenuten. Tosepan hainbat zapalkuntza gainetik kentzeko jaio zen, ez zen zapalkuntza espainiarra, baina bai mestizoek eragindako zapalkuntza. Zortzi urte dira Garabide elkartearekin harremana hasi genuela”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nahuatl
Eguneraketa berriak daude