Berripaper serio horietako batek –goiko argazkiko tipo bat sekula publikatuko ez lukeen horietako batek–, artikulu ezin jakingarriagoa kaleratu du, prentsaren zerbitzu publikoa berrestera datorrena: 35 urteetatik aurrera egin beharko ez genituzkeen 23 gauza. Batzuk oso kontuan hartzekoak dira: adibidez, publikoan musuak mingainarekin ematea –eta soinua ateraz, gehituko nuke nik–.
Izan ere, zahartzen ari gara, ezinbestean –eta alternatiba zein den kontuan hartuta, eskerrak–. Eta, hala ere, nerabe izateari utzi nahi ez dioten helduz betetako gizarte batean bizi gara, denok izan nahi dugu betigazte –Gilles Lipovetsky filosofo frantziarraren termino bat izan liteke, baina Hondarribiko Alarde matxistako konpainia baten izena ere bada–. Zutabe honek ere zerbitzu publikorako bokazioa duenez, berripaper serio horietako batek kaleratu duen artikulua osatuko dugu, gehituz 35 urteetatik aurrera egin behar ez diren beste hamar gauza, seguru irakurleak eskertuko dituenak.
1. Kalimotxoa edan. Nahiz Remelluriko erreserba batekin nahastu kokakola. 2. Poesia idazten hasi. Orain arte ez baduzu egin, ze nezesidade? 3. Bustidurak ahoskatu, alegiya. Eta ez jarri euskalkiaren aitzakia, mesedez. 4. Gatibu entzun. Hau ez dago esplikatu beharrik, ezta? 5. Gaztetxeetara joan. Bueltan harridurazko irribarre ezin ederragoen katalogoa eraman nahi ez baduzu, behintzat. 6. Litxarreriak jan. Aspaldi galdu genituen esnezko hortzak, kariesak orain behin betikoak dira. 7. Kirola egin. Ez kirol asko, edo pixka bat, ez: kirola. 8. Are gutxiago kirol jantziekin ibili –etxean ez duzue ispilurik, edo?–. 9. Hamar ordu baino gutxiago lo egin. Zelulak-eta berritzeko, badakizue. 10. Zutabe hauek irakurri. Horiek, nire uste makalean, 35 urteetatik aurrera egin behar ez diren gauzak. Nahiz ondo pentsatuta, aurretik ere ez egitea litzatekeen komenigarriena.
Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]