100 metro Wallapopen

  • Kaixo, Aritz izena dut, eta Wallapop aplikazioaren erabiltzaile nauzue. Tira, ez agian terapia hartu behar izateraino, baina maiz samar erabiltzen dudala aitor dezaket. Adikzio bat baitut: liburuzalea naiz.

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Liburutegiak maite ditut, noski. Liburuak erosteak igotzen dit glukosa, ordea. Egiten dut sarri liburu dendetan –VIP txartela eman zidaten auzokoan–. Badira, aldiz, eskuratzen zail diren liburuak. Eta, zer nahi duzue esatea, sarean zehar aurki daitezkeen atarien erraztasuna alboratuta, nahiago izaten dut Wallapop bezalako aplikazio batek eskaintzen didan aukera, ez esateagatik abentura.
Modu horretan eskuratu baitut ez bat ez bi harribitxi: deskatalogatuta zegoen ale aurkiezinen bat, saltzaile espezializatuek bost aldiz garestiago saltzen zuten edizioren bat, ia berria izan arren dendetako prezioaren laurdenean oparitzen zuten nobedaderen bat. Eta badakit sekretu hau konfesatuta orain denok ero moduan Wallapopen bilatzen hasteko arriskua dagoela. Baina errealista izanik, nori interesatzen zaio negozio klase hau?

Aplikaziotik eskuratu dudan azken liburua izan da Ramon Saizarbitoriaren 100 metro, lehen edizio bat, bi euro ziztrinean. Kontatuko dizuet nola. Kontaktua egin dut saltzailearekin, Jose izen faltsua erabilita. Ez nau harritu trukea egiteko aukeratu duen lekuak, Donostiako Konstituzio plaza. Gehiago orduak, goizeko zortzietan. Hantxe nago, puntual. Halako batean, atzean pauso hots lehorrak. Badaezpada, Aiuntamentua eskuin aldera utziz, Zamudioren terrazarantz zuzentzen ditut pausoak. “Para o te aso, cabrón”. Nire susmoak konfirmatzen dira metro pare bat atzetik tipo bat korrika ikusten dudanean. Orduan, hots berri bat dator soinuen ekilibrioa haustera. Sabelean jasotzen dut espero nuen tiroa. Badakit hilda nagoela. Sei segundo. Denbora eman dit saltzailea ebaluatzeko. Bost izarrekin, noski.

 


Azkenak
Eguneraketa berriak daude