Josteta, plazer eta erotismoaren alde

Paula Estévez

Asko gustatzen zait munduan egoteko haurrek duten modua.

Hasteko, orainean bizi direlako. Unean unekoari erreparatzen diote bakarrik, horretara eramaten baititu denboraren joan-jinaz duten kontzientzia lausoak. Baina modu xumean ikasten ere horrela, gerora hain erraz ahantziko dugun egia borobila: instanteka baizik ez dela bizitza bizitzen ahal. Eta eskuetatik ihes egiten digula denborak, iraganaren minaz edo etorkizunaren esperantzan baizik bizi ez garenean.

Bizitzarekin duten harreman ludikoa ere inbidia emateko modukoa da. Jostatuz egiten dute lan, jolasaren bitartez dutelako mundua topatzen, harekiko harremana eraikitzen, edo bizipenari berez darion ikasketa barneratzen. Jostatuz egiten den bizitza batek baino ez du bizitzeko grina piztu edo bizipoza eragiteko gaitasuna, badakigu. Baina haurrak dira, beren ttipian, hori horrela dela jakinez bizitzeko buruargitasuna duten bakarrak. Bizitzea, gure errealitatea ezagutzea, sortzea eta eraldatzea baino ez dela jakitekoa. Eta ez al da hori, bada, jolastea?

Gero, haurren berezko freskotasuna dago. Autentiko izateko daukaten askatasun eta espontaneitate hori. Konbentzio kultural eta arbitrarioetatik urrun, beren desio eta beharren asetzea ezartzen dute bizitzaren jomuga eta ipar-orratz bakar, zorionekoak. Beren buruaren adiskide on bihurtzearen oparia lortuz horrela, beren esentziari leial bizitzearen altxorra. Natural-natural, kasik oharkabean.

Bai, gustatzen zait haurrek munduan duten kokalekua. Baina noski, benetako haur direnean. Edo, zehazkiago esan dezadan, hala izaten uzten diegunean. Haurtzaroko erregistroen errepresio gisa interpretatzen du gure kulturak heldutasuna, eta lehenbailehen gure antza har dezaten nahi izaten dugu horregatik heldu hantusteok, gu bezain burutsu eta zentzudun bilaka daitezela fite. Inorentzat eredugarri balitz bezala gure heldutasun serioa. Hain gris, zurrun eta karratua.

Bizitzari so egiteko ttipiek duten moduan datza bizitzak haurtzaroan izan ohi duen magiaren misterioa. Lehen aldi guziek duten emozio eta intentsitatearekin bizi dute munduarekiko enkontru bakoitza, eta guzietan dute, noski, harridura eta lilura sentitzen. Errealitatea beti begi berriekin arakatzeko trebezia horrexek du bizitza miragarri eta poetiko bilakarazten, ongi begiratzen jakinez gero, beti delako desberdina eta berria inguratzen gaituen guziaren ñabardura. Behin ere ez da bizitza estatikoa, sekula ez aspergarria.

Eta gorputzean bizi dira. Emozio eta sentsazioen tenplu sakratuan dute bizitokia, gure plazer ororen iturburu eta kokaleku den horretan, andere eta jabe. Gorputzaren bitartez erlazionatzen dira, eta sentsorialitatearen erreinuan dena denez sentsualitate, gozamen eta jakin-min, azaletik beretik dario erotismoa haurren bizitzari, borborka, dotore, lotsagabe. Begi, irri, mihi, fereka, hots, azal eta mugimenduen hizkuntzan mintzatzen dira, zehatz eta zuzen. Harik eta aginte-makila arrazoiaren esku erorita, hitzen bidezko komunikazioaren monopolioa inposatua izanen zaien arte.

Hitzez adierazi ahal balitz bezala sua eragiten duen begirada baten txinparta, izara azpiko iraultza ttipiek erraietan sortzen duten lurrikara, zure existentziaren koordenada guziak kolokan jartzen dituen kilimaren dardara, edo amorantearen lepotik sabelpera musuka igaro bideetan aurkitu dituzun zaporeen gazi-gozoa. Lagun berri batekiko lehen jolasen zirrara.


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude