Bermeora, Zumaiara eta Leitzara etorritako bisitariei galdetu zaie ea zer iritzi duten euskararen inguruan, eta bisitarien %95ak erantzun du ez duela inolako arazorik izan euskararekin. Askok estimatu dute tokiko hizkuntza ezagutzeko aukera eta batzuek esan dute herri horietara joateko arrazoietako bat dela euskara. Aldiz, gurean, Game of thrones-en sukarrak eraginda, turismo eragileak euskara ezkutatu nahian dabiltza. UEMAk bideratu ditu hiru inkestak hiru herrietan eta Miren Segurolari egin diogu elkarrizketa.
Bisitariei galdetu zaie ea euskara eragozpen izan al den. Horrelako galderak egin beharra ere... Euskara erakusteko beldurrez gabiltza eta horrelako inkesta baten beharra genuen lasaitzeko?
Guri udaletatik kezka iristen hasi zitzaigun bereziki Game of thrones [Zumaian eta Bermeon grabatuak] 8 apellidos vascos [Leitza agertzen da] filmak egin eta gero. Udalak kezkatuta zeuden, zeren filmen ondorioz bereziki ostalariak eta merkatariak euskara gordetzeko ahaleginean ari ziren. Hasi ziren esaten neurtu beharko genukeela herri horietan turismoak zein eragin linguistiko zuen.
Gure pertzepzioa beti izan da hona datozenek euskararekiko ezer txarrik ez daukatela, areago, modu positiboan hartu daitekeen kontua da hizkuntza. Guretzat pertzepzioen froga moduko bat izan dira inkestok. Turismo eragileekin egitea aurreikusten dugun lanketarako argudio sorta bat daukagu orain esku artean. Izan ere, inkestak bete dituztenen %95ak esan du ondo hartzen duela hizkuntza.
Esan duzu hiru udalerri horietako udalek antzeman zutela herrian hizkuntza erabilera aldatzen hasiak zirela?
Bereziki ostalaritzan. Menuak gaztelaniaz eta ingelesez jartzen hasi ziren, eta euskara baztertzen. Merkataritzan euskararen aldeko kanpainak aspalditik egin dira, eta neurri batean horraino gaindituta zegoela ere uste zen. Eta orain datorren jendeagatik atzera egiten ari gara? Udalak kezkatuta zeuden.
Nor izan duzue buruan inkestak egiterakoan?
Xede talde bat turismo sustatzaileak izan dira. Gaur egun sustatzen den turismoak ez du inondik inora hizkuntza aintzat hartzen, eta guk uste dugu hizkuntza aintzat hartuta turismo mota bat sustatu daitekeela, gure herrientzat jasangarria izan daitekeena.
Bigarren xede taldea turismo eragileak dira, hau da, ostalaritza eta merkataritza.
Dena dela, modu integralean egin behar da lan. Hau da, udalak saldu dezake herria euskarari lotua, baina turismoa sustatzeaz arduratzen den eskualdeko garapen agentziak bere ekimen turistikoetan euskara baztertu badu edo ostalariak eta merkatariek euskara ezkutatzen badute, udalaren asmoek ez dute arrakastarik izango. Eskualdeko kontuekin ari naiz, baina Eusko Jaurlaritzak hemengo turismoa sustatzen du nazioartean. Hark ere beretik egin beharko du, orain behintzat ez dio gure ildoari jarraitzen. Guk ere badugu lana, udalak konbentzitu behar ditugu, eta agian, herritarrentzat ere sentsibilizazio kanpainak prestatu behar ditugu.
Azken finean, turismo eredua goitik behera zalantzan jartzen da. Gure eredua baliabide naturaletan eta gastronomian oinarritzen da. Hortik kanpora ez dago ezer. Turismoko lobbyei azaldu behar zaie hizkuntzan eta euskal kulturan oinarritutako turismoa bultzatzea beharrezkoa dela. Orain inork ez du jorratzen bide hori, eta ez diogu orain arteko altxorrak erakutsi behar ez direnik.
"Euskarak duen erakargarritasunagatik Txinan oraintxe atera dute auto bat 'marrazo' izenekoa. Txinatarrak guri 'marrazoa' hitza harrapatzen eta gu haiei Exhibition Centre esaka"
Miren, zuk esana da: “Turismo sektorean euskara nabarmentzeko erabaki ausartak behar ditugu, gaur egun egiten ari denaren kontrako norabidean”. Kontrako norabidean ari gara, alegia.
Basque Culinary Center, Bilbao Exhibition Centre, Bermeo Tuna World… Kontrako norabidea ari gara saltzen. Euskarak duen erakargarritasunagatik Txinan oraintxe atera dute auto bat “marrazo” izenekoa. Txinatarrak guri “marrazoa” hitza harrapatzen eta gu haiei Exhibition Centre esaka. Kontrakoa egin behar dugu: erakutsi, badaukagulako zer erakutsi, Europako hizkuntza zaharrena da, aberatsa da, eta hainbat herritan oso bizirik dago. Erakunde publikoak horrela ari direnean, herriko ostalariari ezin diozu esan: “Hi, jar ezak menua euskaraz!”. Behekoan eragiteko goikoak ere norabide berean joan behar du. Turismoaren lobbyak eta erakunde publikoak kontrako norabidean doaz.
Udalerri mailara etorrita, gure herrietan turismoa garapen agentzietatik bideratzen eta sustatzen ari da. Turismo teknikariekin-eta harremanetan hasi gara orain eta ez zituzten sekula lotu turismoa eta hizkuntza. Ez dute horretaz pentsatu ere egin. Haiek jendea daukagunera nola erakarri pentsatzen ari dira: Loiolako monasteriora, San Inazioren ibilbidea, eta Xoxotetik buelta bat. Eta hori nola komunikatu? Ingelesez, gaztelaniaz… Ez zaie bururatzen turismoak euskararekin erlazioa izan dezakeenik ere. Kantabrian turismoa sustatzen ariko balira bezala ari dira, irizpide berdinekin.
Zeren beldur da euskara ezkutatzera jotzen duena?
Turismoa sustatzen ari denak uste du ez dela beharrezkoa, eta areago, euskara erakutsiz gero turismoaren bidez bilatzen den etekin ekonomikoa jaitsiko litzatekeela. Aldiz, ostalarien eta merkatarien artean oraindik badago euskararekiko sentsibilitaterik ez daukana. Sinesmen oker baten ondorioz uste dute praktikoagoa dela ingelesez eta gaztelaniaz jardutea. Eta jakina, horiek ere pentsatzen dute, euskarari lehentasuna emanda eta guk planteatzen ditugun irizpideak erabilita, turismoak ekartzen dien etekin ekonomikoaren zati bat galdu dezaketela.
"Zumaiako, Bermeoko eta Leitzako udalak kezkatuta zeuden, zeren 'Game of thrones' eta '8 apellidos vascos' filmen ondorioz, bereziki ostalariak eta merkatariak euskara gordetzeko ahaleginean ari ziren"
Baina emaitzek diotenez, oso jende gutxi sentitu da deseroso euskara inguruan izanda. Gainera batzuek estimatu dute bertako hizkuntza agerian egotea eta batzuentzat herri horietara joateko arrazoietako bat izan da euskara.
Euskaldunok badugu beste kulturekiko enpatia. Italiara bagoaz hango esentzia jaso nahi dugu, ez gara ibiliko auzo txinatarretik atera gabe. Logika osoa du. Beste kontu bat. Bizkaia aldetik jende dezente joaten da Leitzara. Zertara? Gurasoak haurrekin joaten dira. Umeak ikastolan dituzte, baina sarri giro erdaldunean bizi dira eta gune euskaldunen bila ibiltzen dira. Bilbotik Lekeitiora joaten dira arrazoi berberengatik. Turismo mota hori ere badago, herri euskaldunen bila dabiltza.
Gure hizkuntza erakusteak dituen onurak baliatzetik urrun gabiltza orduan?
Euskara ezkutatzen dugu eta ohiko turismoa sustatu. Badira jarduera ekonomiko berriak izan daitezkeen eta jorratu ez diren aukerak, euskal kulturan oinarritutakoak: bertsolaritza, kazetaritza, literatura… Herri bakoitzean ditugu idazleak, bertsolariak... Oso ekimen zehatzak landu dira orain arte, Leitzan Iñaki Perurenak daukan museoa adibidez, harria gaitzat hartuta. Baina ekimen pribatuak dira. Erakunde publikoetatik inork ez die heldu antzeko ildoei. Zeinek aztertuko ditu ildo berri horiek? Zeinek lagunduko ditu? Betiko pintxoak eta toldoak ondo daude, baina beste zerbait eskaini dezakegu.
Euskararekiko jarrera desberdina da haien jaioterrian bi hizkuntza ofizial dituztenen eta hizkuntza bakarra dutenen artean.
Inkestan egindako galdera horiek giltza dira, zeren turismoari begira beti egiten diren galderak dira EAEtik, Nafarroatik, Espainiatik, Frantziatik… zenbat datozen. Inoiz ez da galdetzen herrialde katalanetatik, herrialde valentziarretik, Galiziatik zenbat datozen. Datu hori hizkuntzarekiko jarrera batzuk ulertzeko ezinbestekoa da. Datozenak hizkuntza gutxiagotu bateko komunitatekoak badira haien jarrera askoz enpatikoagoa da gure egoerarekin, gure kulturarekin… Horregatik, oso garrantzitsua da guk non sustatzen dugun turismoa. Ez da kasualitatea Katalunian turismoa sustatzea Eskoziak. Eskoziak hala erabaki du. Euskal Herriak ez du hizkuntza gutxituak dituzten beste komunitateetan berariaz turismoa sustatzen. Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztuta daukagu Airbnb moduko plan bat, hizkuntza gutxituetako komunitateen artean egitekoa. Guk nahi dugun turismoa erakarri behar dugu.
Deserosotasunaren arrazoiak bilatzen hasita, inkestak berak dio ez dirudiela arazoa hizkuntza ez jakitea denik, baizik eta arrazoi ideologikoak edo ohiturazkoak.
Askotan joaten gara beste tokietara aztarrenik ere ez dakigula hango hizkuntzen berri, eta hara joanda inor ez da kexatzen. Arrazoiak ideologikoak dira, bai. Kexak, ia erabat, Espainiakoenak izan dira, hizkuntza ofiziala bakarra dutenenak. Espainiar estatutik kanpokorik apenas kexatu den.
Leitzara doazenek euskara eta euskal kultura espero dute eta Zumaiara doazenek ez. Flischa eta Game of thrones saldu zaizkielako? Zertara datozen lotuta dago guk zer eskaini diegun?
Leitzako emaitzak hobeak dira. Leitzan nabarmena da 8 apellidos vascos fenomenoa. Pelikulan Leitza gune euskaldun, jator, abertzalea da. Jendeak jakin nahi du nolakoak diren egiaz filmeko “mendiko euskaldunak”. Aldiz, Bermeok eta Zumaiak Game of thrones-en erakargarritasuna daukate. Zer saltzen den, jendea horren bila dator.
Udazkenean, euskarari eta turismoari buruzko jardunaldiak egingo dituzue. Zein asmo duzue?
Hain isilean dagoen gaia mahai gainean jartzea nahi dugu. Besteak beste, hizkuntza oinarri hartuta lanean ari diren beste herrialde batzuetako adibideak jaso nahi ditugu.Turismoak hizkuntzan duen eragina azaleratu nahi dugu.
Sektorean eragin nahi dugu eta udalerri euskaldunetako turismo jasangarriaren inguruan hausnartu. Guk ez badugu pausoa ematen hausnarketa egiteko, beste inork ez du egingo.
Gure herrietan turismoak gora egin duela entzuteak pozten gaitu, baina pentsatu al dugu horrek zein eragin duen guregan? Gure hizkuntzan, gure kulturan? Berriz ere albistea emango dute, hotelak beteta daudela, ados, baina herri bezala beste zerbait ere begiratu beharko dugu. Ez gara ari esaten turismoa ez dela sustatu behar, baina susta dezagun beste era bateko turismoa, turismo jasangarria, zentzu askotan.
Asteleheneko bileran helarazi zioten asmo hori enpresa batzordeari, eta irailaren 9rako deitu dute hurrengo bilera. Fabrikak 151 behargin ditu gaur egun, baina ez dute zehaztu zenbat kaleratuko lituzketen.
Emakumeak dantzara atera eta gizonezko dantzariek oztopatu egin dituzte, bultza egin diete eta haien dantza eragozten saiatu dira. Beste batzuetan musikariak geldiarazi dituzte eta ikusleetako batzuk bizkarra eman diete emakume dantzariei. Ez da Baztan, ez Hondarribia edo Irun;... [+]
"Bailara eraldatzeko ezinbesteko tresnatzat" hartzen dute Gaztetxea, eta elkartasuna adierazi diete "borrokan dauden beste Gaztetxe guztiei".
Hondarribiko udal gobernuaren “ausardia faltaz”, kontsentsua bilatzearen tranpaz eta “gatazkaren espiritua berpiztu” nahi duen alarde tradizionalaren aldeko elkarteaz mintzatu zaigu Uxoa Anduaga, Jaizkibel konpainia berdinzaleko kidea. “Ez dira... [+]
Donostiako epaitegi batek aurretik emandako epaia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. ELAk eta LABek mobilizazioa antolatu dute ostiralerako, eta Euskalgintzaren Kontseiluak bat egin du.
Horixe da datorren irailaren 10ean Frantziako Estatua hankaz gora jarriko duen deialdi herritar berriaren lema. Sarean gaia lantzen ari diren gune asko daude, baina bi interesgarrienak aipatzearren, hor daude, besteak beste, @lessoulevements edota @bloquonstout atariak.
Izan... [+]
Sena ibaitik metro eskasera egon arren, ez dago Mundolingua museoa aipatzen duen turismo gidarik. Kasualitateak baino ez gaitu eraman horra. Nolanahi, horrela aurkitzen dira, maiz, hiri baten sekretu gordeenak.
50 urte dira Francoren diktadura garaiko azken bost fusilamenduetatik. Jon Paredes, Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak, eta Sánchez Bravo, Humberto Baena eta Ramón García Sanz FRAPekoak. Txikiren abokatuetakoa izan zen Magda Oranich, mende erdia eta gero... [+]
UPNk salatu du Nafarroan eskuin muturreko taldeen eta Poliziaren indarkeria aztertzen duen batzordeak ia edonor hartzen duela biktima gisa. María Chivite lehendakariak erantzun dio Poliziak egindako abusuen salaketak asko izan direla eta denboran hainbat garaitan... [+]
Uztailean Keir Starmerren gobernuak erakunde "terrorista" gisa izendatu zuenetik, Palestine Action taldearen aldeko mezuak erakusteagatik ehunka lagun atxilotu dituzte. Larunbatean manifestazioa antolatu dute Londresen eta beste mila pertsonatik gora atxilotzeko... [+]
Zinemagile iruindarrak, ibilbide labur baina baliotsua egin zuen zinemagintzan 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, zuzendari lanetan emakumerik apenas zebilenean. Irrintzi lanarekin garai hartako errepresioa islatu nahi izan zuen, eta Ikuska proiektuan euskal emakumeak erretratatu... [+]
Irailaren 9an eta 12an egingo dituzte udako eskolak. Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintzaren Laborategiak hizlari potenteak gonbidatu ditu, besteak beste, Iñaki Iurrebaso, Olatz Altuna, Jon Sarasua, Idurre Eskisabel, Josu Aztiria, Iñigo Urrutia eta Miren Zabaleta... [+]
Sara Fantova zinemagile bilbotarraren Jone, batzuetan filma zinema aretoetara helduko da irailaren 12an. Pelikula komunitarioa sortu du Kaskagorri eta Kranba konpartsekin, Bilboko Aste Nagusian girotuta baitago amodioa, jaia, gaixotasuna eta zaintza ardatz dituen istorioa.
Usaiako "süjetik" gabea, esku andana batek idatzia, errejent multzo batek zuzendua, gertakizun askoren kontari, gisa guzietara kolektiboa da.
Greban dira Benito Menni egoitzako langileak joan den abuztuaren 25etik, irailaren 8ra bitarte. Hermanas Hospitalarias enpresak agindutako kaleratzeen eta unitate itxieren aitzinean, Nafarroako Gobernuak ez duela arduratsuki jokatzen ari salatu dute.