Zapalduaren pedagogia

Antton Olariaga

Azkenaldi honetan kezkatuta nabil, gure arazo nazionalari buruz euskal ikastetxeetan eskaintzen den ikuspegia zein ote den. Kontatu didaten zenbait gertakariren arabera, horra ere iritsi omen da gure artean nagusitzen ari den epelkeria ideologikoa, eta nire ustez bederen oso kezkatzekoa da. Badakit ohikoak direla “Euskal Herria ez da herri menderatua” edo “hemen, Espainian” bezalako baieztapenak, baina irakasleon ahotik ere horrelakoak entzutea, urrats arriskutsua iruditzen zait gure haurrak asimilatzeko prozesuan, jakintza eta egiaren ordezkariak garelako ikasleen begietara.

Ikastea gure inguruko errealitatea ezagutu eta ulertzeari esaten baldin badiogu, irudikatzen ahal den ekintzarik politikoena da heziketarena. Izan ere, haurrek deskubritu ahal izan dezaten helduoi dagokigu lehenago mundu hori ezagutzera ematea. Eta munduaren zein zati erakutsiko dugun erabakitzea hautu erabat politikoa delako, noski. Bizitzaren arlo gehienetan bezala, heziketan ere ez dago kokaleku neutrorik.

Paulo Freirek esan zuen nork bere errealitatearen irakurketa eta interpretazio egokia egiten ikastea dela haurren benetako alfabetizazioaren muina. Eta Zapalduaren pedagogia liburu ezaguna idatzi zuen, ongi zekielako zapalkuntzaren biktimok garela gure errealitatea ongi ezagutzeko eta eraldatzeko behar handiena dugunak, askapena bera dugulako jokoan.

Ez da posible heziketa neutroa izatea. Inon, inoiz eta inorentzat. Baina zapalkuntza egoeretan da bereziki arriskutsua hori horrela dela ez jakitea eta jarrera ekidistantea izaten ahal dugula pentsatzea, oinarrizko eskubideak urratuak direnean oso handia delako hezitzaile gisa hartzen dugun jarreraren inplikazioa. Horixe da euskal irakasleon kasua, gure herria menderatua delako, eta autodeterminazio-eskubide funtsezkoa urraturik edukita, egiturazkoa delako pairatzen dugun zapalkuntza.

Euskal haur eta gazteak okupaziopeko errealitatean bizi dira, sahararrak edo palestinarrak bezala. Zapalkuntza hori izendatzea eta salatzea, edo kamuflatzea eta naturalizatzea, irakasle bakoitzak hartu beharreko erabakia da, baina biak ala biak dira hautu politikoak, inor ez dadila ustezko neutralitatearen babesean ezkuta.

Ematen du sinetsi egin ditugula askatasuna norbanakoaren esku dagoela edo demokrazian bizi garela bezalako ziriak, ikusezin bihurtu baita bat-batean menderakuntza. Orain, gugandik urrun diren errealitateak izendatzeko baino ez omen da jada inperialismo hitza gure ikasgeletan erabiltzen; diferenteen arteko elkarbizitza bezala interpretatzen da okupazioa, eta kultur-aniztasunaren baloretzat saltzen zaigu kolonizazio beti monokromatikoa.

Jakin dezala euskal heziketak ezin diola bere herriaren arazo politikoari ezikusia egin. Bere definitzaileak euskara eta euskal kultura baizik ez direla adieraztea komeni zaiolakoan zapalkuntzaren arazoa ikasgeletatik erauztea ez da batere erabaki zuzena. Okerra da, ezkutatu nahi den zapalkuntza horren beharra duelako hizkuntzaren normalizazioak. Inozoa, espainolek eta frantsesek hemen duten hegemoniaren jatorri politikoa ez azaltzea gure errealitate gordina naturalizatzea delako.

Baina, denaren gainetik, injustua da: zapaltzaileen erruduntasuna eta ardura zurituta, ikasleak izendatzen dituelako euskararen alde egin beharko luketen hautuaren erantzule bakar. Harritu egingo gara gero gaztetxoen hizkuntza-ohiturak eta nazio-atxikimendua guk aurreikusi bezalakoak ez direla jakitean. Hara, zerk huts egin ote du?


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude